Irati Zubia Landa.

50.000 volt eta milioika euro

2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Udan berotu ziren motorrak eta udazken atarian iragarri dira nobedadeak. ErNE sindikatu polizialak insistitu zuen taser pistolen premian. Abuztua «calentito» zetorrela zioten –eta denok dakigu zer esan nahi duen horrek. Apenas behar izan zituen egun batzuk Bingen Zupiriak Axon Enterprise enpresari kontratuak esleitzeko. «Estamos que lo tiramos»atera zitzaigun. Amorruak gainezka egin ez diezazun behar delako batzuetan ironia.

Badirudi Gasteizen eta Donostian ere egingo zaiela men polizien eskakizunei. «Segurtasuna» aipatu zen Gasteizen. Donostian, berriz, polizia «modernizazio» prozesu batean dagoela. Guardia Zibila ere tematu zen, 2022an, taser pistolak nahi zituela. Baita aise lortu ere. 150 izan ziren orduan, 240 iaz eta 960 iragarri dituzte aurten. Bizkaiko eta Nafarroako hainbat udalerritan taser pistolaz hornituta dabiltza udaltzain eta foruzainak. Espaniako Poliziak 2.800 taser pistolaren erosketa iragarri du. 50.000 volteko deskargak, milioika euro eta hainbat termino errepikatzen dira desproposito honetan: segurtasuna, modernizazioa eta arma ez-letalak.

A. Zelaietak milimetrikoki aztertu du zertan den Ertzaintzaren modernizazio prozesua. Batetik, delituak aurreikuspen bidez kudeatuko dituen polizia prediktibo baten eredurako biraketa dakar. Espioitzako teknologietan, algoritmo, sowtfare eta halakoetan datza inbertsio handienak (asko Israelgo enpresatan). Bestetik, makinaria errepresibo zaharraren berritzea. Hor sartzen dira arma ez-hilgarriak.

M. Neoclousek zioen polizia ez dela sistema kapitalistaren protesi bat, zati konstitutibo bat baizik. Pertsonen segurtatsunaz bainoago, sistemaren segurtasunaz arduratzen dela, baina sistemak berak ere konbentzitu behar duela bere burua engainuaz. Auzi horretan lotzen da maiz legitimazioa erreformarekin. Talaia horretatik begiratu nahi nuke arma ez-letalekiko fetitxea. Indarkeria baliatzen duenean ere Estatuak ezin du beti permititu kanpotik ankertzat jo dezaten.

P. RocherrenGasear, Mutilar, Someter lanaren izenburuak berak dio: arma ez-letalek jendea gaseatzen dute, mutilatu eta jazarri. Jatorri belikoa dute eta jendea hiltzen dute. Taser pistolaz AEBetan 1.801 kasu dokumentatu ziren 2018 arte. «Ez-letal» eufemismoak, ordea, biolentziari makilaje amablea jartzen dio.

«Ez gaitezen erotu», esango dute. Segurtasun-protokoloak daude. Donostian zein Gasteizen azpimarratu dute fabrikatzaileen instrukzioak segitzea lehenetsiko dela. Bingen Zupiriak 48.000 euro esleituko dizkion Axon fabrikatzaileak 120 salaketa baino gehiago ditu, bere armen erabileraz deribatutako heriotzengatik. Bide batez, Maria Sarasola ikerlariak ohartarazi zidan: komeni da salerosketa horietan lobbyen presentzia oharkabean ez pasatzea. Azken hitza gobernuek dute, baina hori usain txarra dariona merkatu-logikari.

Protokoloen opakotasuna salatu du Zelaietak. Protokolo horietarako Eusko Jaularitzak hainbat informe baliatzen ditu. Iñigo Cabacas hil zuten 2012 hartan, Israeli hornamentu beliko eta teknologikoa ematen dion Tecnaliak egin zuen informea. Taser markak zituen Bizkor unitatearen eskuetan hil zen Eneko Valdes. Haren familiak kontsultatutako adituek diotenez, informearen egilea Segurtasun sailburuaren foam-bala hornitzaile bat izan zen.

Ez dut uste armak erabiltzeko baldintza optimorik badenik; eta, egotekotan, ziur praktikan ez direla beteko. Gomazko balak ez dira ez prudentziazko distantziatik, ez sabeletik behera tirokatzen. Taser pistolak bihotzeko gaixotasuna duten pertsonengan bereziki arriskutsuak diren oharra zertarako da? Poliziak adeitsu biktimari galde diezaion?

Are, poliziak beti du bere diskrekzionalitatea. Erabaki dezake noiz den beharrezko, nola eta nori egin tiro. Hor bada tarterik bulkada indibidual eta sesgoetarako. Gainera, eskuin muturrak presentzia du filetan. Entzun ditugu «a por ellos»-ak. Ibili dira desokupen eskutik helduta. Poliziak ez du min eta kalte soziala murrizten. Mina selektiboki administratzen du. Begira nor babestu eta nori jazarri zioten, aste honetan, Donostiako KAS seinalatuz egin zen elkarteratze arrazistan.

Arma ez-letalek ez dute bortxa baretzen; aitzitik, karta zuria ematen die autoreei. Banalizatzen dira eta, ondorioz, are gehiago eta are bortitzago erabiltzen dira. Zelaietak zein Rocherrek lotu dute arma horien gorazarrea sistemaren legitimazio krisiekin. Milioi bat billetek ere ezin du halako azal lodirik ezkutatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.