Legebiltzarretan ere ate irekien eguna egiten dute, herritar oinezkook parlamentari berlinazkoen toki sakratuak behin bederen zapaldu ditzagun. Ate noble handiak bai, baina besteak irekitzen ote egun horietan? Asko baitira politikaren ateak.
Ate birakariak ezagutzen ditugu. Gas edo argindar konpainiak, banketxeak, osasun enpresa pribatuak eta administrazioa lotzen dituzte. Sartu eta irten biak batera egitea dute ezaugarria, eta zabaltzen direnean eragiten dutela aire korronte latza zeinak enpresa edo jarduera horiei zergak eta betebeharrak jartzeko diren arauak erabat marrantatzen dituen, arauok erabat herbal utziz.
Atzeko ateak ere badira.
Arrisku egoeran ihes egin ahal izatekoak direla esango nuke, Otañok txepetxarena kantatutako ildotik: «ez idurian hark habiari / beste zuloa atzean / egiten dio handik joateko / aurrekoa tapatzean». Ateratzekoak direla gehiago sartzekoak baino, alegia. Gaixtoak baino ez dira sartzen atzeko atetik, eta halaxe, amarrukeriaren sinbolotzat ere errotu zaigu: zerbait atzeko atetik sartzea. Ezkutuan, tranpaz, abisatu gabe.
Legegileek zipotzak ere hala sartzen dizkigute sarritan, atzeko atetik. Teknika usua da gai jakin bati buruzko arau batean beste zerbaiti buruzko erabakia txertatzea. Xedea, normalean, bestela asko atzeratuko den edo bidean gal litekeen erabaki bat kolokatzea da. Parekoak ohartu gabe egitea lortuz gero, prestidigitazio parlamentario gorena da. Egina dagoen arte herritarrok ez ohartzea, berriz, hori bera ere araua da.
Azkena, Espainiako Gorteetan, otsoarena izan da. Zeukan lege-babesa kendu eta ehizatu ahalko da Duero ibaitik iparraldera. Otso gehiegi omen dago, mendian ere, esan nahi dut, eta kalte handiak eragiten omen ditu. EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin atera da, PSOEk kontra botatu zuen. Baliatutako atzeko atea mundiala da: Elikagaiak Botatzea eta Alferrik Galtzea Prebenitzeko Legearen baitan onetsi dute otsoarena. Eta argudioa ulu egiteko modukoa: otsoen erasoek alferrik galtzen den haragi mordoa sortzen dute! Aldeko botoa argudioa marraztu duen aholkulariari emango nioke.
Legeari ez. Izan ere, ni herrian bizi den ekolo burgesa naiz, otsoaren alde nago. Hil ez dezaten alde, behintzat; ez dut maskotatzat hartuko. Baina, hortaz, gure artzain eta abeltzainen kontra. Animalien dokumentalei beha etxeko sofan otsoaren alde egotea erraza da, badakit, baina ez dut uste abeltzaintza tradizionalari eta artzaintzari azken kolpea emango diona otsoa denik, are gutxiago haien gainbehera historikoa ekarri duena ere. Eta gainera, zer nahi duzue esatea, Txanogorritxu ez dut sekula oso gustuko izan, gaur egun amonek zaintzen dituzte bilobak eta amonari tartak zaintzaile hego amerikarrak egiten dizkio. Edo ekartzen lokutoriotik (tarta tradizional betiko pasteleriakoa pagatzeko ez daukalako ordaintzen diogun eskasarekin).
Aurreko atea ere, ordea, baliatu dute berriki posta kontuetan.
Eusko Legebiltzarrean Ehiza Legea aldatu dute, oraingoan PSE-EE eta EAJ alde, EH Bildu aurka. Adin txikikoek laguntzaile gisa joan ahalko dute. Eta ni orain ere tradizioaren kontra.
Basurdea ere ugaria dagoenez, mendian ere, esan nahi dut, lege aldaketarekin batera etorri da akordioa basurde-ehiztariekin, eta jo eta fuego ibili sasoiaren amaiera aldera. Pena: poetikoa eta guzti zen greba baten eraginez armak isiltzea. Niri ez dizkidate baratze, soro eta belardiak izorratzen, badakit, eta arazoa izan badela ohartun naiz, ez dela hain sinplea. Ados. Baina kontzeptuak argi izatea ere gustatzen zait: gainpopulazioa ez da basurdeena, gurea baizik.
Politikagintzako ateez gogoeta labur eta erabat tendentziosoa egin ostean, ondorio garbia atera dut: politikari guztiak ere atez atekoaren alde daude.