Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

'Arzalpenak'

2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Orain dela bi aste mansplaining-ari buruz idatzi nuen artikulua; azaldu nuen nola hitzaldiak ematen ditudanean, nahiz eta publikoaren gehiengoa emakumeak izan, galderen txandan beti gizonen batek hitza monopolizatzen duen galderarik ez egiteko, baizik eta nik esandakoaren inguruko azalpena emateko. Horrek benetan urduritzen nau eta horren aurrean estrategiarik gabe neure burua ikusten dudala ere azaldu nuen; normalean isildu egiten naiz, heziketa onaren izenean. Artikuluan irakurleei egiten nien galdera, zer egin horrelako kasuen aurrean? Eta espero baino erantzun gehiago jaso ditudala esan beharra daukat.

Lehenik, esatea bi aste hauetan ikasi dudala neologismo horrek baduela euskarazko bertsioa eta hori Estitxu Garai Artetxeri (@egarai) eskertu behar diogula, berak asmatu baitzuen arzalpen terminoa: «Gizonak emakumeari emandako azalpen hantuste eta paternalista; mansplaining-en euskarazko ordaina». Beste emakume askok arzalpen ugari bizi dituztela jakin arren, sare sozialen bidez ezagutzen ez ditudan beste askorenak jasotzea oso baliagarria izan zait. @UxuneM-ek kontatu zidan nola «jakintsu» batek aipatu zion artikulu bat, katalanez irakurrita zuena, eztabaidan zegoen gaiaren inguruan eta, o, sorpresa! artikulu horren egilea @UxuneM bera zen! Gizonaren erantzuna ia barregarria dirudi: «Horregatik zure izena ezaguna egiten zitzaidan».

Orokorrean, horrelakoak bizi izan dituztenek haserrea eta inpotentzia sentitzen dutela adierazi didate. Badaude, noski, erantzun arrazionalak edo praktikoak izan daitezkeenak. Esate baterako, hitzaldiak irauten duen bitartean paperak banatu galderak jasotzeko, ondoren moderatzaileak galderen txandan irakurri ditzan. Edo, adituaren hitzak hasi aurretik, aurkezleak galderak eta denborak nola banatuko diren azaltzea ere bai, eta bakarrik galdera zehatzak onartuko direla esatea. Baina eskertzen ditut egoera horien aurrean emakumeok ahalduntzeko tresna gisa balio duten erantzunen adibidea. @IriaEpaltza-rena da hau: «Eskerrik asko nik esandakoa gizon baten ahotik errepikatzeagatik. Zuri esker, nire ideiak onarpen soziala izango duela ziur naiz». Baina berak dioen bezala, zalantza daukat ironia harrapatzeko gai izanen zirenik.

Pegatak, kartelak, kamisetak arzalpenik ez leloarekin... hainbat eta hainbat iradokizun jaso ditut. Baina, eta gizonei espazio gehiegizkoa eman nahi ez diedan arren, oraingoan bai interesgarria suertatu zaidala gizonek egoera horien aurrean esatekoa zutena. Anderrek, nire lagun minak, WhatsApp-en bidez esan zidan aspaldi erabaki zuela espazio publikoetan ez zuela ahoa irekiko bere aurretik hitz egin dutenen erdiak behintzat emakumeak izan arte. Erabaki hori hartu zuenetik ezin izan du foro publikoetan hitz egin, emakumeak ez baitira inoiz iristen kopuru horretara. Beste batzuen kasuan, arzalpenak egiten dituzten onarpena ere jaso dut, espazio publikoetan oso eroso sentitzen diren isla.

Beraz, eta beste gai batzuekin gertatzen zaidan bezala, argi dago guri, emakumeoi, dagokigula ahalduntzearen bidean jarraitzea, eremu publikoen konkistan, kasu honetan. Baina ai gizonak, zuei beste ardura galanta ere badagokizue; eta ez, ez da aurrerapausoa eskatzen dizuedana, atzerapausoa baizik. Barne behar horren kontrola, dakizuena agerrarazteko sentitzen duzuen desioa zapuzteko indarra. Protagonistak izateko heziak izan zaretela badakigu, eta ondorioz ariketa hori zuentzat benetan zaila izanen dela ohartzen naiz. Eta gogorregia ez izatearren, okurritzen zait zuen egoak asetzeko modua. Kamisetak zuentzat eginen ditugu, isiltasunaren maisua leloarekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.