Inaki Galdos
ARKUPEAN

Alderdi 'arraro' eta xelebre samar hura

2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Ezin ezkutatu, Roldan Jimeno liburu hau prestatzen ari zela iazko abuztuan jakin genuenetik, urduritasun pittin batekin izan gaituela zain, azkenean iritsi den arte. Gozatu ederra hartu dugu Erein argitaletxearen eskutik irakasle nafarrak ESEI alderdiaren bost urteko (1976-1981) historiari buruz atondutako liburua irakurtzen.

Argi dezadan izenburura eraman ditudan hitzak ez direla nik sortuak, ez nuke horrelako atrebentziarik izango. Sinets beza irakurleak autodefinizioa dela, 1978ko ekainaren 23ko barne dokumentu batean alderdiak (txostengileak bederen) bere buruari egiten diona, ESEI borroka sozialistaren eta ezker abertzalearen baitan nola kokatzen zen azaltzeko ahaleginean: «Un grupo raro, casi pintoresco», zioen testu hark, gaztelaniaz. Entzunak genituen ESEIri buruzko beste hainbat bitxikeria, tartean karrerarik ez zutelako ez zirela afiliatu brometan esaten zutenenak, baina ez genuen pentsatuko barne dokumentu batean horrelakorik irakurriko genuenik.

Dokumentuak. Horiek dira Roldan Jimenoren lan honen fruitu nagusia. Alderdien historiak azaltzerakoan bide ezberdinak jorratu izan dira. Garaiko protagonisten testigantzak batuz kronika osa daiteke adibidez, horiei hitza eman eta atzera begirako gogoeta korala —eta sentimentala— osatuz. Baina liburu honetan beste bat izan da egindako hautua, eta alderdiaren ibilbide laburraren produkzio aberatsa ezagutzeko beta eman zaigu, asko argitaratu gabeak zeudenak. ESEIren oinarri doktrinal, ideologiko eta estrategikoak ezagutzeko baliagarri ez ezik, trantsizio garaia ezagutzeko izugarri tresna aberatsak ere badira gainera. Dokumentu gehienen sortzaileak nortzuk izan ziren ikusita (G. Monreal, J.M. Castells...) ez da inor harrituko horien balioa aldarrikatzen badugu, eta gaur egunerako ere irakurgai ederrak direla baieztatzen badugu.

Saiakera baten historia da ESEIrena. Analisi marxista batetik abiatuta alderdi sozialista eta abertzale gisa tokia hartu nahi zuen alderdi batena. Bere sozialismoa, ezker demokratikoa deitzen ziona, sozialdemokraziaren eta marxismo-leninismoaren tarte estuan kokatu nahi zuen, eta bere abertzaletasuna jelkideena gaurkotuz osatu. ETA bien borroken aurka zegoen, eta hori izan zen hain zuzen ere oztopo nagusienetakoa ernaltzen ari ziren koalizio eta fronteen baitan bere burua ez kokatzeko. Liburuko pasarte interesgarrienetakoak elkarrizketa eta negoziazio haien berri ematen dituzten barne dokumentuak dira. Katalunian Pallach eta gainerako sozialisten artean gertatzen ari zena ere oso gertutik jarraitzen ari ziren, agian hangoak hemen balioko zuelakoan. EAJ eta PSErekin 1977ko Frente Autonomikoan eta Euskadiko Ezkerrarekin 1979 hauteskundeetan izan ziren azkenean ESEI gauzatu zuten harreman elektoralak, nahiz eta udal hauteskundeetan besterik ere izan zen. Eusko Legebiltzarreko 1980ko hauteskundeetarako bakarrik aurkeztu zen, eta porrot handia jaso zuen, alderdia desagerpenaren atarian kokatzeko.

Porrotak porrot, alderdiaren garaipen postumoa aldarrikatzen du Iñigo Lamarcak liburuaren hitzaurrean. Eta ez du arrazoi faltarik, Roldan Jimenok ia zazpiehun orrialdetan zehar jasotakoa irakurtzen badugu. Are gehiago, esango genuke gaur egun indartsu dauden zenbait politikari eta alderdi gertuago daudela hainbat gaitan ESEIk zioenetik, eurek orduan esaten zutenetik baino. Jende askoren bigarren aukera omen zen ESEI, jende askok arrazoia bai baina botoa ematen ez ziona.

Benetako altxorra da pandemiaren erdian kaleratu den liburu hau. Baina aldi berean iruditzen zaigu, olatua aprobetxatuz lan berri bati ekin beharko lioketela orduko alderdikideek, Lamarcaren hitzaurrearen hariari tiraka. Gorago aipatu ditugun kronika eta testigantzek izugarri ondo osatuko lukete dokumentazio lan eder hau beste liburu batekin. Baita orduko agintarien, hautagaien, eta zinegotzien errepasoak eta horietariko askoren geroko ibilbideenak ere. Ziur gaude Roldan Jimenoren liburuaren aurkezpenen kariaz askori sortuko zaiola hori egiteko gogoa. Duela berrogeita piku urte hain testu ederrak sortu zituztenentzat ez da lan astuna izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.