Etxeko ezkaratzean hil zuten, arratsaldeko laurak pasatsu, supermerkatutik bueltakoan. Erosketa zakuak eskuetan, igogailuan sartu berri zela egin zioten tiro, bertatik bertara egin ere, pareta estuen artean ihesbiderik gabe setiatu zutenean. Sorbalda zulatu zioten, gero bularraldea bi aldiz, eta azkenik, jada zerraldo, burua. Bang, bang, bang eta bang, utikan. Ukiezinak amorrarazteagatik.
Kazetari errusiarrak botereari egin zion desafio, estatuari eta haren agintari ahalguztidunari, totalitarismo zahar berriari, indarkeriari, gerra krimenei. Moskuko “kazetaririk askeena» izan zitekeenak Txetxenian torturatu eta bahitutako biktimen lekukotzak utzi zituen etxeko lan-mahaiaren gainean argitara emateko zain, izen-abizenen zerrenda luzea eta argazki mordoa, Kaukasora egindako bisitaldi eta egonaldietan bilduak. Ez zen lehendabiziko aldia inguru haietako ankerkeriak eta Kremlin usaineko gehiegikeria salatzeko ahaleginak egiten zituena. Ezta hura hiltzeko lehen saioa ere. Hark ondotxo zekien zer sentitzen ote den exekuzioetan, déjà-vu bat irudituko zitzaion bere bizitzako azken unea, Txetxeniako herrixka batean gertatu zitzaiona kontuan hartuz gero:
« Teniente koronelak, tipo begihandi beltzarana, 'goazen, tiro egingo dizut eta' esan zidan. Kanpinetik aterarazi eta martxan jarri ninduen gau beltzean. Puska luze bat egin genuen oinez, eta halako batean, gelditzeko agindua: 'prest izan ala ez, hortxe doakizu'. Detonazioa entzun nuen nigandik gertu. Teniente koronela pozarren zegoen, sustoaren sustoaz makurtu egin nintzelako. Ezin esan horretara sekula ohitu zaitezkeenik, baina horrekin bizitzen ikasten duzu». Azkenerako larrutik ordaindu, baina. Anna Politkovskaia ez baitzen zokoan gordetzekoa, eta are gutxiago, kikildu eta isiltzekoa.
Hamar urte joan dira Anna Politkovskaia hil zutenez geroztik. Tartean, epaiketak, absoluzioak, berrepaiketak, zigor txikiak eta hil arteko kondenak ezagutu ditu aferak, baina batez ere, inpotentzia, ezina, amorrua. Hilketaren ideologoak, ezagunegi zaigun deitura erabilita X esango genukeenak, kalejira alaian baitirau artean, eta erailketa argitzeko ikerketak berriz, ez atzera eta ez aurrera, interes izpirik erakusten ez duen epaile baten eskuetan, biktimaren senide eta lankideek sarean zabaldutako bideo baten bidez salatu berri dutenaren arabera.
Beti txunditu izan naute botere gehiegikeriek, boterea edozein dela ere. Aho bete hortz utzi izan nau munduaren gainetik jarri ohi diren handi-mandien zigorgabetasunak, inpunitateak, haien jokaera totalitarioa zilegitzeko edo krimenak estaltzeko asmatzen dituzten jukutriek, disimulu asmorik ere ez duten legeek. Are gehiago txunditu izan naute, ordea, aho bilorik gabe altxatzen diren boz adoretsu horiek. Ikasitakoak ikasita, etor dakiekeena zer den jakinda ere, egiaren alde eta gizartearen apatiaren aurka oldartzen direnak. Inoiz ez dut jakin zer den hain berezi bihurtzen dituena, zein duten neurriz gaindiko nolakotasuna, zer den kazetari ofizioa sublimatzera eta beren bizitzari balio apalagoa aitortzera bideratzen dituen elementua. Ausardia mugagabea ote den ala inkontzientzia erabatekoa. Bat izan ala bestea izan, gerra betean murgilduta dagoela sinetsi duenak besterik ez dezake senti. Horretara bortxaz behartuta dagoenak. Norberaren bizitza baino baliotsuagoa den bakarra, seme-alaben edo oinordekoen geroa, galtzeko zorian ikusten duenak.
Anna Politkovskaiak ez omen zuen sekula bizitokia uztea pentsatu: «Ez dut ospa egingo. Erbestea ez da niretzat. Joango banintz, irabazi egingo lukete», adierazi zuen 2005ean, PEN klubak saritu zuenean.
ARKUPEAN
Anna Politkovskaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu