Garazi Kamio Anduaga.

Arrautzak

2025eko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Has gaitezen txistearekin: arrautzak garesti daude Estatu Batuetan. Burura Donald Trumpen erokeria progresiboa etorri bazaizu, ez doa hortik gaurko kontakizuna eta ezta ere Elon Musken hamalaugarren semeari zure izena jarri ote dioten. Ez, txokolatezkoak izan gabe beti oparitxoarekin datozen horietaz ariko gara, nahiz eta lehenengo lerroetan hegazti kontuekin ariko garen. 

Hegazti gripeak astindu ditu Estatu Batuak eta oh, mamma! Arrautzarik gabe utzi ditu bertakoak. Dozenaka edo dozena erdika saldu beharrean, gaur egun arrautzak banaka saltzen dituzte Atlantikoaren beste aldean. Nahiko lan Trumpen zirkua telebista bidez jarraitzearekin edo nola geratu pentsatzearekin, ezinbesteko jakiak euren presidenteak baino balio handiagoa hartu duela. Gripeak Zelenskiren antza hartu du eta, hara, ezinbestekoa dena eskutik alde egitear daukate. 

Badakigu zer gertatzen den arrautzek kolpez lurra ukitzen dutenean, eta ez esan kontrakorik: ze mina ematen duen jana galdu dela ikustean. Konparaketa merkeak egiten hasita, puskaezinak diren arrautzei buruz hitz egitea ere beharbada badagokigu; eta bai, orain bai ari naiz aurreko lerroetan buruan izan dituzun arrautza horietaz. 

Urte honen amaieran beteko dira hogei urte Lourdes Iriondo hil zela. Itzali zen bere ahotsa eta amaitu zen bere istorio txikitua, harik eta Jon Martin Etxebestek berreskuratu duen arte. Korrontearen kontra egin zuen igerian, berdin dio zein diziplinatan: garaiko egoera politikoaren aurka, burutik bi milimetrora zuen beirazko sabaiaren kontra eta baita ere gizonezkoen itxura hartu zuen Ez Dok Amairuren korrontean lepoa tente mantentzen. Historiak egin du bere lana, ohi duen bezala, eta zokoratu egin zuen Lourdes Iriondo. Ariketa txikia egitea besterik ez dago: Ez Dok Amairu osatu zutenen izenak gogorarazteko eskatuz gero, gizonezkoen izenak etortzen zaizkio gogora bati baino gehiagori. Eta hor zegoen Iriondo, izen maskulino horien artean igerian, korrontearen aurka besoak zabalduz. Kanta ederrak idatzi eta kantatu zituen, haurrentzat antzezlanak idatzi eta taularatu, beharra zutenei bere laguntza eskaini… Baina antza denez ez da nahikoa bere izenak merezimenduaren bidea har dezan. 

Tim Burton zinegilearen Big Eyes filma etorri zait akordura, Keane senar-emazteen istorio hura, zeinean emazteak sortzen zituen artelanak senarrak sinatzen zituen. Ikusi ez duzuenontzat, asmatu nork lortzen zuen fama. Noski, Iriondorena ez zen antzeko istorioa izan baina beti ikusi izan genuen maisuaren ondoan, Xabier Leteren alboan. Eta jaun-andreok, Xabier Letek maisulan itzelak egin zituen bezalaxe, Lourdes Iriondok sekulako maistralanak egin zituen. 

Aurreko lerroa idatzi dudanean, ordenagailuko testu zuzentzaileak maistralan hitza azpimarratu du, halakorik egongo ez balitz bezala, hiztegia ukiezina delakoan. Aldaerekin jolasean ibilita eta ordenagailuko zuzentzaileak ezer azpimarratu gabe, gure gizarte honetan gauza ukiezinak daudelako, arrautzak esaterako. Oraindik ere gizonezkoak baitira masa mugitzen dutenak, izan politikan edo kulturan. Eta horretarako ez da zertan Estatu Batuetara begira jarri beharrik, etxetik hastea nahikoa da. 

Beharbada iruditu dakizuke kasketa txiki bat dela hau guztia baina ez, zurikeriaren beldurrez ari naiz idazten: azalduko dira datorren larunbateko manifestazioetan eszenatokietara igotzeko guztiok aukera eta traba berak izan ditugula dioten horiek morez jantzita. Beti dago urtean egun bat morez jantzita zuria izateko, arrautzak ondo helduta, hautsi ez daitezen. 

Olaia Inziarte izan dut orain arte aurikularretan, teklek sortu duten festarekin batera. Ohituta dago korrontearen kontra igeri egiten, beste asko bezala. Izango dute besteon bultzada, pazko-arrautzak bezain koloretsua izango dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.