Egun hauetan etengabe hizpide duten aurrekontuen gaian, susmoa daukagu gauzen (ustezko) ordena naturala iraulita jokatzen dutela ordezkari politikoek usu: lehenengo erabakitzen dute egoera, estrategia edota beharrizanen arabera akordioa komeni zaien edo ez, eta erabaki horren arabera janzten, apaintzen, dute hartutako bidea gero, negoziazioetako (ustezko) lorpenen garrantzia puztuz, edota (ustezko) porrotaren errua bestearen borondate faltari botaz. Beste era batera esanda, aurrekontuen inguruko prozesuetan, sarri ez da aurrekontua bera garrantzitsuena izaten. Argi dezagun berdin balio duela gogoetak gobernuetan duden alderdientzat eta oposizioetan daudenentzat.
Are gehiago, susmoaz haratago, barrutik ere bizi izan ditugu antzerako prozesuak. Adibidez, denbora politikoak hala eskatzen zuenean, aurrekontuen inguruko negoziazio bitxien lekuko ere izanak gara: egitasmoak publiko egin baino lehenago, aurreikusitako partida pilatxo bat kendu beharra, ez oposizioko negoziatzailea kontra zegoelako, partida horiek oposizioaren ekimenez sartzea adostu zelako baizik. Ezagutu izan genituen zenbait alkate erabat haserre euren alderdietako buruzagiekin, lan gogorraren ondoren herrirako lortuak zituzten igerileku, biribilgune edota dena delakoen dominak beste batzuek jasoko zituztelako azkenean, bikain antzeztutako negoziazio, eztabaida eta akordioen ondorioz. Politika ere esaten zaio horri.
Nafarroako panorama argituta, EAEko aurrekontuak daude orain ezbaian. Eta legebiltzarreko osaketa ikusita, EH Bilduren jarrerak sortzen du batez ere interesa. Gehiegikeriaren bat alboratuta (ateratzen dena ateratzen dela hemengo kontuak Madrileko Ayusorenekin alderatzea gehiegikeria da), zuhur ari da jokatzen Pello Otxandiano, akordioaren bila zintzo ari den politikariaren irudia plazaratzen. Irudia behintzat bai. Argi, bi gai sartu ditu bizkaitarrak ekuazioan, biak ala biak elkarrekin oso lotuak: fiskalitatearen inguruko akordioaren beharra —erreforma fiskal sakon baten eskaera— eta Araba zein Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PSE koalizioak duten ahuldadea, boto falta. Ez dira arma makalak eta agian horregatik erantzun dute gobernuko alderdiek bizkor, euren arteko akordio mamitsuarekin. Bi gai hauetatik at, aurrekontuaren egitasmoaren inguruan negoziazioen bidez edota legebiltzarreko tramitean zuzenketen bidez (agian) lortuko dituzten aldaketek izango dute garrantzia, baina ez hainbeste, gorago esan dugun legez.
Badu Otxandianoren alderdiak, hala ere, arazo bat Imanol Pradales lehendakariak eta honen alderdiak behin eta berriz aurpegiratu diotena, arrazoiarekin gainera. Izan ere, oso nabarmena da EH Bilduk Nafarroa Garaian eta Hegoaldeko beste hiru lurraldeen erkidegoan duen jarrera ezberdina, are gehiago Iruñean, Gasteizen ez bezala, bere botoak, gutxienez abstentzioa, ezinbestekoak direnean aurrekontuak aurrera ateratzeko. Maria Txibiteren jarrera ere ezberdina omen dela entzun izan dut erantzun gisa, baina, egia izanda ere, ez zaigu iruditzen aurrekontuak eta fiskalitatea abegikortasun edota enpatia kontua direnik. Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako bozeramaileari elkarrizketa interesgarria egin zion berriki hemen Joxerra Senar kazetariak eta, berriz ere, argi geratu zen gai berdinen —edo bertsuen— inguruan ere bestelakoa dela erabat, tonuz eta edukiz, ehun kilometro baino gutxiagoko distantzian erabiltzen duten diskurtsoa. Adibidez, aurrekontuak eta fiskalitatea nahasteko edota ez nahasteko orduan. Ez dakigu nola bukatuko den Gasteizkoa, baina konpondu beharreko arazoa da hori sinesgarritasunean irabazi nahi duenarentzat. Gutxienez hobeto azaldu beharrekoa.
Oharra: Jakin badakit gaur nire beste testuren baten zain zegoela zenbait irakurle. Edota ni hemen ez agertzea espero zuen beste zenbait ere bazela. Ez naiz hain garrantzitsua egunkari honetako orrialde erdia nire abentura, kalentura eta berotuen inguruko esaldiekin betetzeko. Baina azalpen bat emateko beharra ere badudanez, ohar bat idatziko dut norbaitek irakur dezan. Nire blogean: Amentzerauta du izena.