Srebrenica. 8.000 pertsona masakratu, zigorgabetasun osoz, han ziren kasko urdinek beste aldera begiratzen zutela. Lotsa orban bat Mendebaldearen kontzientzian (eta orbaina hango komunitatean, seguruenik ez ondo itxia). Azken sarraski erdiragarria Europan II. Mundu Gerraz geroztik, herri bosniarraren izena Europako martiri-herrien zerrendara gehitu zuena: Gernika, Lidice, Oradour sur Glane, Babi Yar…
Kontzientzian orbana edukitzeko lehenik eta behin kontzientzia behar duela izan Europak esango du inork, eta ez dabilke oker, baina kontzientzia izan, badu. Unilaterala dela, horixe kontua (monoteista, esan lezake JGk). Kontzientzia-orban horrek daramatza, hain zuzen, Alemaniako hagintariak Israelen sustengu irmo izatera, genozidioaren aurrean begi eta belarriak ixtera, Srebrenican kasko urdinek bezalaxe. Lotsagarriago, egia esan.
Gaza ez da martiri-herrien zerrendara gehituko, aurreko beste askotan baino askoz hildako gehiago, triskantza handiagoa, ekintza bidegabeagoak jasanagatik ere. Lehendik ere merituak eginak zeuzkan, eta efemeride bat baino ez zen, Gazaren aurkako sarraskiak gogoratzen baititugu berri bat gertatzen denean, ez bestela. Oraingoa markak haustera dator: 45.000 pertsona erailda, horien artean gehienak pertsonak, eta gutxienak ere bai: handi, txiki, ertain, jaioberri, jaio gabe, ama, aita, alba, seme, biloba, iloba, mediku, erizain, kazetari, langile, langabe, ikasle, saltzaile, erosle (irudi baitu batzuetan haur gutxiago hilda bidezkoagoa dela hilketa). Bizitokien destrukzio erabatekoa, gosetea, azpiegituren suntsitzea, ospitale eta kanpamentuen aurkako bonbaketak, elbarriak… Etenik gabe, egunero. Atzo ere bai, eta gaur, eta bihar, gure pantailetara jada hedatze-uhina lausotuta iristen bada ere. Ez dago zer erantsi, hamaika aldiz esan dugu, artikulu hau beste bat gehiago da, ez berri bat, eta hala ere idatzi egin behar. Hain da…! Eta batzuk, hala ere, suzko bonbak bota dituzten bezala, zalaparta isildu eta gutxira saiatuko dira isiltasun-lehergailuz estaltzen mundua: adiskidetzeaz eta elkarbizitzaz mintzatuko dira.
Bertzeak bertze gerra bat hizpide duen eleberri batean irakurri berri dut elkarrizketa non, erasopean daudelarik, azkenetan, pertsonaia batek besteari diosal egiten dion —biak borrokan ari dira— ongi etorria eginez «lubaki ekibokatura». Ez dela lubaki ekibokatua, erantzuten dio besteak, gerra galduko duen lubakia baizik.
Horretan baitatza guztia: nork irabazi.
Siriako lehen ministroa eta bere taldea terroristen zerrendatik kenduko dituzte Mendebaldeko gobernuek, AEBak buru. Jarduna aldatu duelako? Ez, noski. Irabazi egin duelako.
Terrorista eta askatasunaren gudaria izate beraren aurkia eta ifrentzua baino ez dira, geopolitika inperialista eskizofrenikoaren eskuliburuetan.
Ezin jakin noiz arte luzatuko den Ukrainako gerra, baina Vladimir Putin desterroristatzen ikusi ahalko dugula batere dudarik ez dut, Kaukasoko balnearioren batean harrera egiten orain etsai hilezkorrak dituen batzuei. (Kaukaso, non martiri-herrien zerrenda gizentzeko adinako istorioak egon badauden, baina nola haiek gerra galdu zutenen mapan dauden…). Taldez aldatu den futbolariari —talde gorrotatura joanez— baino askoz errazago barkatzen zaizkie krimenak dekretu bidezko hiltzaileei.
Gaza martiri-herrien zerrendan sartzea ez dut aldarrikatuko, dena den. Ez ditut martiriak maite: heriotza eta mina darie. Iluna. Heroiak ere, fikzioan nahiago, edo, bestela, anonimatoan.
Memoria eta justizia nahiago, kontzeptu hauek ere laharrak baino arantza gehiago badituzte ere.
(Justizia ez mendeku zalea, alegia, ez mendekua justiziaz mozorrotua; orain arte behintzat. Gazako kasu honetan…)