elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Arroilarako bidaia

2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Gaztetxotan Aralarrera joatea niretzat espedizio moduko zerbait zen. Eta orain, Laponiara joatea niretzat oso leku erosoan sentitzea da, askotan joan naizelako. Lehen gertukoak zeukan indarra handiagoa zen orain urrunekoak daukana baino». Josu Iztuetak Estitxu Eizagirreri egindako aitorpenetako bat. (Gakoak, Argia, 2023ko abuztua). Ez zait ahazten, 1980an, Nairobitarra autobusa—eta proiektua— martxan jarri zutenekoa berak eta Anjel Ortizek. Harrezkero, Iztuetak bizibide —eta bizitzeko modu— izan du bidaiatzea.

Bidaiatu, ordea, ez edonola, irizpide batzuen arabera baizik: «Jendeak ez du etxekoa ezagutzen eta Victoria ur-jauzietan egon da, Iguazun, Niagaran... Eta gertukoa? Hori edozein asteburutan egiteko modukoa dela uste dugu baina inoiz ez da asteburu hori iristen». Urrutikoa lehenestearen atzean dagoen klabea ere biluzten du Iztuetak: «Bidaiatzea lehen baino askoz errazagoa eta merkeagoa da eta horregatik bihurtu da kontsumo produktu bat». Horren adibide, Euskal Telebistak opor usaina hartu orduko Loiuko aireportuan egin ohi dituen erreportaje publizitarioak, hegaldien kontsumoa hauspotuz.

Urrutirako bidaiari alferra izan naiz ni, eta honezkero, ez dut joera aldatuko. Baina txangozalea banaiz. Aurtengo udan egin ditudanen artean bat, Arga ibaiaren ertzetik doanibilbidea, Iruñetik, Burlatan zehar, Atarrabiaraino—hurrengoan Orikaineraino—, tokietara oinez iristeak daukan xarma dastatuz. Itxura eman zidan iruindarrentzat hori dela nik etxetik abiatu eta Urumearen albotik Astigarragaraino egin ohi dudan paseoaren antzekoa, xumea, baina hiriaren eta haren inguruaren beste aurpegi batzuk erakusten dizkizuna. Baratza ederrak Argaren alboan; Loiolako kuartelak eta Martuteneko kartzela Urumearekin paraleloan; piraguistak bi ibaietan. Ez dago turista taldeei roiloa sartzen dien gidariren beharrik, eta beste Donostialde bat —eta Iruñealde bat— deskubritzen ditu ibiltariak.

Aralarren ere sarraldi batzuk egin nituen abuztuan. Eguzkiak gogor joko zuela iragarri zuten egunean, apenas ageri zen mendizalerik. Hurrena, eguraldi egokia aginduzutenean meteorologoek, laino itxia topatu genuen Igaratza aldean genbiltzanok. Hirumugarrietara igotzeko asmotan joandakoek atzera egin zuten. Mendiak ezartzen dituen baldintzei men egin beharra dago.

Hurrengo baterako begiz jota daukadana Irunberriko arroila da. Izan nintzen han aspaldi batean, baina berriro joateko irrikaz nago Pako Aristiren Irunberri, 1990: Arroilaren negarrairakurri ondoren. Ez da liburu irentsi erraza, oinarrian tragedia latzabaitago: 1990eko ekainaren 26an ETAko bi kide —Susana Arregi eta Jon Lizarralde— hilda agertu ziren paraje hartan, eta hirugarren bat —German Rubenach— larri zaurituta. Guardiazibil bat ere hil zen operazioan: Jose Luis Hervas sarjentua.

Liburuaren funtsa ikerketa lan izugarria da; egileak dioenez, «Oñatiko Gure Bazterrak fundazioak bultzatu eta babestu» duen ikerketa. Aristik berrogeita bi norbanako nahiz talde aipatzen ditu gertaera argitzeko ekarpenak egin dituztenen artean. Izan ere, Pako Aristik ikerketa kazetaritzari heldu dio bete-betean, zirrikitu guztiak aztertu eta kontrastatuz. Galdera ikurrak geratzen dira oraindik zintzilik, baina bere garaian kasua eskuartean eduki zuen Maria Jesus Erroba Aoitzeko epaileak egindako txostena, eta Jose Luis Corcuera Barne ministroak jakinarazitako bertsio ofiziala kontraesanez iltzatuta ageri dira.

Gauza da Pako Aristik egin duena ez dela txosten huts bat, euskarazko ikerketa kazetaritzari bidea zabaldu dion lana baizik. Gainera, literaturan ere jarduten duen idazlea denez, asmatu du irakurlea harrapatzeko moduko kontakizuna egiten. Irunberriko arroila miatzeko gogoa pizten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.