elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Arteta ahazteko bidean?

2016ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Askotan landu zuen Aurelio Arteta pintoreak (Bilbo 1879-Mexiko 1940) erromeriaren gaia. Izen ezberdinekin —Erromeria, Festara bidean, Aurresku—, eta tankera ezberdinetan. Berangoko Erromeria, adibidez, baserri girokoa da zeharo, eta Durangoko Erromeria, aldiz, urbanoa, Parisko bulebarretako oihartzun eta guzti. Azken horretan izan ezik, elementu jakin batzuk errepikatzen ditu erromeriei buruzko pintura gehienetan: emakume pandero-jolea eta erramu adarrean sartutako erroskillak.

Azkena, Euskal Erromeria izenekoa, Mexikon pintatu zuen, exilioan. Enkarguzko lana izan zen, eta erabat osatu gabe geratu zitzaion; sinadurarik ere ez dauka. San Telmo museoan egoten da margolan hau, baina egun hauetan Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan dago ikusgai. Eta, hain zuzen ere, obraren inguruan tertulia interesgarri bat egin zen hilaren 11n. Hasteko, Javier Gonzalez de Durana artean adituak koadroaren irakurketa egin zuen. Barrenean, mendia —garai hartako euskal pintore askoren totema- eta haren gainean ermita; alboetan zuhaitz bana, eszena osoa bilduz. Mendiaren magalean, jendartea; erdian, fandangoa edo arin-arina dantzatzen ari den bikotea. Kontu bitxia hauxe: musika bi aldetatik datorrela; ezkerrean, nabarmenago, txistularia eta atabalaria ari dira jotzen, eta eskuin aldean, lausoago, soinu-jolea eta pandero-jolea —emakumezkoa, jakina-.

Koadroaren historiak baditu bere kiribilak. Mexikon bizi zen euskal aberats batentzatpintatu zuen Artetak Euskal Erromeria; baina, lana bukatu gabe zegoela-eta, aberats hark ez omen zuen azkenean erosi. Haren lekuan, beste euskal aberats batek eskuratu zuen: Debako Jose Manuel Ostolazak. Filantropoa, bere abizena daraman fundazioaren sortzailea jaioterrian, errepublikanoa... Artetaren koadroa Gipuzkoako Diputazioari utzi zion dohaintzan, eta horrela iritsi zen San Telmo museora.

Artetak erromeriak, baserritarrak eta arrantzaleak erruz pintatu zituen, eta baita langile giroko eszenak ere. Langile auzoa izenekoan, solairu askotako etxe luzeak ageri dira, langileentzako etxe tipikoak; keztatuta bezala dago dena, erreta belarra ere. Han doa, aldapan gora, emakume bat eskuineko besoan haurra duela, ezkerreko eskuan saskia, buru gainean ontzi bat... lanpetutako emakumea. Atzetik, bi gizonezko; gazteena eskuetan daraman egunkaria irakurtzen. Garbi adierazten du Artetak hor langileekiko ikuspegi enpatikoa. 36ko gerraren inguruan sortu zituen lanetan berriz, —Frontea, Herri baten ebakuazioa, Exodoa...— azaltzen da Arteta konprometituena, eta lortzen du gerraren drama transmititzea, ikusleari begiak bustiarazteraino.

Artetaren modernotasunari hurrengo belaunaldiko beste pintore batek jarri zion azpimarra: Bixente Ameztoyk. Artetaren Arraunlaria hartu, arraunaren lekuan gitarra elektrikoa jarri esku artean, belarritakoa ere jantzi, eta aldamenean emakume sofistikatu bat ipini zion, betaurreko beltz eta guzti. Haien atzean —nola ez— erromeria ageri da, Ameztoyk hain gogoko zituen poxpolinak dantzan. Hain zuzen ere, dantzaleku baten inauguraziorako asmatu zuen margolariak kartel hura; Itziarko gazteek 70eko hamarkadaren bukaera aldera sortu zuten Mandiope dantzalekuaren irekiera iragartzeko.

Burdinbideetako langilea zuen aita Artetak, Trenbidea pintatu zuen, baita hirietako tranbiak ere, eta, hain zuzen ere, tranbia batek izandako istripuan hil zen, Mexikon; hilaren 10ean bete ziren 76 urte. Iaz, 75 urteko data borobila izanik, Bilboko San Frantzisko auzoko ateneo libertario batek egin omen zuen zerbait haren omenez—Gonzalez de Duranak esan zuenez-, baina ez zen bestelako inolako aipamenik izan. Urteurrenetako ospakizunak konbentzio hutsak dira, ados, baina euskal iruditeria askotarikoa finkatu zuen artista ahaztea... Barkaezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.