Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

AZALETIK

2016ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gauzak ari dira aldatzen feminismoan. Euskal Herriko Bilgune Feministan 2003an militatzen hasi nintzenetik, aldaketa sakonak igarri dizkiot. Harrezkero hamahiru urte pasatu dira, eta adinak izango du zerikusirik ikuspegi honetan (esan ohi da urteak aurrera joan ahala kontserbadoreago bihurtzen garela, edota denborak perspektiba ere aldatzen duela). Baina ezin uka feminismoaideologia entzutetsuan bilakatzen ari dela; beste askoren ahotan, aldiz, moda kontua dela ere entzun izan dut. Feminismoa ez da garai batean zen hura. Eta eskerrak; mugimendurik ezean, ez baitago ez atzera ez aurrera egiterik eta.

Ni hasi nintzenean ez zeuden hainbeste talde feminista, atzean gelditu baitzen 1980ko hamarkadako oparotasuna, herriz herri eta auzoz auzo mugimendua zabaldu zen garaia. Aldarrikapen feministak ez zeuden sortu berria zen mugimendu altermundistaren ezta lanean urteak zeramatzan ezkerreko mugimendu abertzaleen agenden lehen lerroetan ere. Alderdi politikoek justu-justu gogoratzen zuten Martxoaren 8a, emakume langileon nazioarteko eguna zela eta, ezinbestean, data errespetatu behar zutela. Gutxi batzuk kenduta, erakunde publikoetan ez zen berdintasun planik ezta jabekuntza eskolarik ere. Gogoan dut zenbatetan ginen kexu komunikabide eta mugimendu sozialek jartzen ziguten arreta eskasagatik, zenbat aldiz ibili behar genuen ate-joka abortatzeko eskubidearen ukazioak, indarkeria sexistak edota hizkuntzaren erabilera sexistak, izan zezaten izaera politikoa eta, ondorioz, gai zerrendetan sar zitzaten.

Gaur, EAEn 4/2005 Berdintasunerako Legea dugu, eta, Hego Euskal Herriko udalerri askotan, berdintasun planak eta berdintasun teknikariak ditugu. Jabekuntza eskolak hedatzen ari dira, eta emakumeen etxeak eraikitzeko prozesuak zabaldu dira zenbait herritan, azkena Hernanin. Indarkeria sexistari aurre egiteko protokoloak onartu dira azken udaldian hegoaldeko hiriburuetan, eta hezkidetza planak gora doaz ikastetxe askotan. Euskal Herriko unibertsitateetan arrakasta handiko ikasketa feministak ditugu. Azken urteetan, talde feminista berri andana sortu da, eta gora doaz feminismoa haien jardunean txertatzen saiatzen diren eragile sozialak, sindikatuak eta alderdiak. Euskarazko komunikabideetan ia egunero argitaratzen dira feminismoarekin lotura duten berri eta artikuluak, eta sare sozialetan eragin handiko aktibismo feminista dugu.

Azken EAEko zein Nafarroako hauteskunde kanpainan inoiz baino emakume gehiago ikusi ditugu, eta emakumeen eskubideekin zein feminismoarekin lotura duten adierazpen ugari entzun ditugu. Iraultza feminista Eusko Jaurlaritzara eramango dutela esan duenik ere badago. Eta aurretik aipatutako guztiak bezalaxe, poz handia ematen dit. Urte oso gutxitan baliabide berri asko sortu ditugulako, marra gorriak jartzen hasi garelako eta, gure amonekin alderatuta, bizi aukerak biderkatu ditugulako (nik dudan ikuspegia oso zabala ez izan arren).

Aldaketa sozial sakonak hain urte gutxitan ezin direla neurtu, jakin badakit. Baina kezka dut sugea nola patriarkatua hala, azalberritzen ari dela. Azal erabat atzerakoia erantzi arren, suge izaten jarraitzen baitu. Feminismoz hornitu du azala, baina barruan dituen gihar eta gorputzatalek bere horretan jarraitzen dute.

Askoren ahotan dago feminismoa, baina horren adierazleari ez ezik, horrek duen esanahiari ere gehiago erreparatu behar diogula uste dut. Feminismoa ez delako bakarrik lelo bat, paperean ondo gelditzen den hitz hutsal bat; gure gorputz, bizi proiektu, harreman, egitura zein erakundeak errotik aldatzeko hautua baizik. Azaletik hasita, alda ditzagun barruko organoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.