elixabete garmendia lasa

Argi-txintak

2024ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan egindako kanpaldietan, 2.200 ikasle atxilotuta. Han-hemenka aipatu den kopuru hori zalantzazkoa izan daitekeen arren, argi eta garbi ispilatzen du unibertsitarioak egiten ari diren mobilizazioen munta: protestak Israelgo Gobernuaren kontra, Gazan su-etena ezartzea eskatuz, eta askatasuna Palestinarentzat. New Yorkeko Columbia Unibertsitateko irakasle den Rafael Yuste zientzialari madrildarra honela mintzatu zen poliziaren jokabideari buruz ETBko albistegietan (2024-05-03): «Hondamendia da. Hautsi egin du Unibertsitatea. Kezkatuta gaude ikasleen osasun mental eta fisikoarengatik».

Ezarian, Estatu Batuetako unibertsitate ezagunen zerrenda berritzen ari zaigu: Harvard, George Washington Unibertsitatea, Yale, Texasko Unibertsitatea… Eta, ezinbestean, gogora ekarri dio garai hartako jendeari joan den mendearen 60-70eko hamarkadetan unibertsitarioek Vietnamgo gerraren kontra —hau da, Estatu Batuetako Gobernuaren kontra— antolatu zuten mugimendua. Helburu bikoitza zuen oldarraldiak: vietnamdarrak bakean uztea eta gazte estatubatuarrak gudara joatetik libratzea. 1975ean bukatu zen gerra, Gerald Ford presidente zela; izan ere, aurretik Richard Nixonek hauspotu zuen guda basati hura garaiezina gertatu zitzaion Estatu Batuetako aginteari.

BBCk UCLAko (University of California, Los Angeles) irakasle den Ananya Roy-ri egun hauetan jasotako hitzak: «Ikasleek orain protestatzen dute Gazaren alde, bere garaian Vietnamen alde egin zuten bezala». Orain Palestinaren ordua baita, eta mobilizazioa munduan zehar zabaldu da, beste herrialde batzuetako unibertsitateetara ere: Kanada eta Quebec-era, Mexikora, Sydneyra Australian, Libanora, Indiara; Frantzian Sorbona, Lyon eta Lillera, baita Alemania, Italia eta Erresuma Batuko unibertsitate batzuetara ere; halaber, Madrilen hasi dira mugitzen. Hemen Ikasle Abertzaleek kanpaldiak egitera deitu dute lau campusetan, Ibaetan, Gasteizen, Leioan eta Iruñean, eta ekimenarekin bat egin dute beste erakunde batzuek ere. XXI. mendeko ikasleen borrokak duela berrogeita hamar urtekoaren indarra hartuko balu…

Bai, badakit, ikasleen mobilizazioek badituzte beren mugak. Baina non eta Estatu Batuetan hasi eta beste hainbat herrialdetan Gazaren aldeko aldarrikapena egiten ibiltzeak itxaropen zirrikitua pizten du belaunaldi berriarekiko. Bide batez, ezin ahaztu kulturaren esparruko eragileek martxoaren 17an Donostian antolatu zuten Genozidioari stop! performanceko irudi hunkigarriak.

Balu, balitz eta antzeko desideratiboetan trabatuta nabil gaur. Eneko Etxeberriaren hitzak (BERRIA, 2024-05-04): «Zergatik utzi behar diot nik semeari halakorik, bila jarraitu behar honekin, ez dut uste bidezkoa denik». Eneko Etxeberria bere anaia Jose Migel Naparra-ren bilaketari buruz ari da, Frantziako poliziak Landetan egindako bigarren indusketa emaitzarik lortu gabe geratu denean. Etxeberriak ez dio semeari opa familiak jasaten duen hutsune horrekin bizitzea, zalantzatik eta galdera ikurretik zintzilik, dolua burutu ezinik; berrogeita lau urte daramatza jadanik Enekok ahalegin horretan, anaia galduaren bila. Ez du etsitzen, eta seinalatzen du baliagarria izan daitekeen jomuga bat: 1968tik Espainian indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea eraistea; alegia, diktadura frankistaren garaiko lege horrek estaltzen dituen gertakariak argitara atera ahal izatea. Agian hor aurki daiteke arrastoren bat Naparraren desagertzeari buruz? Bide batez, ilunpeak estalitako beste hainbat kasu ere berraztertu eta argitu ahal izango lirateke agian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.