Ipurmasail biak muxu estu-estuan elkartuta, gorputz enborra San Juanetako tantaia baino tenteago; okotz punta sudurrarekin lehian, zein gorago iritsiko; bular aldea alkandoraren botoiak leherrarazteko moduan puztuta... halaxe ibiltzen zen morroi hura herriko kale nagusian gora eta behera, artean gu mutil koxkor ginela. Haren izenik ez dut sekula jakin, denok Atari Putz esaten baikenion. Goitizenak badu bere logika (eta baita bere gaizto puntua ere): zeraman gorputz jarrera horrekin, lauzpabost atariz behin ezkaratzean sartu eta putz egin beharra izango zuen noski, lehertuko ez bazen...
Gaztetako beste kontu asko bezala, ahaztuta ez bada atzenduta eduki dut orain arte gure pertsonaia. Aurrekoan etorri zitzaidan berriro gogora, Bilbon eman berri dudan ikastaroko ikasle baten iruzkin baten harira.
Ahotsa lantzeko ariketa bat egiten ari ginen, eta, ohi bezala, jendaurrean ari garenean segurtasunez aritzea komeni dela esan nien nik. Orduantxe egin zidan Xabierrek (demagun hala zuela izena) gero zer pentsatua franko eman didan iruzkina: «Eta zer dela eta ibili behar dugu jendaurrean beti segurtasun plantak egiten, gure zalantzak eta ahuleziak lotsagarri balira bezala?».
Ez nintzen ganorazko erantzunik emateko gauza izan. Iruzkina, ordea, hor geratu zitzaidan, garuneko bihurguneetan jira-biraka, kontu horri buruz ordu arte nuen ikuspegia kordokatuz.
Ez du ahuleziak ospe onik mendebaldeko gure gizarte (ustez) aurreratuotan. Aitzitik, badirudi nor izatera iristeko modu bakarra pitzadurarik gabeko nortasun gogor batean gotortzea dela, ukatu egiten zaigula ahul agertzeko (eta izateko) eskubidea. Alde horretatik, gu guztiok Atari Putz izatera bultzatzen gaitu gizarteak (edo, askotan bezala, geuk bultzatzen dugu geure burua horretara, gogo-zangoak inoren zer-esangoaren sasiartean kateatuta).
Amesten hasita, ederra litzakete pentsatzea politikari batek botoak irabaziko lituzkeela honelatsuko mezu batekin: «Herkide maiteok: sentitzen dut, baina ezjakinegia naiz zuen arazo horrentzat taxuzko konponbideak proposatzeko; kontu korapilatsua da, eta ez dut garbi ikusten. Erabateko ziurtasuna nahi baduzue, eman boza oposizioko alderdiren bati, guk erantzunak baino galdera gehiago dauzkagu eta».
Maila pribatura jaitsita (edo igota, nork daki?), artikulu hau idazten ari nintzela Angel Errok martxoaren 19an argitaratutako zutabea etorri zitzaidan gogora. Lehendik ere aitortu izan dut hemen, berripaper honetan egunero idazten duten bi aingeruek (Angelek eta Anjelek) harrituta ez ezik miretsita ere banaukatela, euren testuen batez besteko mailarekin.
Paragrafo honetarako adibide bat neukan apuntatua, baina Angelek beste bat, askoz hobea, eskaini zidan aipatutako zutabe hartan. Ez naiz sekula izan San Joserik edo San Ramonik ospatu zale (gurean urtebetetzea soilik izaten zen ospagai), eta are gutxiago naiz marketingaren eraginez irentsarazi nahi dizkiguten beste eros-festa horien zale (San Balentin, Amaren eguna, Aitarena...), baina aitortu behar dut txundituta geratu nintzela zutabe horretan Angelek bere aita maite izateko aipatzen dituen arrazoiak ikusita. Aita «otzana, isila, esanekoa, ziurtasunik gabea, ahula, tontotzat hartua, beldurtia...» begitantzen zaiolako maite duela diosku Angelek, bide batez ezaugarriok bere begiradak ezarriak izan litezkeela aitortuz.
Honaino iristeko pazientzia izan duen balizko irakurleak barkatuko ahal dit, baina oraintxe ari zait biriketan airea agortzen, eta orrialdearen bebarruan ezkutatu beharra daukat, putz egin eta hurrengo artikuluan ohi bezain tente-potente (eta jator-koherente) agertuko banaiz.
ARKUPEAN
Atari Putz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu