Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Balantzin lubrifikatua

2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Heldu den maiatzaren 24an Hego Euskal Herriko udal eta aldundietarako ordezkariak hautatuko baditugu ere, guztien artean bada arreta berezia eskatuko duen emaitza bat: Nafarroa Garaiko Parlamenturakoa. Emaitza horrek saski berean eramanen du, ziur aski, Iruñeko alkatetza. Eta arreta berezia eskatzen duen emaitza da, zenbaitek estrategia politiko jakinetan sakondu edo berauek birpentsatzeko baliatuko dituztelako.

Gainontzeko herrialdeetan gauza aunitz argitzeko badagoela ezin uka daiteke.

Araba eta Gasteizko lehia hiruren artekoa omen da. Eskuineko bi alderdi, PP eta EAJ, eta ezkerreko bat, EH Bildu, lehen indar bilakatzeko aukerak omen dauzkate. Ahantzita dago PSOE herrialde honetan ezkerreko lidergoa zuen garaia.

Gipuzkoan badirudi alde nabarmena atera beharko diola EHBilduk EAJri honek Aldundia lortzeko PP eta PSNrekin akordioa egin ez dezan. EH Bilduri kudeatzen uztea ez omen zaio oso errentagarri izan jeltzaleei eta, ahal bezain laster, boteretik atera nahi dituzte ezker abertzalekoak, bozkatuenak badira ere. Jolas politikoaren aukerak dira. Donostian, bertzalde, arras interesgarria dago lehia. Izagirrek ohiko ezkerreko boz abertzaleetatik haratago erakartzen ote duen ikusi ahal izanen dugu.

Bizkaian zalantza gutxi. EAJren nagusitasuna ez dirudi kolokan dagoenik. Bilbon ikusteke dago Azkunaren gehiengo absolutuari eutsiko dion Aburtok.

Oro har, Podemos Ahal Duguren eskaintzak batzuei eta bertzeei nola eragiten dien dago ikusteke. Baita hautagaitza horrek ohiko abstentzionistengan ukan dezakeen gaitasun mobilizatzailea. Ez dirudi, ordea, Ciudadanos bezalako eskaintza berriak koxka berezirik lortuko duenik mendebaldeko lurraldeetan; Nafarroa Garaian eserlekuren bat ematen diotela ezin dugu ahaztu, ez baita horren zaila olatu mediatikoaren gailurrean dagoen edonorentzat bozen %3 gainditzea.

Gatozen, bada, artikulu hau ilustratzen duen irudiaren harira.

Nafarroa Garaiko balantzina adierazgarria da oso. Eskuinean azken 100 urteotako erregimenaren sostengatzaileak (garai, abagune historiko, adostasunak eta koalizioak tarteko). Ezkerrean Erregimena kendu nahi dutela adierazten dutenak.

Erpinetan EH Bildu eta UPN. Erregionalistak dira indar handienaz, konbentzimendu sakonenez eta boto gehienez Erregimenari eutsi nahi diotenak, eta ezkerreko abertzaleak dira argien adierazi dutenak balantzinaren bertze aldean daudenekin ez dutela inolako akordiorik eginen.

Balantzinaren ezker aldean daudenen artean, Podemos-ek ere argi eta garbi erran du eskuin aldeko lau indar horiekin ez duela akordiorik eginen. Izquierda-Ezkerrak eta, bereziki, Geroa Baik ez dute itxi PSOErekin elkar ulertzeko atea.

Hortaz, argi dagoena da erpinean daudenen aldeko bozak direla Erregimenak iraun dezan (UPN) ala Erregimena eraisteko (EH Bildu), bozik sendoenak; indar grabitatoriorik handiena dutenak berez, eta boz kopuru handienak lortuko dituztenak ziur aski ere bai.

UPN, berriro ere, indar bozkatuena izanen dela ez dugu kolokan jarriko, baina demagun, une batez, ezker aldean kokatu ditugun indar politikoek 26 eserleku lortzen dituztela maiatzaren 24an. Logikoena eta garbiena da haien artean boz gehien eskuratu dituenak lehendakaritza har dezala eta lubrifikazio handiz koalizio gobernu bati ekin diezaiola.

Ildo horretatik, kanpaina hasiera honetan gauza bat argi eta garbi azpimarratu beharra dago: ez dirudi oso lubrifikante egokia denik erratea pertsona jakin bat «presidenta» izatea dela «aldaketarako aukera bakarra».

EH Bildu eta, bereziki, bere lehendakarigai Adolfo Araiz, ordea, eztitasun osoz eta kotoien artean tratatzen ari da ezinbertzean bidelagun izan beharko dituen indarrekiko harremana. Joan den larunbatean, Anaitasunako ekitaldi nagusian, esaldi bakarra bota zuen, errespetu osoz, Geroa Bairi zuzenduta: «Aski da pertsonalismoekin».

Egia erran, UPNko lehendakarigai Esparzarekin izandako eztabaidan lasai, errespetuz eta, zenbaiten ustez, bigunegi ere aritu zen Araiz. Baina EH Bilduren hautagaiarentzat, eztabaidaren onura, kasu horretan, gehiago zegoen nolakotasunetan edukietan baino. Araizen aurka mugiarazi nahi zituen Esparzak bereak eta horretarako ezker abertzaleko politikariaren estereotiporik garratzena agerrarazi behar zuen. Telebista da jarrera krispatuen salataririk gordinena eta politiko lasaiaren lagunik handiena. Ez dirudi Esparzak lortu zuenik bere bozemaile ohiek deabrua ikustea Araizen aurpegian. Jende aunitzek, ordea, Esparza krispatu eta errespeturik gabea ikusi zuten.

Genioen bezala, lubrifikantea behar da balantzinaren ezker aldean. Tonaka lubrifikante eta eskuzabaltasun partidario handia. Horretan, gaur-gaurkoz, ukaezina da Adolfo Araizek eta EH Bilduk abantaila ederra hartu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.