Ana Malagon.

Baiezkoen iruzurra

2025eko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Duela hilabete batzuk jaso nuen deia. Ez dakit zergatik hartu nuen, normalean ez baitut halakorik egiten. Telefonoak spam-a diren zenbakiak atzemateko gaitasuna du baina orduan ez zuen ezer iragarri. Astearte buruzuri batean, gaueko hamarrak aldera eta zenbaki ezkutu batetik, nori okurritzen zaio halako dei bat hartzea? Niri. Espainiako hegoaldeko azentua zuen gizon bat oso serio eta apur bat solemneki hitz egiten hasi zitzaidan. Bizilagunen komunitateko arduraduna omen zen eta kexak heldu zirela esan zidan. Antza denez, nire bizilagunak nazkaturik omen zeuden nire etxetik ateratzen ziren oihuengatik. «Lotsa ematen dit hau esateak baina… sexu orroak dira». Ez dut ez onartuko, ez ukatuko, asuntoaren ezinezkotasunak barrea eragin zidanik. Ez zela posible esan nion gizonari. «Ezinezkoa da?», galdetu zidan, eta, nik ezinezkotasuna baieztatu bezain pronto, agur esan gabe eta bat-batean amaitu zuen deia.

Hilabeteak igaro dira eta oraindik ez dakit zer izan zen dei hura. Bizi naizen komunitateko arduradunaren deia, nahiko ziur nago ezetz. Beharbada nahastu egin zela pentsatu nuen bere momentuan. Baina ez zuen nor nintzen ere galdetu. Ez genuen ez berak, ez nik, inolako identifikaziorik trukatu. Nora deitzen ari zen ez zekiela iruditu zitzaidan. Horrek eta ezkutuko zenbakiak, txantxa bat izan zitekeela pentsatzera eraman ninduen. Nik neuk haurtzaroko hainbat igande arratsaldetako krimenak ditut oraindik erantzuteko. Perbertsio bat ote zen? Jolas erotiko baten hasiera baldarra? Bestelako aukera bat gelditu zitzaidan buruan ordea, telefonoz gero eta gehiago egiten diren iruzurretako bat izatea. Beharbada nigandik informazioa jaso nahi zuten. Ala baiezko sinple bat. Ezinezkoari eman nion baietz hori.

Aurreko astean telebistan ikusitako berri batek jarri ninduen teoria horren bidetik. Baiezkoaren iruzurra deituriko praktika bati buruz hitz egiten zuen, non iruzurgileak «bai» esatera behartuko zaituen bide batetik eramaten baitu elkarrizketa. Deiari «bai?» batekin erantzunez gero, batzuetan ez da elkarrizketarik behar izaten ere. Berdin du zertarako den, garrantzitsuena beste aldeko «bai» hori grabatzea da, zure izenean zerbitzuak kontratatzerakoan erabili ahal izateko, gainontzeko datu pertsonalak lortuz gero. Zorionez, ez dirudi nire kasua izan zenik.

Bizikidetzarako beharrezkoak direnak alde batera uzten baditugu, eta batzuetan hauek ere, fenomeno konplikatuak dira baiezkoak. Sekulako korapilotan sar zaitzake hain laburra den hitz batek. Erromantikoenek esaten dutenez, ez da ezetz esan izanak eragindakoa baino damu handiagorik, baina ziurrenik gogoratuko dituzu damu itzela eragin dizuten hainbat baiezko. Arrastaka daramatzazun egun batean hartu zenituen konpromiso haiek. Ezetz ez esateagatik. Ez huts egiteagatik. Zugandik espero zena egiteagatik. Ezetz esatea askoz errazagoa dirudi norberak ez badio bere buruari garrantzi handirik ematen. Orduan konturatzen zara zure ezetzak ez duela inolako hondamendirik eragiteko gaitasunik. Kaltea nahiko mugatua dela. Hasierako «ze pena»-k eta insistentziak pasata beste bati enkalomatuko diote dena delakoa. Zurekin ahaztu. Norberaren hutsaltasun eta ezinbestekotasun falta onartzean askoz ere hobeto bizi daiteke. Gainera, jendeak ezetz goiztiar baten zintzotasuna eskertu egiten duela ikusi dut. Gure baietzak izan daitezkeelako bai baina azken orduan ezin, bai baina atakatik ateratzeko soilik, bai baina… ez. Gure baietzak ere izan daitezke nolabaiteko iruzur.

Bizikidetzarako beharrezkoak, derrigortutakoak, konturatu gabekoak, benetan desiratutakoak eta inoiz egingo (eta errepikatuko) ez nituzkeen gauzen baiezkoen kupo mugatu bat mantentzen saiatzen naiz. Ia beste guztia, ezezkoa da. Eta gehienetan, ezinezkoa.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.