Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Astenia astintzen

2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Igandeetan paseo ederra eman ondoren, galdutako izerdia berreskuratu nahian edo, zurito batzuentzat tartetxoa hartu ohi dugu lagunok. Gaur, gerizpe ederrean gaudela: zelan dagoen oilategia! Emozionantea ezta? Nire lagunak egunkariaren orriak pasatu ahala ez dio komentarioak egiteari uzten. Hau da erretailea! Madrileko Alderdi Popularraren zauriari darion amaigabeko zorneari, orain sozialisten anaien arteko kupidabako gerra gehitu zaio eta Puerta del Solen aurrean, Gabon Zaharretan txanpainaren indar iragankorraren antzean, Podemosek bataren eta bestearen kontrako indarra erakutsi nahian, elkarretaratzera deitu du. Apurtuko ote da PSOE? Lortuko ote du Iglesiasek bere mozioa aurrera ateratzea? Ikusiko ote diogu Rajoyri, onerako zein txarrerako, erreakzio keinuren bat? Zenbat gauza e? Gurean ere ez da gutxiagorako, Bizkaiko PPn ere, izar agerraldi eta guztiz, primarioetan; hau moda! eta EAren barruan ere, arrakalak. Eta EAJ eta EH Bilduren artean... Buaa txabala! Zer? Botatzen digu bat-batean lagunak, ez dozue ezer esan behar ala? Hasperen egin eta udaberriko asteniak jota nagoela erantzuten diot. Badakizu, neke eta asperkizun nahaste hori, sasoien erruz ematen dena eta lo egitearekin ere kentzen ez dena. «Uste dut Frantzian gertatu zenaren aurrean sortutako urduritasunak indargabetu ninduela», esaten diot, eta egia esan, hauek guztiek jakin-mina bai, baina ez naute gehiegi asaldatzen. «Oporrak behar!», ateratzen zaigu danoi.

Baina egia esan, ezinezkoa zaigu eguneroko bizitzatik ihes egin eta munduan gertatzen direnei gorrarena egitea, eta askoz gutxiago gure inguru hurbilak dakargunetik deskonektatzea; beraz, astenia astindu beharra daukat eta lanean murgiltzen saiatu behar dut. Hau kontatzen dizuedan bitartean, belarriak berrietan arretatsu ditut; eta kristoren ahalegina egin barik, ez pentsa. Esperokoekin hasi badira ere, berriek oroitzapenari tartea eginez, duela 80 urte 1937ko maiatzean, Habana itsasontzian Britainia Handira ebakuatu zituzten 4.000 ume euskaldunena kontatzen digute. Euren bizipenak eta irudiak ikusi eta entzutean, ezinbestekoa zait gaurko ume errefuxiatuak jasaten ari direnarekin parekatzea. Nazio Batuen arabera, iaz 5.000 pertsonatik gora hil ziren Mediterraneoan; errekorra, baina errekorrak baditu biktima bereziak; aipatutako iturrien arabera,zeharkaldia bakarrik edo bidean gurasoak galtzen dituen umeak, geureak bezala bakarrik, baina gureak ez bezala, babesik gabe, iheslarien herenak omen dira.

Hausnartzeko tartea hartu dudan bitartean, berriak bizkor pasatu dira. Ez diet kasu handirik egin eta kirolak heldutakoan, orduari begiratu eta zapping-a. Listo dago! Bukatu da, ehunekoak, argazkiak eta zenbaketak agertu dira: PSOEk badu idazkari nagusia. Ez dut ezusteko handirik hartu. Prozesua, «argia eta takigrakoarekin» edo kamera eta komunikabideen aurrean egiteak eragina izan badu ere, kalera jaitsi izanari ere erabakiorra deritzot. Eman diren datuen arabera militanteek esnatu eta euren indarra balioztatu egin dute. Horrela behar luke beti, nire ustez, militanteak baitira jendearteko jendea eta alderdien arima eta izateko arrazoia gauzatu ahal duten bakarrak. Espero dut hartutako bidearekin asmatzea; zortea eta trantsizio lasaia opa diet. Eta ez dut zarratu nahi Irujo handiari gauza bera opatu barik. Penaz hartu dut zuriaz eranztea. Irujozalea naiz, eta apustularia ez naizen arren, nire barruak grinaz jokatu izan du beti Iberokoaren alde. Jenioen lorratzak inoiz ez direla desagertzen diote eta berea mantentzen jarraituko duela agindu digu Juanek. Horma-bikoa eta zaleon mesedetan, baietz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.