Gauza arraroa —ohiz kanpokoa erabat— gertatu zen Vox alderdiaren fundazioak urriaren 29an Madrilen antolatutako manifestazioarekin. Denon harridurarako, PSOEren esku dagoen Gobernu Ordezkaritzak eta eskuin muturreko antolatzaileek parte-hartzaile zenbaki bera zabaldu zuten ekitaldia bukatu eta berehala: 100.000. Hori ikusita, bozkarioz, Abascalen akolitoek supituan bikoiztu egin zuten kopurua, hedabideei emandako prentsa-oharrean. Bistan omen zen ez zela hainbeste jende egon, baina hurrengo eguneko El País egunkariko azalean ulertu genuen Espainiako Gobernuaren eskuzabaltasunaren zergati maltzurra: hilabete lehenago PPk bildutako jende kopurua barregarri uztea.
Ehun milarena kopuru magikoa izan da historikoki mobilizazio politikoetan. Deia egunkariarentzat hori zen Alderdi Egun jendetsuenetako garaietan eman beharreko zenbakia, gehiegi puzten ari zirela nabarmen geratu zen arte. Egin egunkaria izan zen garai batean parte-hartzaileak kontatzeko sistema bat asmatu zuena, sinesgarritasuna lortuz gainera. Baina Juan Mari Arregik, Daniel Udalaitz firma historikoak, plazaratua du egunkariko orduko administrazio kontseiluko presidentearen eskutik jasotako presioa, Ezker Abertzalearen manifestazio baten ondoren eman nahi zuten kopuruaren inguruan. Bere kaleratzea ere gai horri egotzi izan dio durangarrak neurri handi batean.
Berriki, eztabaida harrigarriak ere jarraitu izan ditugu sare sozialetan, Mugimendu Sozialistaren bueltako erakundeek deitutako zenbait manifestazio eta ekitaldi hizpide. Antolatzaileek emandako zifrak errefusatu nahian, izan da argazkiak handitu eta banaka-banaka pertsonak kontatzen aritu izan denik ere. Bitxikeriak bitxikeria, garbi dago inoiz konponduko ez den kontu baten aurrean gaudela, zenbaketa lanak (ustez) egiten dituztenen interes politikoa delako guztia baldintzatzen duena. Onar dezagun, gainera, ez dela lan erraza kaleetan egiten diren ekitaldietan asmatzea. Horregatik proposatzen zuen ironikoki Juan Mari Arregik, garai hartan, manifestazioak San Mamesen buka zitezela.
Sektore publikoko greben jarraipenaren inguruan gertatzen dena da onartezina. Amorragarria ere bai, sindikatuek eta erakundeek ematen dituzten zenbakien artean dagoen diferentzia ikaragarria izan ohi delako. XXI. mendean, esku artean dauzkagun baliabide guztiekin, hau etengabe gertatu izanaren arrazoi bakarra garbia da: elkarren arteko xextra honetan ez dute interesik formula bat adosteko, oso agerian geratuko liratekeelako batzuen zein besteen unean uneko porrot eta arrakastak. Nahiago dute bakoitzak bere egia kontatu, norberaren jarraitzaileek itsu-itsuan sinetsiko dietelakoan. Bitartean, jende asko txundituta.
Administrazio publikoak erabili izan duen datu objektibo nagusia greba egunari dagokion soldata kobratuko ez duten langileena da. Bada zerbait, eskertzekoa gainera. Baina ez du azaltzen, gutxieneko zerbitzuak direla-eta behartuta lanean dagoen jende kopurua zenbatekoa den. Nola ez dagoen jakiterik aukera izanez gero horietako zenbatek egingo luketen greba, askoz ere argigarriagoa litzateke zehaztea zenbat diren greba egin dutenak, baina greba egin zezaketenen artean. Argitzen hasita, sindikatuek ere argitu beharko lukete ea grebalarien artean kontatzen dituzten egun horretan lanera joan ez direnak, baina baja hartu dutelako edota dagokien egun libreetako bat. Izan ere, badago langile kopuru bat sarri horrela jokatzen duena, benetako grebalari askoren haserrerako. Abilezia dutenak, gainera, batzuei greban daudela eta beste batzuei ez daudela sinetsarazteko.
Euren artean dituzten etengabeko eztabaida guztietatik, hauxe da lor dezaketen akordiorik errazena. Eskertu ez ezik, exijitu ere egin beharko luke gizarteak hori. Iraingarria baita batzuek esatea greba bat hamarretik bi langilek egin dutela, eta besteek erantzutea hamarretik zazpik jarraitu dutela deialdia. Hau guztia txikikeria dela esango dute askok, baina premiazko kontua iruditzen zait niri, arazoen benetako tenperatura ezagutzen asko lagunduko ligukeelako. Besteak beste.