Garazi Kamio Anduaga.

Alkondarie

2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Barre egin zuten kateatutako aulkietan bizilagun genituenek. Kritika negatiboaren arrazoia alkandora zuri bat izan zen, xingola handi bat zintzilik zuen atorra. Soinean zeramana Tom Lizarazu zen, Bulego taldearen abeslaria. Antza denez, ondoan suertatu zitzaizkigunek, modaren munduaren gailurrean egongo diren horiek, ez zuten azkoitiarrak soinean zeramana atsegin eta piura horiekin eszenatokira igotzeko ganora ere izan zuela azpimarratu zuten. Eurek esan zuten, ez nik. Hara zer den kritikariaren bizitza: musika entzutera joan eta lanean egon behar izatea. Bost axola Lizarazuk kasu honetan nola kantatzen duen edo sortzen dituen emozioak zeintzuk diren, alkandora da garrantzitsuena. Eszenatoki erraldoi haren azpian paratu zituzten aulkiak elkarri lotuta egotearen arrazoia alkandora hark sortu ahal izango zuen zalaparta izan zitekeela ere pentsatu nuen, halako krimenaren aurrean ustez modan aditu diren horiek edozer gauza egiteko gai direlako.

Jarraitu zuten aulkiek kateatuta eta emozioek etengabeko gorabeheran eta halako batean iritsi zen kontzertuaren programan zetorren azken kanta. Letra multzo honi izenburua ematen dion izen bera zuen abestiak, eta, noski, fama eman zion abeslaria eszenatokira igo zen. Dena izan zuen alde: parean zituen hamar mila lagunen emozioek olatua sortu zuten, olatua marea bilakatu zen eta ondoren tsunami erraldoi bat. Espainiako estatuko errege emerituak bere garaian elefanteak ehizatzeagatik esan zituen barkamen hitz haien antza hartu zuen berrogeita hamar segundo eskaseko bideo hura tsunamiak erabat irentsi zuen. Baita ahizpa musikarien hitzak, sinadurak, haserreak eta ondoezak. Azken kanta berarentzat izan zen, Bizkaia Arena prest zuen parean, eta bertan bildutakoon gehiengoak ahaztu egin zuen, istant batez edo betirako, duela hilabete eskas esan zuena. Nola ez egin adierazpen haiek, beste behin hamar mila lagun biltzen dituen kontzertu erraldoi horretan urrezko lekua eskaintzen bazaio? Garai hartan sortu zen erantzun tsunamia memoria gabeziaren basamortuak ito zuen.

Alkandorez ari garela, ezin ahaztu Ernest Urtasunek pasa den larunbatean, Sumar alderdiaren prentsaurrekoan soinean zeramana. Zuritasun nuklearretan nuklearrena zuen atorra zeraman jantzita, seriotasunaren eta gardentasunaren sinbolo modura. Maukak ere bilduta zituen, langile porrokatuaren itxura emateko. Dena zegoen pentsatuta, itxuraren alderik baikorrena eta garbiena atondu nahian, Errejonek egin zituenak justifikatu eta zuritzeko argudiorik apenas baitzuten. 

Hala ere, urduritasunaren baitan bizi garenean ezin dena ondo lotu, eta ihes egin zieten hainbat gauzak haiei ere. Horietako bat, deigarri egin zitzaidana, Urtasunek bere inguruan zituen emakumeei esandakoa da. Esan zieten nonbait, aurkeztu ez zituen emakume haiei Urtasunen atzean jartzeko, Errejonek egindakoaren kontrako indarra alderdiko emakumeen presentziarekin indartuko zelakoan. Bada, prentsaurrekoa hasi aurretik, eszenatokira igo bezain pronto, Urtasunek argi eta garbi esan zien ustezko sendotasuna eman behar zuten emakume horiei: «kokatu zaitezte hemen inguruan», aldi berean eskuarekin bere atzetik zabaltzeko keinua egiten ziela. 

Errejonen erasoen biktima izan zirenekin elkartasuna adierazi zuen hasiera-hasieratik baina atzeko emakumeak horretan geratu ziren, atzean eta isilik; ahotsa kendu zien alderdiak berak, ustez babesten dituen taldeak. Beharbada, adieraz dezaketenaren beldur direlako, eta geure buruan dugun disko gogor horretan informazio pila dugulako. Deserosoak garenez, badaezpada leku guztietan eurak lehenengo musturrek sartunde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.