Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Asier eta Aitor; Iruñea eta Madril

2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ia bederatzi hilabete egin ditu jadanik Asierrek giltzapean... Hirugarren aldikotz. Ia urtebete intsumiso garaian, Iruñean, lehenengo aldian. Zortzi urte Estatu Frantziarreko kartzeletan etakide izateagatik, bigarrenean. Bizitza laurdena eman du anaiak preso, eta ez da euskal preso politikoen bataz-bertzekoa izanen.

Bigarren eta hirugarren espetxealdiaren artean, film bateko protagonista bilakarazi zuen Asier Aitorrek, Madrilen bizi den bere lagunak. Dokumentala, Asier eta biok, bart eskaini du ETB1ek. Hitz hauek hamar ordu lehenago idatzik dira, non eta Madrilen, Barquillo karrikako taberna batean.

Filma zineman, DVDan, Interneteko plataformetan edo ETBn ikusi duzuenok baduzue euskal familia ertain baten konpromiso politiko ertainaren azalpen gordina. Nafarroa osoko, hau da, Euskal Herriko zenbat eta zenbat etxetan ez dira izan filmean erakusten diren egoerak eta eztabaidak?

Aitor eta Amaia Merinok hurbiltasun emozionaletik ekin zioten dokumentala egiteari —dokumentala eginen zutela erabaki zutenean, eta hori ez zen grabazioarekin hasi zirenean izan—. Aitor kamera eskuetan agertu zitzaigun Le Pertuseko mugan, Katalunian, Asierren bila joan ginenean. Hortik aitzina, sei hilabetez ibili zen haren itzal gisa, ahal zuen guztia grabatzen. Lan handia eman zion arrebari, Amaiari, plano eta sekuentzia horien guztien artean aukeraketa egiteko lehenengo zirriborroa ukan arte.

Ez da hitz hauek idazten dituenaren asmoa Merino anai-arreben lanaren azterketa egitea, baina bai haien jarreraren bilakaerari buruzko zertzelada pare bat ematea; izan ere, adiskidearen soslaia egin eta bere Madrileko lagunei azaltzeko asmo hura bertze zerbait ere bilakatu zaio Aitorri, batez ere dokumentala erakusteari ekin zionetik.

Espainiarrek, orain arte, euskal gatazkari buruzko ikuspegi bakanaren berri ukan dute. Horrelako lanekin ikuspegiak aldera lezazkete, baina horretarako aukera ukan behar dute. Eta horretan datza Merino anai-arreben gatazka politikoarekiko ikuspegiaren bilakaeraren oinarria. Haien lanaren fruitua erakusterakoan alde desberdinek izan duten jarrera ezberdinek zekusaten koadroaren koloreak aldatu dituzte.

Dokumentala ez da Asierrekin samurra, ez da bere familiarekin gozoa ere. Aitorren hausnarketek Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko kideak haien eserlekuetan mugiarazten dituzte. Aztoratuta, maiz. Alta, nekez aurkituko du inork deserosotasun horrekiko kritika lazgarririk hauen ahotan. Normalean, filma egiteagatik esker ona adierazi diete egileei beren burua gatazkaren alde horretan kokatzen dutenek. ENAMen jokaeraren aurkako bertze euskal esparru politiko batzuetatik filmaren egokitasuna nabarmendu da —Gasteizko Gobernuko Bake Idazkaritzak antolatutako jardunaldi batzuetan eskaini zuten—, nahiz eta EAJko kide bakan batzuek (Amatiño), ezker abertzalearen diskurtsoaren zilegiztatzailetzat jo.

Ez da gauza bera gertatu Espainiaren jarrera ofizialarekin bat egiten dutenen artean. Ez dute ikusi nahi ere. Ikus ez dadin ahalegindu dira eta, zinemetan bederen, lortu dute. Ez diote hausnarketari, eztabaidari zirrikiturik ñimiñoena ireki nahi. Hor dago aldea. Hori da, horrenbertzeraino behintzat, egileek espero ez zutena. Malgutasuna, eztabaidarako disposizioa, kritika irensteko gaitasuna, salbuespenak salbuespen—horiek balio handikoak—, alde bakarrean atzeman dute. Gauzak aldatzeko borondatea eta gatazkaren ondorio lazgarrienen aitortza, tamalez, aldebakarrekoa dela ohartu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak