Zuricheko aireportura iritsi bezain pronto, oinak Suitzan ditugula ondo jakiteko, Roger Federer tenis jokalari ohiaren ongietorri amultsua duzu zain. Tira, ez da benetako Federer, baina bost metro zabal eta hiru garai dituen pantailan irribarretsu zabaltzen dizu ongietorria bere herrialdera. Basileako tenislariak zortzi aldiz irabazi zuen Wimbledoneko tenis txapelketa. Bai, milimetro guztiak ondo neurtuta dauden belarrezko zelai horretan, zeinean derrigorrezkoa den zuriz jantzita joatea, garai bateko jokalariak bezala. Ohitura da xanpaina edan eta marrubiak jatea, Federer edo auskalo nor, sareak erdibitzen duen zelai berdean pilota alde batera eta bestera dabilela ikusiz.
Lagun gutxiren eskura dagoen ekitaldia da, Suitza bera bezala. Izan ere, Europaren erdi-erdian, sandwich baten urdaiazpikoa dirudien herrialdea ez da lurtar gehienontzat eskuragarri dagoena. Ezer berririk ez, noski. Beti etorri zaigu burura bertako puntualtasuna, txukuntasuna eta hiperbole izugarri baten jartzeko abagunea ikusita, oinak espaloiaren gainean oinez baino, flotatzen ibiliko diren irudipena. Hansel eta Gretelen ipuineko etxea bezala, dena iruditzen zaigu gozoki zein txokolate.
Halako topikoak behin idazten hasita, azkena falta zaigu; eskola garaian ikasi genuen hura: Suitza beti izan dela estatu neutral bat edozein gerratan edo gorabehera belikoetan. Ni erdian, ez baten alde ezta bestearen alde ere, akabatu zaitezte zuen artean, hala nahi baldin baduzue.
Suitza bezala sentitzea gure gizartean gertatzen den ohiko fenomenoa da. Bada ahotsa askatzen ez duenik, nahiz eta eskubide zibilak urratzen ikusi bere muturren aurrean. Politikaz edo ekonomiaz ez hitz egitea, euskararen egoeraren inguruan tanta bakarrez ez bustitzea edota feminista edo matxista baino, bere burua normaltzat aurkezten duten horiek zebra-muskuilua baino gehiago ari dira hazten azkenaldian. Baina gu ez gara halakoak, kontzientzia ondo babestua baitaukagu. Edo ez.
Tenis partida batean bezala izaten ari da guztia: pasa den asteburuan Iranek drone festa bidali zuen Israel ingurura, ustez, hamabi egun lehenago Iranek Sirian duen enbaxada Israelek bonbardatu izanagatik. Israelek bere Goliat itxura aldarrikatu zuen, ustez Irandik iritsitako jaurtigai guztiak ezerezean utziz. Aldi berean, festa itzela Teherango kaleetan eta kezka Europan zein Estatu Batuetan. Pilota alde batetik bestera doa etengabe.
Izugarrizko lana egin da pasa den urteko urritik hona Gazak bizi duen egoera euskal gizarteari helarazten, baina inork espero ez zuen gonbidatua sartu da orain odoleztatutako sarraskiz jositako egoerara: Iran. Eskubideen hiztegian makur, emakumeen egoerarik zapalduena defendatzen duen herrialdea da Iran, eta adibidez, emakumeak harrika hiltzen espezialista, ondorengo festa eta guzti. Hona hemen dilema: emakumeak era batera eta bestera lurperatzen dituen herrialdeak egiten duena defendatu behar dugun orain. Iranek egindakoa txalotu, bere herrialdean bertan egiten duena kontuan hartu gabe; egindakoa arbuiatu eta egoera gehiago nahastu; edo suitzarra izan eta aurrerantzean zulo bat egin lurrean eta bertan burua sartu, ostrukak izaten ere aspaldi ikasi baikenuen.
Etorriko da urteroko errenta aitorpena egiteko garaia, paperak mugitzekoa. Iritsiko dira igandeko hauteskundeak eta ondorengo analisi politikoak. Bihurtuko da bat baino gehiago herritartasun suitzarra duena baino suitzarrago eta akaba daitezela euren artean, hala nahi baldin badute. Gaza urruti baitago eta honatx zer den ondo bizitzea.