Irati Zubia Landa.
ARKUPEAN

Arrisku manufakturatuak

2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Azken asteetan Cadreitako kontserba enpresa batean, Algortako igogailu bateko lanetan eta Donostiako metroko obretan izan dira istripuak. Irailean, aste berean hiru langile hil ziren: baso-langile bat Elorrion, sagar-bilketan zebilen bat Adunan, eta nekazari bat Fiteron. Hernaniko paper fabrikan makina batek bi langile zanpatu zituen, eta Lantziegoko upategi batean hiru langilek anhidrido karbonikoa arnastu. Batek konortea galdu zuen, besteek bizia.

Titulu lazgarri askorekin gertatzen da: gertutik bizi duenak sentituko du kontrako eztarritik listua, edo sabeletik gora karkaxa; baina, erreakzio ohikoa izan ohi da indiferentzia. Krudelkeriaren normalizazioak basakeria fondoan piztua duzun irratiaren tonu bilakatzen du. Lan-erailketak ezin dira erreduzitu istorio indibidualen bildumara, egiturazko arazoen parte dira. Gaurkoan, ordea, ezin izan dut Ainararekin (asmatutako izena da) ez akordatu. Hots egin diot. «Har dezakegu kafe bat, amiga?».

Automatizazioa eta robotika industrialeko ikasketak burutu eta Donostiako estoldetan ibili da Ainara, udalak azpikontratatzen duen enpresa batean. «Lan mota hau beti azpikontratek egiten dute. Eskuz esku pasatzen da dirua eta katebegiko azkenari baliabide gutxien eta inork nahi ez dituen lanak uzten zaizkio». Klasean neska bakanetakoa zen, lantokian bakarra. Nagusiek «zurekin apustu bat egin dugu» esan zioten, eta bikoitza demostratzeak dakarren presioa batu bizkarrera, zorretan egongo balitz bezala.

Aurretik zegoen langilearen material eta arropa utzi zizkioten: handiegi zituen kasko eta arnesa, zegokiona baino bi taila handiagoko eskularruak eta 42 zenbakiko segurtasun-botak. Ainarak 39a du, botak jantzi bezain pronto egin zuen estropezu. Erosi zituen berriak bere poltsikotik. Azaldu dit materialak erabilera indibidualekoak badira ere, normalena dela langileek partekatzea. Horregatik, neurri estandarrak erosten omen dituzte. Noski, bere emakume gorputzak ez zuen horrekin bat egiten.

Enpresan hasi eta gutxira jakin zuten bi kidek bizia galdu zutela. Prebentzio-ikastarora bidali zuten, eta denak nahiko normal segitu zuen. Bertan aipatzen ziren egoera irregular ia denak identifikatu zituen bere egunerokoan. Ikusi zuen ere maiz nagusiek eskuak zuritzeko balioko dien sinadura bila bidaltzen dituztela langileak bertara. Kide bat atzerritarra zen eta ez zuen ez euskara ez gaztelera ulertzen. Inongo baliabiderik gabe bidali zuten hara, finean, zerbait gertatzen bazitzaion «ikastaroa behintzat egina zuen» esan ahal izateko. Zapalkuntzak gutxitan datoz isolaturik, ardatzen norabidea ez da paraleloa. Patriarkatua, arrazismoa eta prekaritatea gurutzatzen direnean, arriskuak ere bikoitzak eta hirukoitzak dira.

Nagusiek iskin egindako ardura hori lankideen gain erortzen da azkenburuan. Behin, Sagueseko ur zikinen depositura jaitsi ziren Ainara eta bi kide. Eskatu zuten bonbona semiautonomoa ukatu zietenez, FP2 maskararekin. Marea igo eta euria hasi zenean, ozta-ozta irten ziren pasadizotik. Hirurek sentitu zuten, bat zuloan geratu balitz, errua beraiena izango zela. Eta, erantzukizuna langileengan jartzen ez denean, Ainarak bezalaxe ziur zuk ere aditu dituzula «tristea da, baina gauza hauek gertatzen dira» eta halakoak.

A. Giddens filosofoak arrisku externo eta manufakturatuak bereizi zituen. Lehenak, kanpotik datoz, alegia, giza jarduerarekiko independentea den iturri bat dute, adibidez, lurrikara batenak. Bigarrenak, produkzio-sistemek ekoizten dituzte. Zehazki, sistemak normal funtzionatu ahala produzitzen dira, eta, beraz, sistemak normal funtzionatu bitartean segituko dute edo areagotuko dira. Iaz 69 heriotza manufakturatu ziren; aurten, 43 gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.