Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Bakardadea elkarrekin pentsatzen

2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Azkenaldian, bakardadearen inguruko ikerketa soziologiko asko egin dira. Gero eta gehiago. Historikoki, hala ere, bakardadearen kontua nahiko berria dugu: XVIII. mendera arte ez dago gai horren inguruko literaturarik. Aurreko gizarte erlijioso eta teozentrikoek ez zuten bakardadeaz hitz egiten, gizakia ez zegoelako sekula bakarrik: Jainkoaren konpainian zegoen. Baina Jainkoaren heriotzak, Nietzschek iragarri bezala, bakardadeari dentsitate moderno berri bat eman zion; kezka existentzial berri bat piztu zuen.

Arazo bilakatu zaigu, geroztik, bakardadea? Politikoki baietz esango nuke. Erresuma Batuko Gobernuak, adibidez, Bakardadearen Ministerioa sortu zuen 2018an. Horrela lagundu nahiditu herrialde horretan bakarrik bizi direnak; gero eta gehiago. Suediako Estatuak, modu berean, detektibe agentzia bat dauka etxean bakarrik hildako pertsonen senideak edo lagunak topatzeko. Oinordekorik aurkitu ezean, ez dute jakiten haien gauzekin zer egin eta zakarrontzira botatzen dituzte. Japonian izen bat jarri diete, jada, etxean bakarrik hildako adinekoei: kodokushi-ak. Ez ditu inork faltan hartzen eta deskonposizio prozesuan topatzen dituzte haien gorpuak, hil zirenetik asteak pasa ondoren. Beste aldaera bat ere badu kontuak: adineko askok, antza, nahiago dute espetxera joan etxean bakarrik bizi baino. Delitua egin eta euren burua harrapatzen uzten dute! Kartzelan, behintzat, norbaiten konpainian egongo dira eta bizi duten pobrezia ekonomikoa ere saihestuko dute: janaria eta argindarraren faktura ordainduta izango dituzte. Horrelako bakardade egoerak, dudarik gabe, drama politikoak dira, zaintza negozio huts bilakatzeko zorian dagoen gizarte honetan.

Nola ulertu, dena den, bakardadea egungo hiperkonexio digitala kontuan hartuta? Hori ere bakardade modernoari aurre egiteko beste bide bat da beharbada? Ez zait iruditzen auzi erraza. Hala ere, gaia arakatzeko beste bide posible bat bururatzen zait: bakardadea, agian, modu baikorragoan ulertzea. Kontuan har dezagun, psikologikoki, adibidez, bakarrik egoteko beharra. Blaise Pascal filosofoaren ustez, gela batean bakarrik eta eserita egoteko gai ez izateak eragiten ditu gizakiaren zoritxar guztiak...

Demagun, gainera, bakardadeaz gain besteen presentziak ere egonezina sorrarazten digula. Hala jorratzen du gaia Vicente Palomera psikoanalistak, isolamenduaren eta bakardade osasuntsu baten arteko bereizketa zurruna eginez. Kontua ez da, psikologikoki behintzat, bakardadea ekiditea, isolamendua baizik. Izan ere, bakardadea eraiki beharreko zerbait da: ez dago bizitzaren hasieratik emanda. Bakarrik egoten ikasi egin behar da eta, are gehiago, bakarrik egoten jakitea heldutasunaren seinale dugu. Horrela aztertzen dute gaia Melani Klein edo Winnicott psikoanalistek: umearen lorpen handia da amarekin, aitarekin (edo beste norbaitekin) gela edo espazio berean egonda, haien arreta etengabea eskatu gabe egotea. Tarteka, bestearen presentziak eragindako gehiegizko estimulua baretzea da kontua. Bestearekin baina, une batzuetan, besteaz ahaztuta. Horrela garatzen dute umeek norbaitekin zein bakarrik egoteko ahalmena: horra hor konpainian eraikitako bakardade osasuntsua, banatzeko eta elkartzeko zubiekin eraikia. Ez dauka bestearen erabateko arretaren sentsaziorik, ez dauka defendatzeko eta isolatzeko beharrik.

Izan ere, badirudi, zentzu horretan, isolamendua bakardadea ekiditeko estrategia bat dela. Bestearen gehiegizko presentzia jasangaitza egiten zaigunean isolatu egiten gara. Orduan hormak eraikitzen ditugu. Ez al da egungo mundua harresien, hormen mundu bat? Adreiluzko hormak, horma psikologikoak edo horma digitalak izan: isolatzeko modu asko egon daitezke. Gure gailuekin, gure substantzia toxikoekin, gure bakarrizketekin isolatu gaitezke. Eta horrek esan nahi du, agian, aipatutako bakardade baketsu hori ez dugula oraindik eskuratu... Beraz, egun, zer nagusitzen da, bakardadea edo isolamendua? Isolamenduak bestea ukatzen du, defentsa moduan; bakardadeak, berriz, ez du bestea zertan ukatu.

Marguerite Duras idazlearen ustez, adibidez, irakurtzeko eta idazteko ezinbestekoa zaigu bakardade osasuntsu bat lantzea, kanpoko gehiegizko estimuluetatik aldenduta. Horixe da berarentzat bakartien komunitate irekia bideratzeko moduetariko bat. Beraz, letra hauek irakurtzen edo idazten ari garenean bakarrik eta elkarrekin gaude, aldi berean. Ez al dira biak bateragarriak? Ez al dira biak desiragarriak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.