Manifestazio jendetsua larunbatekoa Donostian, Euskara aurrera lelopean. Benetan eskertzekoa Gazte Euskaltzaleen Sarea bezalako tresnak sortu izana ere, euskalgintzan gazte ikuspegia txertatzeko. Ekimen honetako ordezkari bat elkarrizketatu zuen atzo ETBn Nerea Reparaz kazetariak eta gogoeta interesgarri askoak eskaini zituen, kontuan hartzekoak denak. Besteak beste, euskalgintzak sabaia joa duela eta belaunaldi zein molde berrietara egokitu behar duela, aurpegi berriak ere kaleratuz. Hori bai, tarte osoan zehar bere euskalkian mintzatu zen elkarrizketatua, ez euskara batuan.
Garrantzirik gabeko bitxikeria hutsa dela irudituko zaio norbait azken hori, baina gero eta garbiago ikusten ari gara gazte askorengan joera geldiezin hau, Ibon Sarasolak jatorkeria gisa bataiatu zuena. Eta kezkagarria da, oso kezkagarria. Hedabideetan (ez euren herri edo eskualdekoetan, Euskal Herri mailakoetan baizik) hitz egiten duten gonbidatu gazte askoren arrastoa jarraitu besterik ez dago jabetu gaitezen, gainera, kasurik gehienetan ez dela euskara batua menperatzen ez dutelako, euskalkien hautu hori propio egin dutelako baizik. Are gehiago —are larriagoa—, Gaztea irratian gero eta gehiago dira esatariak joera hori hartu dutenak, ustez behintzat zuzendaritzaren oniritziarekin. Sarasolaren ildotik, klasismo mota gisa ere hartu izan da jarrera hori: gu, benetako euskaldun jator labeldunak, urrats bat emango ez dugunak dioguna ulergarriago suertatu dadin euskaldun artifizialen belarrietara. (Gaitz erdi euskalkiak menperatuko bagenitu).
Euskalkien aldeko jarrera garbia duen batek idazten du hau, egunean zehar solasaldi gehienak herriko euskaraz ematen dituenak eta etxeko liburu guztien artean euskalkien ingurukoak dituenak kuttunenen artean. Kontua ez da hori, ordea: kontua da euskalkiek zorionez badituztela euren esparru komunikatiboak (tokian tokiko telebista, irrati eta aldizkariak besteak beste). Kontua da, hurbildu beharrean euskaren unibertsotik etsita kanporatzen ari garela jende pila bat, gure nagusikeriarekin pentsatzen dugulako irratian, telebistan zein sare sozialetan inbiu esan edota idazten badugu denek ulertu behar dutela bost hizki horiek egin behar dugu esan nahi dutela. Adibidez.
Ibon Sarasolak Bitakora kaiera liburuan (Erein, 2016) izugarri hausnarketa interesgarriak argitaratu zituen euskara batuaren inguruan, etsipen puntu ezkuta ezinarekin azken urteetako norabidea hizpide. Beranduago, Pruden Gartziak Nazionalismoa eta Kultura liburuan (EHU-UEU, 2020) euskara batuaren historia intelektualaren zirriborro interesgarria eskaini digu, bi urte lehenago Jakin aldizkarian ere argitaratua. Bertan, hainbat mugarri errepasatu eta aztertu ditu, garaian garaiko pertsonen lidergo eta eraginarekin batera. 1987 eta 1988 urteetan egin du planto oñatiarrak bere gogoetan, Koldo Mitxelena hil zen eta Aita Villasantek euskaltzainburu izateari utzi zion urtea lehena, eta Bernardo Atxagak Obabakoak argitaratu zuena bigarrena, agian hortik aurrera euskara batuarekiko giro intelektualaren aldaketa oso nabaria izan delakoan.
Bada, ez dakit Gartziak berak edo beste norbaitek, baina jarraipena eman beharko litzaioke lanari, ordutik aurrera gertatutakoa benetan delako aipagarria, batez ere azken bi hamarkadetan. Agian modu gordinean kontatu beharko da nolabaiteko inboluzio batean murgildu ginela XXI. mendean, edo gutxienez noraezean, euskara batuak gero eta gutxiago zuelako nork defendatu, garai bateko gisako liderren falta nabarmena zegoelako eta, hau da larriena, gazte askori euskara batuaren inguruan entzuten hasi ginen arrazoibideak oso bertsuak zirelako mende erdi inguru lehenago euskara batuaren etsaiei entzuten zitzaizkienekiko. Duela urte batzuk arkupe honetan genioen bezala, gaia ez badugu serioago hartzen, gureak egin du, porrot izugarri baten atarian egon gaitezke.
Jabetuko ahal dira belaunaldi berriak euskarak aurrera egiteko euskara batuak egin behar duela aurrera nahitaez!
ARKUPEAN
Aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu