Zer idatzi nahi dudan pentsatzeko koadernoa irekitzen dut askotan. Bertan jasotakoek bidea markatuko didatelako esperantza faltsuarekin normalean, baina zerbait interesgarria topatuko dudalako uste erdi ziurrarekin beste batzuetan. Memoria gero eta txarragoa dudala konturatzen hasi naizenetik leku guztietara eramaten dut koadernoa, eta, beraz, konfiantza apur bat banuen aste honetan jasotakoekin.
«Paper multzo bat eta hitzak bata bestearen atzean. Materialki, hori da liburu bat». Topatu dut idatzita koadernoa ireki bezain pronto. Asteazkenean Oiartzungo Literatura Plazara ekimenaren barruan antolatu zuten solasaldi literarioan hartutako oharretako bat da. Idazle kontzientziak eta idazketa ibilbideak izenburu zuen solasaldiak Iratxe Retolaza, Danele Sarriugarte eta Uxue Alberdi bildu zituen mahai beraren bueltan. Alberdi eta Sarriugarte euren literatur ibilbideez aritu ziren luze solasean, zorrotz eta umorez, Retolazaren gidaritzapean baino hobeto nekez funtzionatuko lukeen moduan.
Ez dakit oso ondo zer izaten den horrelako apunteetan jaso nahi izaten dudana. Gustatu zaizkidan gauzak biltzen ditut azkenean. Uste dut hori dela apunteak hartzeko daukadan modua.
Honako ohar hau ere jaso nuen: «Nire aurrean eserita dagoen andreak bere buruarentzako galdera batzuk apuntatu ditu bere mugikorreko pantailan. Ez dakit groteskoa zer den. Heteronormatibitatea zer da? Kantzelazioa zer da?». Anekdota soil bat dirudi, baina uste dut nire apunteak hartzeko moduei buruz hausnartzeko material asko eman didala ohar horrek. Aipatutako kontu guztiek estimulatuta idazketaren posibilitateez, helburuez, kausez... pentsatzen eman nuen osteko gaua. Hurrengo goizean orain arte gai honi buruz jaso dudan oharrik garbiena topatu nuen Clara Obligadoren Todo lo que crece liburuan: «Idaztea, esan zidan, da era berean egia eta gezurra esatea».
Koadernoaren aurreko orrialdeetan modu kaotikoagoan idatzitako esaldiak topatu ditut. Asteartean Heriotzak Eduardo du izena poesia ez-errezitaldian jasotako ohar multzoa. Formol Laborategikoen emanaldi berria da, Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bildumaren hamargarren urteurrena ospatzeko egindakoa. Bildumako Biziei ere omen liburutik abiatutakoa.
«Agurrak, poesia eta musikita. Jartzen du aulkian zegoen pegatinan, nire bizitzaren laburpen bat ematen du». Izan zen idatzi nuen lehenengo esaldia, apur bat pretentziosoa da, badakit. Baina norbere koadernoan ez bada non idatziko ditugu horrelakoak? «Uste dut inoiz ez dudala hainbeste barre egin poesiarekin». Izan zen idatzi nuen azkena. Barrezka egin genuen etxerako bidea, poesiaren eta antzerkiaren arteko harremanaz berbetan. Poesia umorearekin oso gutxitan lotzen dudala esan nion aldamenean neukanari, askotan irakurtzen ditudala umoretik eta ironiatik gauza oso interesgarriak egiten dituzten poetak, baina, hala ere, ezinezkoa zaidala poesia tristurarekin ez lotzea. Umorea eta tristura oso lotuta daudela pentsatzen igaro nuen gero, gaua. Ondo ez nagoenean baino txiste gehiago ez dut sekula egiten.
Hara non, ohar zaharrak errepasatzen zer diostan Camila Sosa Villada idazle argentinarrak koaderno bazterrean arkatzez idatzi nuen esaldian: «Eta zera diot nik, lehenbizi idazketa, gero tristura. Eta garaipen bat da, pobrea zela onartu ez zuen nire familiaren helburuen gainetik. Nik lehenengo idazten jakin nuen eta gero ikasi nuen triste egoten». El viaje inútil. Trans/escritura liburukoa da aipua.
Uste dut denok jakin genuela lehenbizi idazten eta gero ikasi genuela nondik egiten genuen. Jakin genuela idazten eta gero erabaki genuela zertarako egiten genuen. Jakin genuela idazten eta gero ikasi genuela zer den groteskoa, zer den heteronormatibitatea eta zer den kantzelazioa.