Duela hamabost egun, hona batzokiak hizpide ekartzeko testua prestatzen ari nintzela, Engrazio Arantzadi, Kizkitza zenaren Ereintza liburu historikora jo nuen datu baten bila.Azkenean liburu osoa irakurri nuen, dagoeneko ez dakit zenbatgarren aldiz. Eta jakina, Sabino Aranaren eboluzio españolista (sic) enigmatikoarekin egin nuen topo, Arantzadik berak 1903an Arana hil eta lau egun beranduago La Patria aldizkarian aipatua, hamalau urte beranduago (1917an) Euzkadi egunkariko artikulu ospetsuan sakonago aztertua eta 1935eko aipatu liburuan berriz ekarria. Aste Santuko egunetan zerbait egin behar eta gaiari buruz historialariek idatzi izan dutenari ere erreparatu nion iritzien mapa osatzeko, horretarako etxeko hainbat libururi hautsa kendu ondoren.
Ez dira gutxi Abandokoak bere bizitzako azken garaietan marraztu zuen ibilbide berriaren inguruan egindako irakurketak, asko euren artean erabat kontrakoak. Kontua da ez ditugula ezagutu Aranaren benetako asmo eta zergatiak, heriotzak gazte eraman zuelako, bere egitasmoa garatu aurretik, inoiz garatuko bazuen. Hemeroteka, korrespondentzia eta lekukotzak izan badira, baina garrantzitsuena falta da. Dena den, gai labainkor honi buruz mende pasatxo batez idatzi den guztia ikusita, ariketa interesgarri bat egiteko aukera ere ematen duela iruditzen zait, ikastolan umetan egiten genituenak gogoan. Hasteko, bil ditzagun han-hemenka eman diren bertsio eta iritzietako batzuk:
1.- Mugimendu taktikoa egin nahi zuen Sabino Aranak. Mugimendu jelkidea geldoegi zebilen hazten eta oraindik abertzaletu gabe zegoen jende berria erakartzeko mugimendu sotil eta artetsua irudikatu zuen alderdi berri bat.
2.- Beraren eta kideen kontrako jazarpen bortitza ikusita (kartzela, erbestea, sede eta medioen itxiera...) legalizazioaren bidea jorratu nahi izan zuen alderdi berri baten bidez politika eraginkorragoa egiteko.
3.- Estatuko gainerako erregionalistekin elkarlana bultzatu nahi zuen, horrela Estatua bera ahultzeko, baina bere betiko helburuei inoiz uko egin gabe. Posibilistago izan beharra zegoen garai haietan.
4.- Benetakoa izan zen bere eboluzioa, benetan horrela pentsatzera iritsi zen eta benetan nahi zuen bide hori jorratu, españolismoarena alegia.
5.- Kartzelaldiek eragindako txakalaldiaren fruitu izan zen hura guztia, Estatuaren garaipena, baina bere irtenbide pertsonalean alderdi osoa nahastu nahi izan zuen.
6.- Bere lidergoa ukaezina zen eta bazekien bere oso gertuko laguntzaileen babesa (Kizkitza berari bidalitako gutunean daude izenak) lortuko zuela alderdiko jendea asmo berrietara lotzen, nahiz eta jakin bazekien errezelo handiak zeudela. Horregatik eskatu zuen konfiantza-boto itsu-itsua.
7.- Bera hil eta urte gutxitara alderdiak hartu zuen indarra aurreikusi izan balu, ez zukeen inoiz horrelako proposamenik egingo. 1902an posible ikusten ez zuena posibleago ikusi ahal izango zuen 1904tik aurrera.
8.- Jabetu zen markoaren aldeko borroka sinbolikoan (independentzia...) denbora gehiegi ari zirela galtzen, ahalegin zentzugabea zela hori eta bitartean herriaren arima hiltzen ari zela. Ahaleginak hor jarri behar zirela, nazioaren izaeran, ez nazioaren forman.
Horra hor dozena-erdi pasa iruzkin beste askoren artean aukeratuak eta adituek idatziak Sabino Aranaren bizitzako hondarreko kapitulua aztertzerakoan. Har ditzagun orain azken hamarkada inguruan Euskal Herrian eta Katalunian pasatu direnak eta jar ditzagun oraingo alderdi, koalizio eta buruzagien izenak zortzi puntu horien alboan, nahi bada izen bat baino gehiago bakoitzean, eta nahi bada izen bakoitza bat baino puntu gehiagotan. Aitor dezadan Aste Santuko berrirakurketak gaurkotasun handikoak iruditu zaizkidala, nahiz eta duela 120 urte inguruko gertakizunei buruzkoak izan. Eta ez dakit hori ona edo txarra den.
ARKUPEAN
Ariketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu