Hamar minutu eman dizkiozu izozkiaren zaporea aukeratzeari. Hainbeste daude... Gozoegiak edo garratzegiak iruditu zaizkizu aukera guztiak. Konbinazio posible denak egin dituzu zure buruan: gehienek pegatzen ez dutela iruditu zaizun arren, probatzeko modukoak iruditu zaizkizu asko. Hurra eta mangoa. Gazta tarta eta limoia. Txokolate beltza eta txokolate zuria. Zapore klasiko bat aukeratu duzu azkenean. Iaz baino garestiago ordaindu duzu kukurutxo txikia eta bazoaz kalera poz-pozik. Kalea zapaldu orduko ireki duzu ahoa eta orduantxe erori zaizu izozkia lurrera. Ez lehenago eta ez beranduago. Ahoa zabaldu duzun unean. Erridikulu sentsazioa oso da handia. Egun osoan ahoa itxita edukiko zaituen lotsa basati batek hartu dizu barrua, baina aurrera jarraitzen duzu, kukurutxo lehorra jateak ilusioa egingo balizu bezala.
Ez du ematen baina ahoa irekitzea oso ekintza esanguratsua da. Ireki daiteke berba egiteko, arnasteko, jateko, musu emateko, aharrausi egiteko, harridura adierazteko eta beste hainbat gauzatarako. Batzuetan ahoa zabaldu eta mundua aldatuko dugula pentsatzen dugu, baina oro har berdin-berdin jarraitzen du gero munduak. Guk esateko daukagunak ez du ezertarako balio inork entzun nahi ez badu, hori hasteko. Eta entzuten duenak beretzat gordetzen baldin badu ere ezer gutxi. Horregatik da inportantea nork zer esaten duen begiratzea, baina baita diskurtso hori nork eta nola hedatu duen begiratzea ere.
Liburu bat irakurri edo ez irakurri, gomendioa egiten didan pertsonaren azalpenaren arabera erabakitzen dut sarritan. «Ongi dago baina bueno» esaten baldin badidate normalki ez dut irakurtzen, ez bada kritikatzeko, edo ongi baina bueno dagoen liburu bat irakurri nahi dudalako, noski. Eta izugarri gustatzen zait azkenean liburua «baina bueno» kategorian sailkatu duen lagunari haserre deitzea liburua bikaina iruditu zaidala esateko. Ekintza polita iruditzen zait, batez ere, iritziak gauza objektiboetatik harago doazen pentsamenduak direla garbi uzten duelako.
Eta oso garrantzitsua iruditzen zait hori onartzea. Iritziak iritziak direla eta gustuak gustuak direla. Iritziek ideologiaren berri ematen dute eta ideologiek mundua mugitzen dute, badakit, baina iritzia ematen ari garenean iritzia ematen ari garela esateak leku zaurgarriago batean kokatzen gaitu. Eta zaurgarritasunetik ez denean gauzak esatea arriskutsuagoa da beti. Beste era batera esanda, ez da gauza bera esatea «nik X egiten dut oro har horrela egiten delako, eta hau egiteko modu hau iruditzen zaidalako egokiena» edo «nik hau egiten dut horrela egitea gustatzen zaidalako». Berez oso gauza antzekoak ematen dituzte aditzera bi esaldiek. Baina batean, iritzia objektibotasunez mozorrotuta dago, eta bestean ez. Eta tira, espero dut honezkero badakigula objektibotasuna ez dela existitzen.
Hau guztia esan eta gero, uste dut zintzoa dela gauza batzuk idatzi aurretik negar apur bat egiten dudala esatea, orri zuri baten aurrean jartzen naizen aldiro pentsatzen dudalako inork irakurtzeko bezain garrantzitsua ote den nire iritzia, esateko daukadanak zentzurik ba ote duen, gauzak nahikoa pentsatu ote ditudan... Eta uste dut mundua apur bat ederragoa litzatekeela batzuek gutxiagotan eta beste batzuek gehixeagotan galdetuko balizkiote halako kontuak euren buruari.
Esan nahi duzuna oso-oso argi izan eta isilik gelditu behar izatea oso gogorra da, bai. Baina perspektiba apur batekin begiratuz gero, zaporea aukeratzen hartutako lan guztia eta gero izozkia lurrera erortzen deneko mintxo hori baino ez da. Hasieran min sakona dirudi, baina zera izaten da: beroa eta azukrea jateko gogoa.
Esan nahi duena oso argi ez daukana berbetan entzun behar izatea ere gogorra da. Ahoa ixtea ere oso ekintza esanguratsua izango da akaso...