Garazi Kamio Anduaga.

Argazki bat

2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Izan zitekeen Urbizuren kanta baten izenburua, baina ez da. Zenbatetan botako ote genuen faltan argazkiren bat edo zenbatetan izan da gehiegizko argazki-paperean inprimatutako irudiren bat. Onerako zein txarrerako, argazki batek oroitzapenak astindu ditzake, historian zehar hala gertatu izan da beti, eta kontuak ehun urteen langa erraz pasa lezake, papera eskuen artean izan ala ez. Ehun urte bete baitira ustez George Mallory eta Andrew Irvine britainiarrek Everest gailurra zanpatu zutenetik. Ustez, diogu, ez baita erabateko ziurtasunez esaten munduaren tokirik garaienera iritsi ote ziren. Garai hartako kronikek diotenez, bi mendizaleak Everest gailurrean ikusi zituzten espediziokideek, baina gero, filmetan bezala, bat-batean lainoa sartu zen eta urrunera ikusten ziren bi gorputz haiek desagertu egin ziren.

Ehun urte pasatu dira ordutik hona eta Malloryren gorpuaren berri daukagu soilik. Duela hogeita bost urte topatu zituzten britainiarraren gorpuzkiak 8.155 metroko altueran. 1924an soinean zituen jantziak egoera onean topatu zituzten, hezurren egoera ere ona zen eta berehala jakin zuten Mallory zela topatu zuten hilotz hura. Dena zeraman soinean, argazki-kamera bat izan ezik. Uste da Irvinek eramango zuela soinean argazkiak ateratzeko tramankulua eta Kodak etxeko makina horretan bertan egongo dela, baldin eta noizbait topatuko balitz, Everest gaina zapaldu zuten lehenengoen testigantza grafikoa. Eurek egin zutela uste da, sinesgarritasuna eman izan zaio espediziokideek esandakoari, baina badakigu usteak zer duen beti ustel.

Everest gainera iritsi izanaren argazkiaren zain gauden bitartean, Txinan argazki batek tsunami mediatikoa sortu du: Yuntai ur-jauziaren aferak hautsak edo urak harrotu ditu, milioika turista jasotzen zituen geoparkea hutsaren hurrengo modura utziz. Hirurehun metroko jauzia egiten du urak Txinako Yuntai ur-jauzi honetan, eta, esan bezala, milioika bisita jasotzen ditu urtero. Unescok ere 2014an Munduko Geoparke izendatu zuen. Dena zen polita, dena zen eder, turista batek ur-jauziaren hasierari argazkia atera zion arte: izan ere, hoditeria bateko urarekin hornitzen da ur-jauzia, zure herrian zein nirean edo edozein herriko jaixetan ikus ditzakegun hodi handi horietako batetik. Akabo Unesco, akabo Munduko Geoparkea; hoditik sartu diete ziria txinatarrei.

Instagramen erakusten dituen argazkiengatik egin zen famatu Garazi Ortuzar ere. Influencer-a da, 50.000 jarraitzaile baino gehiago ditu, eta orain Iberdrolak fitxatu berri du. Aitari begira jarri da bat baino gehiago, Everest gailurrera begira egon ziren haiek bezala, eta sententzia irmoa sinatu dute: aitak lortu dio lana. Apustu egingo nuke lerro hauek irakurtzen dituen orok ezagutzen duela ustez meriturik egin gabe lanposturen bat lortu duen norbait. Ez dakit halako esaldiak inbidiatik, amorrutik edo ahozko literaturan gure sinadura uzteagatik sortzen diren, baina badirudi orain arteko ustezko entxufismo kasuek ez dutela minik eman. Eta errezeloa dut, era berean, gure inguruan ezagutu ditugun halako istorioetan gizonezkoa protagonista denean ez dela halako harrabotsik sortzen. Baina, noski, neskatoa influencer-a da eta ez du beste ezer egin bizitzan, 50.000 jarraitzaile izatea baino. Ezjakintasunetik esaten ditugu zenbakiak, horrenbeste lortzea hutsala balitz bezala.

Everest gailurra Malloryk eta Irvinek zapaldu zutela sinesten dugu; neska honen gaitasunen inguruan, ordea, simposium luze bat egiteko gai gara. Kasualitatea, Mallory eta Irvine gizonezkoak ziren, eta gogoan hartu argazkia oraindik falta dela. Argazkirik gabeko influencer-ak, hara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.