elixabete garmendia lasa

Arrakala nabarmen batzuk

2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Pantailan, enpresako goi kargua ari da bere bulegotik telebistarako adierazpenak egiten. Eta antzematen zaio kameraren ondoan daukan prompter-ari begira dabilela, begiak ezker-eskuin mugituz, lerroz lerro irakurtzen. Azkenaldian behin eta berriz topo egiten dut ETBko albistegietan grabazio mota horrekin. Lehenengo eta behin, harritu egiten naiz komunikazio aholkulariak nola ez dion irakurtzeko modu aldrebes hori zuzentzen enpresa gizonari (gizonezkoak izan ohi dira, bai). Horrek baino gehiago kezkatzen nau, ordea, muntaia osoak. Alegia, kazetarientzako prentsaurrekoa izan ordez, kazetaririk gabeko jardun solipsista da. Horrek iradokitzen du lezio itxi bat dela kamerari jaurtitako diskurtsoa, letra bakarra aldatu ezin zaion jarduna. Hori baino lehen hasi ziren politikariak prentsaurrekoetan kazetarien galderak debekatzen; modu horretara ziurtatzen dute adierazpenak bere hartan iritsiko zaizkiela ikus-entzuleei, txintxo-txintxo, zalantzari, kontrasteari edo ikuspegi zabalagoari zirrikiturik utzi gabe.

Komunikazio sareko bitartekoak ugaldu diren neurrian, beste bide batzuk ere erabiltzen dituzte politikariek mezuak hedatzeko. Adibidez, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak txio hau zabaldu zuen hilaren 18an, industriako klusterren ordezkariekin egindako bileraren harira: «Euskadiko 16 industria-klusterrek osatzen duten Industria Abagunearen Behatokian argi geratu da euskal industrian baikortasuna dela nagusi. Aurreikuspen positiboak, batez ere, enpleguan eta I+G+B inbertsioan, bai eta eskaera-zorroan, fakturazioan eta esportazioetan ere». Herenegun Urkullu lehendakaria, Sanchez presidentearekin batera, Mercedes Benz-ek Gasteizen daukan lantegian izan zen, elektrifikazioaren inaugurazioan; epe luzerako etorkizuna ziurtatzen omen dio horrek enpresari. Primerako mezuak, jakina, ugaldu egiten dira hauteskundeen atarian.

Jaurlaritzaren kasuan zaila gertatzen dena da lehendakaria nahiz sailburuak gizarteko beste eragile klase batzuekin ikustea, esaterako, sindikatuen ordezkariekin. Tapia sailburuak berak izan berri du bilera ENBA, EHNE eta UAGA sindikatuetako kideekin, nekazaritzaren arloan dagoen ezinegona eta protestak direla-eta. Industriako eta beste esparru batzuetako langileen sindikatuekin, ordea, —ELA, LAB eta konpainiarekin— egin al dute bilerarik aspaldian? Urkullu lehendakariak gonbidatu al ditu noizbait Ajuriaenera? Edo gerturatu al da inoiz lehendakaria sindikatu horien ospakizunen batera, industria, merkataritza, turismoa eta abarretako erakundeen hainbat  ekitalditara joan ohi den bezala? Badirudi lehendakaritzan ez direla jabetzen gizartearen zati galanta —eta erabakigarria— ordezkatzen dutela langileen sindikatuek.

Hauteskundeetarako kanpainaurre bete-betean gauden honetan, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak bota du —gazteleraz— bazterrak astindu dituen baieztapena: «Ez dut uste euskara Osakidetzan sartzeko oztopo bat denik; izan gaitezen serioak». (BERRIA, 2024-03-23). Alegia, euskara jakitea ez dela baldintza beharrezkoa Osakidetzako profesionalentzat, ez gaur egun, ezta —dirudienez— etorkizunera begira ere; eta hori, seriotasunaren izenean! Pradalesen hitzetan ispilatzen da, lehenengo eta behin, euskaldunok ditugun —praktikan izan behar genituzkeen— hizkuntz eskubideen ukazioa. Eta, bide batez, medikuntza euskaraz garatzeko asmo izpirik ez edukitzea. Behin berriro ere, herri honetako hizkuntza eta hiztunok txokora kondenatuta. Eskerrak Zaldieroaren konplizitatea topatzen duen batek De Rerum Natura-n.
 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.