elixabete garmendia lasa

Atzera begirakoak

2024ko otsailaren 29a
05:00
Entzun

Joan den igandean ETB1ek eman zuen Herri txiki infernu handi saioa Otsagabian grabatua zen. Ohi bezala, Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek gidatzen duten performancea igande gaua goxatzeko aparta gertatu zen. Hasteko, Pirinioetara hurbiltzen gaituen herri horren edertasuna erakusten zuelako, bide batez euskarak bertan berreskuratu duen tokia agerian utziz. Izan ere, ia erabat galdu zen zaraitzuera joan den mendean.

1967ko udan, emakume euskaltzale talde batek udalekua antolatu zuen Otsagabian neska nerabeentzako; gipuzkoarrak ginen gehienak, tartean bizkaitarren bat edo beste. Balentriarik handiena Orhiko gailurrera igotzea izan zen, 2.000 metrotik gora! Otsagabian, artean, geratzen ziren familia euskaltzale batzuk, baina herriko hizkuntza gaztelera zen. Zapatu eguerdi batean, pil-pilean zegoen giroa kalean, ezkontza bat zela eta. Bat-batean, ibaiertzeko petrilean eserita zegoen gizon adindun bat euskaraz mintzatzen hasi zitzaigun. Hura aurkikuntza! Zaraitzuko euskara zerabilenez, ahaleginak egin behar izan genituen, bai berak eta bai guk, elkar ulertzeko. Hartan, inguratu zitzaigun beste gizon bat eta sekulako errieta bota zigun: bazter nahastaile modura tratatu gintuen herritar harekin euskaraz jarduteagatik. Urtetara jakin nuen —bere iloba baten bidez— frankista amorratua zela herrian agintea zeukan gizonezko haserretua. Gaur egungo otsagabiarrak euskaraz mintzatzen entzungo balitu, eta gainera telebistan...

Joan den astean irakurraldi musikatua eskaini zuten Donostian, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ekitaldi Aretoan, Iñaki Irazu poetak eta Jabier Muguruza musikariak. Irazuk bere azken liburuko poemak irakurri (Zakur zaunkak, Susa, 2023), eta tarteetan Muguruzak hiruzpalau pieza jo zituen akordeoiarekin. Estilo minimalistan aritu zen soinu jolea, malabarismotik urruti, poesiak eskertzen duen intimitate giroari lagunduz. 

Iñaki Irazuren poemak narratiboak dira neurri handian, eta politiko-sozialak, baina ez kontsignen aldarrikapena egiteko, inguruko gizarteak —eta norbanakoek— 1936ko gerratik hasi eta urteen buruan sufritutako injustiziak gogorarazi eta salatzeko baizik. Hor azaltzen dira guardia zibilak, fraide erasotzaileak, Elizaren agintekeria, klase-arrakala, 70eko hamarkadako gazteen borroka... Lagin bat: «Donostiako Gobernu Zibilera/ eramaten zaituztenean,/ ziegara sartu aurretik/ sarreran dauden/ zaindarien mahaitxoan/ oinetakoen lokarriak,/ txanponak, giltzak.../ utzi behar dituzu». Horixe Sartu aurretik (1975) poemaren hasiera; garai hartan polizia edo guardia zibilen eskuetatik pasatu zirenen abentura paradigmatikoa.

Beste genero batean dator Nerea Azurmendi kazetariak idatzi duen Gudari, Eli Gallastegiren lorratza liburuxka (Txalaparta, 2024). Liburuxka diot, literalki poltsikoan sartzeko modukoa delako, ze edukiari dagokionez, biografia osatua baita, betiere garaiko testuinguru politikoaren giltzarrietan oinarritua. Eli Gallastegi (Bilbo, 1892-Donibane Lohizune, 1974) Euskal Herriko esparru politiko abertzaleak 1920ko hamarkadatik aurrera eduki zuen eragilerik interesgarrienetakoa dela deskubritzen du irakurleak. Jeltzaleen ortodoxiatik aldenduta, Gallastegik Mendigoxaleen mugimenduari atxikitako Jagi-Jagi talde independentistarekin bat egin zuen. Izen bereko astekaria argitaratzen zuen Jagi-Jagik, eta Nerea Azurmendik dioenez: «Jagi-Jagi ez zen soilik astekari bat izan, abertzaletasunaren historian toki propioa lortu zuen erreferentzia baizik». 23.000 ale argitaratzera iritsi omen zen aldizkaria.

Patchworka atera zait Gallastegiri buruzko liburuarekin, Irazu-Muguruzaren saioarekin, eta Otsagabia telebisatuarekin. Hari mehe luze batek lotzen ditu. Jazarpen politiko, sozial eta kulturalari aurre egitearen hiru adibide dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.