Lucia Berlinek eltxo bat ekarri dit pentsamendura, eta urteko lehen zutabean intsektua kanpora atera nahi nuke. Estreina katartiko bat egin, egunkari honetan 2025eko ibilbide testuala apur bat aseago has dezadan, edo burua okupatzen didan moskitorik gabe, bederen.
Idazle estatubatuarraren ibilbide literarioan fikzioak asko du bere biografiatik. Berlinek bizitza literatura-material bihurtu zuen eta idazteari eutsi zion, bere existentzia bihurria lehengai literario bilakatuz.
Berlinen aita meatze-ingeniari sartu zen Txileko kobrearen industriaren modernizazioa bultzatzeko. Izan ere, berrogeigarren hamarkadan kobrearen enpresa estatubatuarrek ekoizpen-kostuak murriztu eta Txileko produkzioa handitzea bilatzen zuten nazioarteko merkatu lehian. Oro har produktibitate-mailek gora egin bazuten ere, lan-baldintzak prekarizatu egin ziren, kobrearen industriako gizarte- eta lan-gatazka areagotuz.
Lucia Berlin familia osoarekin mudatu zen bertara, eta Santiagon emandako urteak nahikoak izan ziren bere idatzietan ere alter ego baten arrastoak uzteko.
Txilen bizi izandako esperientzia jasotzen duten ipuinetako bat da, esaterako, Buenos y malos (Manual para mujeres de la limpieza liburu antologiko ezagunaren parte). Interesgarria da istorio honetan nola fikzionatu zuen idazleak bere nerabezaroko metamorfosia: klase ertaineko gazte estatubatuar arrunt izatetik, Txilera mudatu eta klase altuko biztanle izatera pasatu zen.
Santiagoko kolegio iparamerikar pribatu bateko ikaslea zen Adele, eta aita estatubatuar aberats guapoen alabak ziren bere ikaskide guztiak. Dawson andereñoak, ordea, ez zuen aita horiekiko estimu handirik erakusten, 'gaiztoak' zirela iradokitzen zuen bere Historia klaseetan. Hori ez zen arrazoi bat gehiago besterik ikasleek, eta Adelek berak, ikastetxeko Historia irakasle berriaren izerdi usainaz, untxi hortzez eta azentuaz trufatzeko. «Bazirudien are itsusiago jarri nahi zuela zopa-orbanekin eta koloretako galtza maskulino zimur haiekin. Ez zen pobrezia-alardea besterik...». Gainera, Txileko meatzarien egoerarekin eta Estatu Batuak kritikatzearekin obsesionatuta zegoen irakaslea. Eta ikasleei begiak ireki nahi zizkien Santiagoko miseria erakutsiz.
Adelek iraultzaileak ezagutu nahi zituen, «'gaiztoak' zirelako». Eta Dawson andereñoarekin 'gaiztoen' beste Txile hori ikustera abiatu zen.
Arratoiak ziruditen jendez betetako zabortegiak ezagutu zituen, irakaslea bezalako jende itsusiz eta makurrez josiak. Deskonposizio eta janari ustel usainez gosari bila dunan gora egiten zuten haur eta emakume zikinak. El Niño Perdido Umezurztegia ezagutu zuten: erreduraz betetako umeak, sudurrik edo belarririk gabekoak, ume gor-mutuak, ume sifilitikoak, ume zoroak. Larunbat gauetan antzezlan iraultzaileetara edo poesia irakurraldietara joaten ziren. Estatu Batuetako enbaxadaren pareko langile protesta batean ere egon ziren, aitaren lagun batek kalean topatu eta besotik tiraka atera zuen arte.
Halako etxera buelta batean, aita golferako prestatzen ari zela, Historiako irakasleaz nahi gabe zera atera zitzaion:
— Komunista da.
Aitari esandako bi hitz horiek nahikoak izan ziren Dawson kolegiotik botatzeko.
Bizitzan eraikitzen ditugun (eta eraikitzen zaizkigun) bunker etikoez pentsarazi zidan Berlinek. Familiak, eskolak eta klase sozialak (besteak beste) sortzen duen norbere-zementuzko-burbuila-hori zein hauskaitza den. Zaila da zinez, umetatik Ongia eta Gaizkia afektiboki ikasiak direnean, gaiztoen mundua hurbiletik ezagutu nahi izatea. Beldur, (auzo-)lotsa, pribilegio-galera eta bestetasun-harresi erraldoi bat baitago tartean. Baina eskerrak Dawson guztien erresistentziari.
Eltxoa nire pentsamenduan hegan: Nor dugu bestetzat? Nor gaiztotzat?