elixabete garmendia lasa

Aitzindariak eta atzendariak

2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Zenbat hazi den azkenaldian emakumezko txoferren kopurua autobusetan! Donostian, hiri barruko zerbitzua ematen duen DBus-en nahiz ibilbide zabalagoak eskaintzen dituzten Lurraldebusekoetan nabarmena da igoera. Hala ere, %17koa besterik ez omen da emakume gidarien portzentajea Lurraldebusen. Baina ikusten duzunean andrazko bat bolantean edozein motatako autobusean, «Hara, beste txoferesa bat!» kontatzen duzu automatikoki.

Ez zait ahazten hiri barruko autobusetan agertu zen lehen andrazko gidaria, hantxe, XXI. mendea hasi berri zela izango zen. Erreportajea egin genion telebistan. Emakume sendoa zen, ideiak garbi zituena, ELA sindikatuko kidea... bere bakardade hartan kikiltzen ez zen gidaria. 

Aldirietako trenetan ere —Euskotrenen Renfekoetan baino gehiago— badabiltza andre makinista batzuk. Kontua da, txofer nahiz makinista, esparru honetan emakumezkoak sartu izanak baduela plus bat, eredugarri izateaz gain, sinbolikoa ere badena, zentzurik onenean. Hasteko, jendaurrean aritzen direlako bete-betean, bidaiari piloa garraiatuz, zerbitzu publikoa eskainiz. Horrezaz gain, badutelako aginte maila bat beren jardueran. Eta, batez ere, emakumearen noranahiko eta zernahitarako gaitasuna, mendeetan gutxietsita eta debekatuta egon den hori, garatu ahal delako behingoz. Espero dut antzeratsu gertatuko dela hegazkinetako komandanteei eta itsasontzietako kapitainei dagokienez.

Argazki esanguratsu bat: fotokazetari mordoa, elkarren ondoan pilatuta, kamerak eskuetan, argazkilariari so, txantxa giroan. Erdian, emakumezko bat dago: Isabel Azkarate da. Izan ere, bera zen fotokazetaritzan aritzen zen andrazko bakarra Donostian, joan den mendeko 80ko hamarkadatik aurrera. Taldeko eszena horrek Azkaratek Tabakalerako Artegunean daukan erakusketan kokatzen eta murgiltzen du ikuslea. Ezarian-ezarian, Azkaratek urte gatazkatsu haietako testigantza grafikoa eskaintzen du, dagoeneko ahaztuxe izan ditzakegun gertaerak gogora ekarriz. Gaur egunetik begiratuta, historia lezio bat osatzen dute argazkiek, zuri-beltzezko historia; zuri-beltza, literalki eta baita zentzu figuratuan ere.

Bestelakoa da San Telmon dagoen Azkarateren erakusketa. Izan ere, fotokazetaritzaz gain, alderdi artistikoa landu izan du argazkigintzan. Erakusketa bakoitza, Tabakalerakoa nahiz San Telmokoa, bere bidetik doa, baina bien artean Isabel Azkarateren erretratua osatzen dute. Klabea aspaldiko bere aitorpen honetan dago: «Batez ere jendea interesatzen zait: arreta deitzen didaten pertsonak, berezitasun bat dutenak ederrak direlako, arraroak edo interesgarriak... Egoerek ere erakartzen naute: jende multzo batek, nahi gabe, sor dezake irudi bat estetikoki erakargarria...». (BERRIA, 2018-09-30, Maialen Unanue Iruretak egindako elkarrizketa).

Donostian garai batean fotokazetari izan zen emakume bakarra, duela hamarkada batzuk hiriko autobus gidari izatera iritsi zen lehen andrazkoa... aitzindariak benetan. Eta harrezkero, errenkadan, han eta hemen, arlo guztietan, berdintasunerako bidean eman diren hainbat pauso. Horiek horrela izanik ere, ziur daukaguna da Euskal Autonomia Erkidegoak ez duela iritsiko aldi honetan ere lehendakari emakumezkorik izatea. Imanol Pradales, Pello Otxandiano, Eneko Andueza, Javier de Andrés... Lehendakaritzarako orain arte aurkeztu diren hautagai ia guztiak gizonezkoak dira. Zer gertatzen zaie alderdiei lehendakarigai emakumezkorik ez aurkezteko? Ze irizpide erabiltzen dituzte lehendakarigaia aukeratzean? Atzentzen ari dira sine die dagoeneko eginda egon behar lukeen urratsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.