Effective Altruism (Altruismo Eraginkorra) mugimenduaren webgunean zera jartzen du: «Altruismo eraginkorra ez da erakunde bat, proiektu desberdinetan lan egiten duen komunitate zabal bat da, helburu amankomun batekin: ahalik eta ongi handiena egitea». Ez esan ez dela susmagarriki ideala. Nork ez luke halako zerbaitetan parte hartu nahi. Gosez hiltzen ari diren haurren begiradarik behar ez duen altruismo bat da baina excel-ean mugitzen dena, kalkuluak egiten, zergatik eta nola lagundu algoritmo baten menpe uzten duena. Desatxekimendu eroso bat eragiten du. Garrantzitsuena ez dira kausak edo komunitateak. Norberak bere sinesmen eta ideologia zalantzan jar dezan gomendatzen du, hori bera gomendatzea sinesmen eta ideologia bat izango ez balitz bezala.
Gaur egungo gizarteko supergaizkileak diren bilionarioak dira honen guztiaren bultzatzaile nagusietakoak, eraginkortasun honen helburu den longterminism edo epeluzerismoa bezala itzuli genezakeenarekin lotuta. Badakizu mundua pikutara bidaltzen ari diren bitartean nortzuk ari diren beraien burua salbatzeko ahalegin handiena egiten. Hauen hitzetan, ez da guztia desagertuko delako, noski ezetz, gizateria izan daitekeenaren potentziala gauzatzeko baizik. Eta epe luzeak eskaintzen duen potentzialaren izenean oso gauza arriskutsuak egin daitezke. Esaterako, orain eta hemen kaltetuak direnei erreparatzeari uztea. Epe luzeari begiratzen badiogu, Gazako gerrak ez duelako gizakiarentzat arrisku existentzialik suposatzen, adibidez. Horregatik gizatasun, etika edo sentimenduetan oinarritutako kausetan denbora galdu beharrean, eragin zabal bat duten horietara zuzendu beharko genuke gure indarra. Arrazoinamendu honetatik gizakiaren potentziala betetzen dela bermatzen duen eugenesiara ez dago ezer. Nick Bostrom filosofoak aipatzen dituen gure emozioak kontrolatzea ahalbidetuko duten aldaketa genetikoetara edo Elon Musk-ek bultzaturiko burmuinean egindako inplanteetara ere ez. Potentziala transhumanoa da. Aseguru etxeen algoritmoak onartuko duen bioingeniaritzarena. Gorputza eta espazioa konkistatu ahal izango duen kapitalarena. Ez da sentimentala. Eta ez da gurea.
Korronte honek guztiak gizakiaren intuizio eta emozioen kontra egiten du epe luzeko teorian baina epe motzeko praktika beste zerbait izaten ari da. Azkenaldian ikusi ditugu, Estatu Batuetan eta Argentinan adibidez, (asmatutako) datuak eskutan, koadratzen ez dien ezer erraietatik ezabatzeko prest. Beharrezkoa den eraginkortasun objektibo bezala aurkeztuz murrizketa emozionala besterik ez dena.
Datuetan oinarritutako erabakiak hartzea zentzuzkoa da, ez bada hori irizpide bakarra eta ez nuke hau esan behar, baina datu horiek zuzenak eta zuzenki interpretatuak baldin badira. Gogoan dut oraindik pandemian ezagutu genituen estatistikaren sasi-erudituek eskaini ziguten ikuskizuna esponentzialki gorantz zihoazen kurba horiekin guztiekin, kontuan hartu gabe giza gorputza ez dela zientzia zehatz bat eta are gutxiago psikologia soziala. Eta eskerrak, desagertzeko bidean ginen bestela. Antzeko zerbait gertatzen zaiela iruditzen zait kolonia espazialetan aberats eta zoriontsu biziko diren milioika gizaki areagotuak zenbatzen dabiltzanei. Espazioan gertatutako gerra nahikoak ikusi ditugu filmetan hori hala izango ez dela aurreikusteko.
Datuek gidaturiko erabakiak hartu behar direla entzun dugu politikan nahiz enpresan, baina errealitatea zera da, datuak mugatuak izan daitezkeela, okerrak, konektatu gabeak. Datuetan hutsuneak daude. Eta datuetatik haratago, gizakiak, istorioak, bizitzak. Pisuzko arrazoiak gaur eta hemen. Horren aurrean ez ikusiarena egiteak ez gaitu eraginkorragoak egiten, gizagabeagoak baizik. Motozerra batekin dena suntsitzen duten norbere buruaren aldeko altruistak.