Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Anitzek diote

2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Loreleik dio aurten ez duela bere urtebetetzea ospatuko. Urte bat kendu eta bizia luzatzen ahalko duela horrela. Jakin zuen amaren lagun bat hil omen zela joan den astean, eta «gaztea» zela. Ez du biziki ongi ulertzen nola gaztea izaten ahal zen bere amaren lagun bat. Agian urte batzuk salto egin zuen, baina hain segur ez aski. Ez aski zahar izateko eta zahar hiltzeko. Beraz, bi urtean behin jauzi egiten badu urte bat, Loreleik irabaziko ditu hainbeste. Hobe zahartzean hiltzea, eta ahal bezain luzaz gazte izatea. Zergatik gaztetasunetik ateratzen ote gara?

Mixelek dio aspertua dela oraingo gazteekin. Lanik ez dutela egin nahi. Alferkeriak ez duela deus onik. Entzun duela bere inguruan, ezker-eskuin lanik gabe egoten zirela batzuk. Lanik gabe, eta kobratzen gainera! Pole emploi-tik edo garaiko ANPEtik sosa ematen zaiela deus ere ez egiteko. Kopeta behar da gero errateko lanik ez dela. Mixelek ere entzun zuen bere auzoa langileak xerkatzen. Eta ezin atzemanez ibili zela ezker-eskuin. Bere jatetxean nehork ez duela zerbitzari izan nahi sasoiarentzat. Alta, omen ez dela lanik. Orduan zergatik ez dute lan hau hartzen? 50 ordu astean, goizeko zortzietatik gaueko hirurak arte asteburuetan, bost hilabetez, soldata minimoan pagatua, aterperik gabe. Zergatikgazteek ez dituzte gehiago lan prekarioak onartzen?

Patxuli plus bikoteak dio harmonian bizi direla. Bata bestea gabe ez ziren sekula ibiltzen. Horregatik deituak dira Patxuli plus. Beti usain on gehiago zabaltzen zelako bat pasatzen zelarik supermerkatuko apalen artean. Uhin azkar batek zapart egiten zuen horien bidea gurutzatzen zuen bakoitzaren sudurrean. Uhin luze bat zen, ez baitezpada handia, baina ezkerretik eskuinera emeki-emeki hausten diren horietakoa. Hendaian formatzen diren uhinen araberakoa. Patxuli plus-ek bat egiten zuten. Bien arteko harmonia perfektua osatzen omen zuten eta gainera, unibertsoaren parte izanki, harmonia baten parte ziren. Na-Tu-Ra. Hala ere, asteazken guziz haien caddie-a betetzen zuten Leclerc-en. Arratsetan, lokartzeko tenorea zelarik unibertsoa eskertzen zuten ganbaratik. Ortzaizen erosi zuten 600 metro karratuko etxe osoki arraberrituan sortu zutelako unibertsoari eskainitako leiho bat. Sabai zaharrean kokatua zen ganbararen teilatua berinez moldatu zuten. Baina, unibertsoak bat egiten ote zuen bikotearekin?

Juliak dio bihar lanera ez dela itzuliko. Arrunt beste lan mota bat atzemanen duela, bide «etikoago» baten bila dabil. Moltsak ezetz erraten dio, ez daki zer egin eta ez du aski dirurik bazter utzi lanaz aldatzeko. Edozein gisaz, ez da aski konpetente beste zerbait atzemateko. Bere nagusiak xantza bat eman zion kontratatu zuelarik. Ikasketa gutti egin zituen. Hizkuntza bat baizik ez zekien. Edo, bi, euskara ere bazekien, baina ez zuen deus balio enpresa horretan. Beraz, ez zuen erran bazekiela. Gainera, xoriburua da. Aitak hori etengabe erran zion ttipitan, ama joan orduko. Eta ez da antolatua. Etengabe norbaiten laguntza eskatzen du, ez da segur bere buruaz, ez da gai. Ez da deusendako gai. Zergatik aldatuko luke lanaz, ez daki deus egiten!

Dianak dio ezin duela gehiago. Arratsero berant sartzen da. Bere neska lagunak uste du beste norbait ikusten duela. Telefonoa miatu nahi lioke, baina ez du egiten. Ez du eginen. Maite du, elkar maite dute. Hori uste du. Horrela da. Dianak aspaldi metatzen duen erremedio poltsa arratsero hartzen du. Autoz gelditzen da Itsasun, Atekagaitzen. Kantinplora urez betea, erremedioak erraxkiago hartzeko. Eta bat-batean etxera itzultzen da. Zergatik ez du lortzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.