Euria, zaparrada, kazkabarra, ekaitza. Bero sapa, sargoria, hego-haize kixkalgarria. Eta EITB —batez ere, nahiz eta beste medioak ere lerratu diren—. Horiexek udako fenomeno atmosferiko nabarmenenak. Alarmismo meteorologikoa, 5. gradukoa urakanen eskalan. Ez ditut ukatuko kalteak eta larrialdiak, herenegun bertan golf piloten tamainako izotz puskak bota zituen; eta asteburuan ere kazkabar-errekak osatu ziren Corella eta Fitero inguruetan, hondamendia eraginez. Eta egun batzuetako bero demasak, gure neuronak apur bat gehiago urtzeaz gain, lagunduko zien piromanoei orgasmorako bidean. Klima-larrialdia bizi dugu eta muturreko eguraldi agerpenak bizi ditugu, ados; baina, egia esango dizuet, alerta-daltoniko bihurtua nago ni, gorriak, laranjak eta horiak bereizten ez ditudala, hainbeste iragarri dizkidate!, eta aspaldian 200 litro eguraldi-albiste metro koadroko jaso ditudala, nire zulo guztiek gainezka egin dute. Eguraldi-ohartarazpenen zopernak ito egin nau.
Igogailuetako isiltasun-hutsune astunak betetzeko, gaur egun, Hegelen fenomenologiaz edo nazionalismoaren sublimazioaz hitz egiten da. Edo. Ez behintzat eguraldiaz, hori gai oso serioa bihurtua baita. Udan zehar kirol notiziekin eta hiriburuetako festen txupinazoekin albistegiak osorik hartzeko moduko serioa. Hainbeste igo da alarma eta ohartarazpenaren maila, ezen uda erdian EAEko LABI bildu baitzen, bero gehiegizkoaren aurrean nik ez dakit zer neurri hartu eta erabakitzeko, ezer ez seguruenik, badaezpada. Bilera-gelan aire girotua izango ahal zuten, behintzat.
Berriro diot, kupitzen naiz ni ere urak hartuta etxea edo denda hondatu zaienekin, uzta galdu dutenekin, harriak autoko kristala zulatu dienekin —tira, horiekin denekin ez, modeloaren arabera—, eta baita kanpineko oporraldia izorratu zaienekin ere. Enpatizatu behar izan gabe ere, uholdeak, kalteak, uzten galerak... interes iturri dira. Albiste dira, bai noski. Baina eguneroko alarma eta alerta erauntsiak...
Informazioaren kontuetan oso klasikoa naiz —aspaldikoa, alegia—, eta alerta gehiegiaren nekeaz gain, beldur naiz zerukoek beste tximista eta trumoi lurtarrago batzuk ez ote dituzten ostentzen. Beste alarma batzuk, puskaz gorriagoak, ez ditut gar berarekin pizten sumatzen. Ez dakit zein den bildu beharreko labi-a, baina gure hagintariek aktibatu beharko lukete neurriren bat hemen txingorrarekin hondatu zaigun patata, adibidez, Poloniakoarekin ez ordezkatzeko, ez behintzat hemeretzi hilabete preso daramatzan Pablo Gonzalez kazetariaren afera askatu arte. Erriberan olibondoak hondatu zaizkien nekazarientzat laguntzak bideratzeko orduan, esaterako, txarra ez diruak kentzea oliba-olioaren prezioaren igoerarekin patrikak betetzen ari diren inbertsio-funts eta bestelako saiei (diru gehien irabazi duen funts bateko burua PPko ministro ohi bat ei da). Alerta moreak ere ez du etenik izan udan —Espainiako futbol federazioa astindu duen dana-rekin—, joaten ez den borraska da hori. Edo behin berriro egiaztatzea lurrikarek ez dutela klase-irizpiderik, edozein tokitan jo dezaketela turuta, baina eraikinek bai, horietan klaseak daudela, eta beti batzuk amiltzen direla beti batzuk harrapatuz azpian. Erregeren jauregirik ez da erori, eta ez da izango gutxi dauzkalako. Kadafi hiltzeko Mendebaldeak hartu zuen arta hartuko ote du enbatak eragindako hondamendiari aurre egiteko?
Alarma horiek beharko genituzke beti keinukari. Eta horrexek berak alarmatzen nau, pentsatzeak herritarroi benetan interesatzen zaiguna eguraldia dela, kirola, eta festetako suak.
Artifizialak, koloretakoak.
Hor bai larrialdia.
ARKUPEAN
Alarmismo meteorologikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu