Mendeurrena ospatzen dabil Argia astekaria aurten. Izan ere, 1919an kaputxinoek sortu zuten Zeruko Argia aldizkaritik dator zuzenean gaur egungo Argia. Lerro horri beste bat bildu zitzaion 1980an, kaputxinoek argitalpena bertako langileen esku utzi zutenean; Zeruko-a kendueta Argia hutsarekin geratu zen, Pizkundeko Argia (1921-1936) astekariaren mantxeta hartuz. Beraz, bi iturri horien batura da egungo Argia.
Kontua da Argia argitalpen dekanoa dela euskarazko kazetaritzan; mendea betetzera bizirik iritsi den bakarra euskara hutsezko kazetagintzaren historia osoan. Erdarazko hedabideetan, bik bakarrik hartzen diote aurrea inguru honetan: 1903an jaio zen Diario de Navarrak, eta 1910ean El Pueblo Vasco gisa sortu zen El Correo Españolek. Geroagokoak dira El Diario Vasco (1934) eta Sud Ouest (1944).
Damaso Intza kaputxinoari Txilen igaro zuen 32 urteko exilioa ekarri zion Zeruko Argia martxan jartzeak, argitalpena izenak adierazten duen bezain zerutiarra izan arren. Euskarazko lehen egunkaria —Eguna— gerra betean jaio eta garatu zen, 1937ko urtarriletik ekainera bitartean. EAJren eskutik zetorren; gudariek egiten zuten, Bilbon, Euzkadi egunkariaren azpiegituraz baliatuta. Gerrako ekintza militantea izan zen euskarazko lehen egunkaria. Bigarrenak, Euskaldunon Egunkariak (1990-2003), Argian eduki zuen estreinakohazia; amaiera, berriz, Juan del Olmo epaileak zuzendutako sarraski polizial-judizial hartan. Jazarpenaren bilbea agerian.
«Eguna ez zan egunkari normala izan» zioen bertako erredaktore ohi Eusebio Erkiagak mende erdia pasa eta gero, 1990ean. Normala izatea, horixe oraindik ere helburu eta erronka, euskarazko kazetagintzan. Izan ere, euskarazko prentsak ez ditu sekula tentatu diru inbertitzaileak; barruti honetan ez da egon XIX. mendean La Vanguardia bultzatu zuten Godó anaiak bezalako enpresaririk, edo El Pueblo Vascoko Ybarratarrik.
Bestelakoa da euskarazko kazetagintzaren historia ez ezik, gaur egungo errealitatea. Horren adibide hurbilekoena, denboran eta testuinguruan, BERRIAko akziodunen batzarrekoinformazioan topatu dut: «Soldatak gaurkotzea adostu dute, hamar urtean lehen aldiz. Igo egingo dituzte, nahiz eta oraindik komunikabideetako batez besteko lansarien azpitik egon». (BERRIA 2019-06-02). Militantziak berdindu beharko du, oraindik, sosetan ez datorrena.
Normaltasun ezak beste ertz asko dauzka. Goizalde Landabasok Korte bat, mesedez liburuan (Alberdania, 2000) aletu zituen lehengaia —edukiak— euskaraz jasotzeko oztopoei zegozkienak. Kazetaria euskal hiztunaren ehizan, mikrofono aurrean irratirako —edo telebistarako— korte bat, behintzat, eman diezaion. Izan ere, «Euskal Herrian dauden gizarte-eragile gehienek erdaraz pentsatu eta ekoizten dituzte euren jardun publikoak». Horrela geratu zen jasota arazoa Euskarazko Kazetaritzaren Lehen Kongresuko ondorioetan, 2004an.
Dena dela, hartzaileetan dauka fronterik zailena euskarazko kazetaritzak. Duela urtebete Siadecok, Elkar Fundazioaren enkarguz, euskal kulturaren kontsumoari buruz egindako inkestan, %21ek soilik aitortu zuen euskarazko prentsa irakurtzen zuela; hau da, bost herritarretatik bakarrak aipatu zituen euskarazko hedabideak. Alarma gorria piztuta dago. Hizkuntza eta kultur politiketan planteamendu eta neurri berri, espezifiko eta erabakiorrak eskatzen ditu.
Argiaren mendeurrenak, orain artean, apenas izan duen oihartzunik erdarazko hedabideetan eta zirkulu ofizialetan. Zerikusirik ez iaz egin ziren Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzako mendeurrenen ospakizunekin. Ez dut parekotasunik egiten erakunde horien eta Argia den proiektu kooperatibo, multimedia eta alternatiboaren artean. Baina Argiak euskarazko kazetaritzan ezarritako mugarri hori, hainbat belaunalditako jendearen obra izan den komunikabidearen mendeurrena kontuan ez hartzea, memoria kolektiboan beste zulo beltz bat irekitzea da.
ARKUPEAN
'Argia'-ren mugarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu