lizar begona

Azoka osteko orojakile bilkura

2023ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Durangoko Azokako ateak itxi ziren igandean, baina gogoratzen al duzue nola ireki ziren? Grazia egin zidan Landako zabaltzerako jende saldoa antsiaz sartzeko zain ikusteak. Inork ez balit kontesturik jarriko agian Gabonetako beherapenak zirela esan nezake, edo Bad Gyalen kontzertu ataria dela esango luke baten batek (esajeratu dut?). Baina euskal liburu eta disko azokako irudiak zirela pentsatzea pozgarria egin zitzaidan.

Antolatzaile eta erakusketarien balorazioak onak izan dira orokorrean, «jendea gogotsu» ikusi dela aipatu da. Hainbat argitaletxeren esanetan, salmentak ez dira nobedadeetan bakarrik geratu, zentralitatea hartu ohi dutela eduki berriek, baina aurtengoan denetik saldu omen dela. Komikigintzaren sektorea pizten ari dela ospatu eta, horrekin lotuta, irudiaren gorakada ere azpimarratu da. Gerediaga elkartearen hitzetan, «askotariko eta edukiz betetako lanak» argitaratu dira aurten; gazteentzako eskaintza oparoa egon dela eta euren erantzuna ere aipagarria izan dela adierazi da azoka osteko balorazioan. Horrela ikusita, liburu eta diskoen etorkizunak ez dirudi hain beltza.

Jendetza horren artean askorako astia izan genuen. Badakit ez naizela izan bikietako minez eta belarriak gortuta bukatu duen bakarra. Afonikoren bat ere gailendu da azken egunetan. Tartean, lagun batzuekin alde zaharreko triki-poteo baten erdian, musika eta jende orean kamuflatuta, kasik oihukatuz izan genuen debate transzendentalak pentsakor utzi nau. Horrelako solasaldi estasiatuetan puztu egiten da norbera. Edukiz baino, keinuz betetako dialektikan imintzioka.  

Trago bat eskuan hartuta edozein arlotan aditu bilakatzen da gutako asko; izan filosofo eruditu, izan poliglota, euskaltzain oso, astronomian aritu, izan zinemazale porrokatu, liburujale edo euskal musikagintzan existitzen den melomanorik handiena. Baina ez hori bakarrik, orori buruzko uste jantzi eta xehea eman dezake batek ironia eta umore ukitua baztertu gabe. Jakituria eta sinpatiaren goi-muturrean dago pedantekeria eta, onar dezagun, noizean behin denok maite dugu ikasi plantak egitea.

Etorkizunari buruz fabulatu genuen guk larunbat gaueko tertulian. Inteligentzia artifiziala, Chat GPT, gure Internet jainkozko eta deabruzkoa, eta «teknologia berri» deritzon zaku azkengabe-polemiko horri tripak atera genizkion.

Gutako batek postura erradikala agertu zuen datorrenarekiko. Ez zuen zalantzarik inozo bihurtzen ari garela, «Casio kalkulagailuekin eta hiztegi elektronikoekin hasi ginen, baina orain delegatzen dugun guztiak tonto bilakatuko gaitu», esaten zuen frustrazioz. «Ez dugu idazten jakingo» (kaligrafiaren oso alde posizionatu zen), eta mugikorrak adingabeen artean debekatzeko legea ere mahaigaineratu zuen, «alkoholarekin egiten den bezala, zergatik ez dugu hau ere mugatuko?». Tertuliakide moderatuagook eskuak kokotsetan jarrita eta infinitura begira erantzun genuen: «Erabiltzen ez jakitea da arazoa, ez euskarria bera». Ezin dela hezkuntzatik kendu, hori beste alde batera begiratzea litzatekeela, eta errealitateari aurre egiteko beharrezkoa dela jakintza eta erabilera teknologikoari leku egitea eskoletan.

Burutik kenduko ez dudan irudi bat ere sortu genuen denon artean elkar elikatuta: «Zera falta zaigu: nagusitan geure amaren aurpegiaren holograma eta ahotsa duen robot batek zaintzea! Imajinatu azala ere berotu dakiokeela kopeta laztan diezagun eta besarka gaitzan!». Barrez eta beldurrez lehertu ginen jende masan.

Bermuta galdu genuen. Ez ginen Zirriborroak eta gero liburuaren aurkezpenean egon, baina badakit Katixa Agirre, Harkaitz Cano eta Idoia Zabaleta aritu zirela etorkizunaren dekalogoa dakarren liburuaz hizketan. Agian ondo etorri izango litzaiguke azoka atzeko tertuliakideoi bertaratu izan bagina, irrikaz parte hartuko genukeen mahai-inguruan. Sententzia sakon, mamitsu eta gailenak egingo genituzke, ttak! Baina umorea sekula galdu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.