Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Azueloko sindromea (UPNtik Geroa Baira)

2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Orrialde hauetan eta bertze hainbat komunikabidetan adierazia dugu, aspaldi, ezinbertzekoa zitzaiola Nafarroa Garaiko abertzaletasunari zentro-eskuineko eskaintza politiko sinesgarria. Izan ere, zentro-eskuineko balio eta politikekin identifikatzen da Nafarroa osoan (ez bakarrik Garaian), populazioaren %40-45.

EAJk ez zuen asmatu duela 35-30 urte sektore soziopolitiko horien konfiantza erdiesten Nafarroa Garaian. EAren sorrerak ia ezerezean utzi zuen Sabino Aranaren alderdiaren ordezkaritza Foru Komunitatean. Hortaz, ordudanik, bere burua Espainiaren proiektuarekin bat egiten duten alderdiei eman izan die botoa jendartearen zati zabal horrek. Batzuetan batuta eta bertzeetan zatituta, AFN, AP, UPN, PDP, PP eta CDN alderdiek (bertze batzuk egon diren arren horiek izan dira nagusiak) garaitarron botoen %35-45 eskuratu dute.

Aipatu ditugun alderdi horien artean azkenak, CDNk hain zuzen ere, bere burua euskaltzaletzat duen hainbat pertsonaren oniritzia ere jaso zuen hasiera batean, nahiz eta UPNren betiko boz-emaileak izan ziren Juan Cruz Alliri 10 eserleku eta 50.000 boz eman zioten 50.000 haietako gehienak.

Geroa Baik, ordea, zentro-ezkerreko diskurtsoetatik abiatu bazen ere, gaitasuna erakutsi du zentro-eskuineko boz-emaileak bereganatzeko. Azpiegitura handien egitasmoei begira zein zerga politiketan adierazitako moderazioak boz iturri berrien irekiera posible dela erakutsi du. Geroa Baik bertze edozein alderdi politikotatik eskura ditzake botoak, eta ez kopuru anekdotikoan, baizik estrategikoki erabakigarriak izan daitekeen kopuruetan.

Hasierako CDN hark UPNri kendutako 50.000 boto haiek guztiak eskura ditzakeela erratea ez da, epe luzera noski, amets hutsa, baina bai amesgaiztoa nafar erregionalisten buruzagientzat.

Azken hauteskundeotan Geroa Baik UPNri (PSOEri ere bai, noski eta lehenago) ireki dion itogina ubide bihur daiteke etorkizun hurbilean. Eta hori bai dela politikoki estrategikoa Nafarroa Garaian.

Lizarra aldeko herri txiki batzuk edo/eta Pirinio eta aurrepiriniotako garai bateko UPNren zenbait gotorlekuetan, abertzaleak dira nagusi orain, EH Bilduren eskutik gehienetan, baina Geroa Baik bigarren lekua hartuta.

Jarraian azaltzen dugun ariketa txiki hau adibide bat bertzerik ez da. Hau bezalako bertze hainbat eredu aurki baititzakegu joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzetan.

Azuelon 38 lagunek zuten boza emateko eskubidea joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetan. Horietatik 30ek eman zuten botoa. Boz horietatik 14 Geroa Baik eskuratu zituen, UPNk 6, PSNk 3, PPk 2 eta I-Ek 1. Boz zuriak 2 izan ziren.

Duela lau urte, ordea, 2011ko foru parlamenturako hauteskundeetan 42 lagunek zuten boza emateko eskubidea Azueloko erroldan. Haietatik 34k bozkatu zuten: UPNk 15, PSNk 7, CDNk 5, NaBaik 3, PPk 2 eta I-Ek 1. Boz zuri 1 izan zen.

Hortaz, 2011n UPNri, PSNri, CDNri eta PPri botoa eman zieten 29 lagunetarik, gutxienez 11k Geroa Bairi eman diote oraingoan.

Kontuan izanik PSNk 3 boz lortu dituela, bertze 9 horiek, ezinbertzean, CDNtik, UPNtik edo PPtik etorri zaizkio Geroa Bairi.

PPk duela lau urteko bi bozei eutsi dienez, pentsatzekoa da gutxienez 7 boto pasa direla CDNtik eta UPNtik zuzenean Geroa Baira.

CDNk 5 boto zituen eta orain ez da existitzen; hortaz, bost horiek Geroa Baira pasa badira ere, bertze bi gehiagok, gutxienez, aldatu dute UPNren boza Geroa Bairenagatik. Eta hori, adierazgarria izateaz gain, itogina baino gehiago da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.