Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

'Armak', berba hori

2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Honezkero bukatuta eta modu onean espero. Zeren hau idazten ari naizenean, oraindik ez da, inoiz aipatu izan dudan bezala, azken-aurreko ekintza burutu. Distantzia pixka bat hartu nahi izan dut datorrenetik, eta dakidanez mundua isiltzeko moduko ahots durundua egongo dena, soinu eta garrasirik handienak aste honetan izandako sarraski eta zorigaitzik zoragaitzenei jarri nahi dizkiet. Ez dudalako nahi munduko pobre eta ahulenei gainera etorri zaien zeruko madarikaziorik krudelena hogeita lau orduko berria izatea. Ezin ditudalako umeen bizigabeko begiak burutik kendu, ezin dudalako ulertu zer onura ekar diezagukeen lurrak irentsi dituen itxaropen xumeen desagerpenak. Eta berriro ere nabaritu dudalako sentsazio hori... Zein gutxi balio duen makurturik bizi behar dutenen arimak! Eta zein arima gutxi duten makurturik biziarazten dituztenek!

Ikaragarria iruditu zait bizi izan dugun astea. Bihotza txikitu egin zitzaidan Putumayoko eskualdeko Mocoan ikusi nuenarekin. Lurra haserretu egin zela diote, seme-alabak erraietara sartu eta bereak egin nahi zituela berriro eta betiko; hirurehundik gora omen. Gerora jakin dut Mocoan deabru guztiak bildu zirela infernua sortzeko. Mendi eta ibaiez inguraturik dagoen herrian, etxebizitzen ezegonkortasuna, deforestazioa eta indarkeriak sortu omen zuten kataklismoa. Gerora jakin dut inguru txiro hori aberatsak egiteko eta desegiteko balio duen kokaina madarikatuaren paradisua dela, eta Kolonbian ekoizten den ehuneko laurogeia bertan sortzen dela. Jakin dut abeltzaintza eta, batez ere, oraingoan ezer gutxirako balio izan duen errepidea egiteko zuhaitz hektareak moztu dituztela. Jakin dut ibaiak hain daudela hondakinez beteta, non ura biderik ezin topatu baitabil. Eta ondorioztatu ahal izan dut gizakion inuxentekeriak, utzikeriak, edo maltzurkeriak, edo hirurek batera, naturari leporatu diotela «ezbeharra». Ahaztu egiten zaigu gaixotasuna ez dela sukarraren erruz sortzen, sukarra ere ondorioa dela. Zenbat eta kalte gehiago geure ingurugiroari, orduan eta sukar gehiago; eta normalean botikarik ez dagoen tokian.

Neurrigabekoa ere Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena. Picassok berak ere ez luke irudi salagarriagorik marraztuko. Gasa izan omen da. Inork bere gain hartu nahi ez duen gasaren isurketa hiltzailea. Eta mundua zer egin ez dakiela asaldaturik agertzen zaigu. Jan Shijún izen ederreko herrian 75.000 gizaki daude, ez dakit bizi edo bizirik irauten, bertakoak eta beste herrialdetatik babestera etorritakoak. Eta hor zabaldu da ikara. Bi minutu nahikoak ei dira orratz baten buruan sartzen den gasaren isurketak hamabost minutuan pertsona bat hiltzeko. Eta denok ikusi dugu Jan Shijún estaltzen zuen lainoa. Ikusi eta negar lazgarriak ere bai bere familia guztia lurperatzen zuen aitari entzun nizkionak; bizitza ehunetik zerora, osotasunetik hutsik gordinenera, amen batean. Ume talde bat ere ikusi dut, begiak eta besoak zerurantz zabalik heriotzak bat-batean harrapatuta; geldi. Eta gu denok, hemendik, geure leiho leloaren aurrean ikaraturik, baina hotz. Eta mendekua. Zigortu nahi izan dio Herri boteretsuak hango gaizkileei, beste batzuen aldarrikapen eta nork duen zilegitasuna eztabaidatzen duten bitartean.

Arma kimikoak, biologikoak, suzkoak edo klimatikoak; denak ala denak gizakiak sortutakoak, denak madarikatuak, denak gizakia bera akabatzeko. Hemen bitartean, denok gure Herriko erakunde armatuak erakunde besterik ez dela izango iragarpenari zuhur. Eta ez badut erakundearena oso ondo ulertzen, pozten nau munduak tresna hiltzaile gutxiago izateak, eta espero dut honek ekarri dizkigun beste ondorio lazgarriak ere konpontzen joatea. Ederra litzateke Mundua gure mundu txiki hau bihurtuko balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.