Garazi Kamio Anduaga.

Argazkiak

2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Ordubete gutxiago izan zuten hauek ere igandean lo egiteko. Eskerrak ez duten Aberri Eguna ospatzen, beste lan bat gehiago izango lukete bestela. Tira, euren aberriaren eguna ospatzen dute bai, baina urrian izaten da eta urte erdia falta zaie horretarako. Bitartean, beste ezer egitekorik ez dutenez, telebistari begira egoten dira goiz eta gau. Online jolasteko poker partidak ikusten dituzte, John Wayneren eta lagunen film gogoangarriak ere, tentsioa azken unera arte irmo mantenduz ongi dakiten arren zeintzuk izango diren garaileak. Ordu txikietan erosketak ere egiten dituzte, litroka kafe eta beste pizgarri sintetikoak hartzen: motordun besaulki marroiak, esaterako. Botoi bat sakatu eta besaulkiak ipurdi aldea altxatzen dizu, jaikitzeko arazorik izan ez dezazun. Bada, hamar egunez goiz eta gau telebistari begira egon diren hauek dozenaka erosiko zituzten besterik gabe, besaulkian pasa zituzten orduak eta egunak ikusita. Komunerako bueltarako betarik ez.

Marka baita, gero, Korrikak iraun zituen hamar gau eta egunetan euskal presoen 60 argazki kontatzea. Hirurogei, sei eta zero. 60 argazki, ez bat gehiago ezta bi gutxiago ere. Ez dakit nola kontatu ote dituzten: banan-banan izan den, koaderno batean zenbatzen eduki ote dituzten ala batek daki, ordu luzeak EiTB edo Hamaika Telebista ikusten pasa dituzten. Audientziek gora egin badute, gaitz erdi. Korrikaren olatua pasa denean eta Aberri Eguna inguratzen hasi zela probestuta, kezka izugarriz adierazi zuten Voxeko kideek Korrikaren erabilera politizatua. Betiko kontua: hau dela eta bestea dela, John Waynerengana itzuli nahian dabiltza beste behin. Hala ere, atera kontu, zenbat ordu pasa behar izan dituzten goizeko ordu txikietan Korrikari begira, katuek nola, gauez antxintxika zebiltzanek eskuetan zeozer zeramaten begira.

Betiko kontuak garai bertsuan etortzen dira maiz eta hau ere halako zerbait izan da: ea gai honekin hautsak astintzen ditugun.

Dena den, inoiz baino jendetsuagoa izan den Korrikak badu bere galdera-ikur txikia askoren baitan. Milaka lagun irten ginen korrika egiten, hankak luzatzen eta korrikalari itxura egiten. Milaka eragilek hartu dute lekukoa eta argazki ederrak ikusi dira; hauek bai, hirurogeitik gora, ziur. Baina badu Korrika jendetsuak bigarren talde izaera bat: lagunekin korrika egitera irtetea. Sare sozialetan ikustea besterik ez dago: gaztelania batuan ari den gazteak bideo bidez erakusten du zer den Korrika eta argi uzten du lagunekin korrika pixka bat egiteko balio duen festa dela. Bera gaztelaniaz mintzo da eta jasotzen dituen iruzkinak ere gaztelaniaz daude idatzita: kamiseta polita duela soinean edo iruzkingile baten herritik oso berandu pasatzen dela dioten esaldiak; gaztelaniaz, guztiok ondo uler dezagun.

Korrika festa itzela da, lan handia eskatzen duena, eta duela ia 44 urte hasi zen erokeria hark bizirik jarraitzen du. Irten zen, baina, jende uholdea korrika, eta irten zirenetako batzuek ez dute jakin ere egingo kilometroak erosi egiten direla eta badirela familiak zein lagun-taldeak Nafarroako Erriberan korrika ibiltzen direnak. Korrika jendetsua izugarria da eta berdin hunkitzen gaitu lekukoa ondo altxata eta bakarrik doan horrek, agian askoren argazkian ageri ez denak, hain zuzen.

Egia da tantaka lortzen dela euskalgintza eta Korrika festa oso maitatua dela gure herrian; baina korrika aritu ziren horien guztien erabilera berpiztuko bagenu, pauso bat harago izango litzateke, erabilera-datuen presak ito gabe. Korrika egin ondoren hatsa euskaraz berreskuratzea da kontua, dena argazki batean gordeta utzi gabe edo erabilera altxatzeko motordun besaulkiaren beharrik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.