Jone Amonarriz

Ahaztu ez nazazun

2024ko irailaren 12a
05:00
Entzun

Nork ez du inoiz une batez ikusezina izateko desioa sentitu? Haurtzaroan nola, egongelako manta astuna hartu eta haren pean estalita isil-isilik ihes egitea zenbat aldiz pentsatu ote dugun. Kontrara, ordea, manta azpitik burua atera, kuku egin eta inork begiratzen ez digunean... kasu; ihesbide bat topatzea baino zailagoa da epizentroa konkistatzea. Gure burmuinaren auskalo zein txokotan bizi den kezka eternala da: izan ala ez izan, bizi ala hil. Ahaztuak izatearen beldurra arrastaka daramagu jaiotzen garenetik.

Izan daiteke gizarte hau gero eta indibidualistagoa eta bakartiagoa, baina maitatua sentitzeak eta onartua izateak pertsonon oinarrizko premiak izaten jarraitzen dute. Bakoitzak bere bideak urratzen ditu, han edo hemen, maila batean zein bestean, norabait iristeko. Kontua da, mende honek eskura jarri dizkigun tresna batzuek bizitza erraztuko zigutelakoan, munduaren aurrean nor izateko balioko zigutelakoan, ikusezin ere egin gaituztela. Eta ondorioz, besteen egunerokoan presente egon nahi duen oro kondenatuta dago etengabe erakusleihoan egotera, arreta jasotzeko modurik eraginkorrenak esploratzen, bereziki sarean: pose erakargarriak, post populistak, bidaia exotikoak, parranda eroak, iruzkin polemikoak, une intimoak, haurren argazkiak edo supermerkatuan karroan anana bat buruz behera jarria duzula erakusteko bideoa.

Zergatik eta zertarako egon nahi dugu sare sozialetan? Neurozientziaren azalpena argia da: plazerarekin eta saritua izatearekin lotutako neurotransmisoreak aktibatzen dituzte burmuinean. Alegia, azkar eta erraz ondo sentitzeko behar dugun droga dosia ematen digute. Jakinarazpenak, atsegiteak, partekatzeak, gustuko iruzkinak... guztiak dira beharrezkoak menpekotasuna elikatzeko. Eta oharkabean gurpil zoroan sartu da erabiltzailea; hamster baten moduan, preso eta gose.

Jatetxean aldameneko mahaian familia handi bat bazkaltzen, haur txikiari mugikorrean marrazki bizidunak jarri dizkiote eta telefono berarekin minutu gutxi barru argazki bat aterako dute #perfectfamily traolarekin. Gaixorik dagoen laguna bisitatzera joan da neska gazte bat; lagunak ez du konturik ezein sare sozialetan, baina hark ez du etsi selfie-a atera eta sarera igo arte; badaezpada ere, ez dio baimenik ere eskatu. Nerabezaroaren atarian den alabarekin hondartzara joan da arratsaldea pasatzera eta uretara joan aurretik bainujantzian argazki bat ateratzeko eskatu dio aitak alabari; gogor estutu ditu abdominalak.

Nartzisismo digitala bateko, eta errealitatetik urrun dauden pertsona eta bizimoduekiko konparazioak besteko, gizatasunarekin eta zentzu komunarekin batera, hor nonbait galtzen da bakoitzaren autoestimuaren jabetza. Zoriontasuna kanpo agente batzuen eskuetan jausten da; pertsona ezezagunak, negozio handiak, sareko algoritmoak... Eta haientzako, jakina, ez gara ez nor eta ez inor.

Sarean zerbait galtzearen beldurrez parean gertatzen ari dena galtzen ari gara, jende askoren bizitzetan presente egoteko ahaleginean, hurbilekoenak ahaztuta. Kanpokoei begira bizi gara, eta nago barruari, gertukoari, gehiago begiratu beharko geniokeela. Face gutxiago eta book gehiago leloa darama soinean kalean gurutzatu dudan emakume batek. Irribarre batekin helarazi diot nire atsegitea, eta hemen partekatu hitzez irudia.

Egia esateko, osasuna irabazi arren, tarteka faltan botatzen ditut aldendu naizen sare sozial batzuk. Eta zintzoak izaten hasita, txoko honetan idazten ari banaiz, noizean behin kuku txiki bat egiteagatik ere bada. Sarean edo bertatik kanpo, beste aldean zauden horren arreta harrapatu eta ahaztu ez nazazun. Aitortzea kostatu egiten bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.