Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

17 urte

2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Noa Pothovenek 17 urte zituen, eta bere buruaz beste egin du. Berria zabaldu denean nahasmena sortu da, baimendutako eutanasia kasua zela argitaratu delako lehen momentuan. Laster ukatu dute, ordea, eta askok lasaitua hartu dute. Nik ez, ordea.

Kontakizun latzaren pasarte bakoitzean hotzikara sentitu dut, eta, ezinbestean, pentsatu dut ez dela posible horrenbeste min eta gaiztakeriak bat egitea horren modu krudelez. Neure buruari esan diot bizitzak zigortu egin duela neska gazte hura, auskalo zergatik, bizitzak zigortzeko arrazoi bat behar izango balu bezala. Ulergaitza zaiguna irentsi ahal izateko amarru guztiak aktibatu zaizkit. Patu latz baten eskuetan jostailu hutsa izan dela, adibidez, horrela ikusiz gero zertan ulertzen saiatzerik ez bainuen izango. Patua, izan ere, izate zehaztugabea da, bihotzik ez duena, begietara begiratzen ez zaituen zer bat, formarik eta kontzientziarik gabea. Badakit, alta, eskolako jaialdi baten Noaz (11 urteko neska gazte alaia) abusatu zuen gizonak bihotza izango zuela gorputzaren barruan. Eta badakit eskolako beste festa batean Noaz beraz (ordurako 12 urteko neska urduri eta goibel bilakatua) abusatu zuenak begietara begiratuko ziola uneren baten edo bestean. Eta ziur naiz bere herriko kale-bazter baten Noa bera (14 urteko gazte apurtua) bortxatu zuten gizonek ez dutela ezer ikustekorik patuarekin.

17 urte zituen gazteak, eta zerrenda bat idatzia zuen bizitzan zehar egin nahi zituen gauzekin. Kapritxo txikiak ziren, edonoren eskura dauden huskeriak: motorraz ibili nahi zuen, mozkortu nahi zuen adiskideekin, zigarro bat erre. Bizi nahi zuen Noa hark, ordea, ez zuen bidea aurkitu.

15 urterekin, artean neska gazte eta txikitua zenak, bortxaketa salatu zuen, eta orduantxe hondoa jo zuen, eraman ezinik. Elikadura arazoez tratatzea deliberatu zuten orduan, eta sei hilabetez ingresatuta utzi zuten; ohera lotu egiten zuten tarteka-marteka, bere buruari kalte ez egiteko, antza. Etxera bidali zuten denbora hori igaro eta gero, bere «prozesua»egin zezan. Hutsegite administratibo larrien segida izan dela diote orain laguntza egokia ukatu zioten osasun erakundeek.

17 urte zituen, eta ezin zuen gehiago. Amaitu nahi zuen sufrikario horrekin. Behin bederen, bere 17 urteko bizitza laburrean, berak erabaki nahi izan zuen. Eutanasia legeak malguak izanik ere, ordea, haren kasua ez zen bideragarria, ez zuen heldulekurik, sistemak ez baitu horrelakorik aurreikusten. Ukatu egin zioten hori ere. Eta ezinbestean pentsatu dut sistemak ere patuaren antz handi-handia duela, hura ere itsua eta bihozgabea baita.

Bere buruaz beste egin du, berak erabakita. Jateari eta edateari utzi dio, eta hamar bat egunez egon da etxean, ingurukoek zainduta. Minari eusten ez dion gorputza zertarako elikatu? Minari eusten ez dion bizitza zertarako alferrik luzatu?

17 urteko nire alabak galdetu dit: «zuk zer egingo zenuke?», eta ez dakit zer erantzun. Zer egin noiz, kate luze eta ulergaitz horren zein unetan, zehazki? 11 eta 12 urterekin abusatu izan banindute? 14 urterekin bi gizonek bortxatu izan banindute? Laguntza eske joan eta erantzunik jaso izan ez banu? Bizitzan behin bada ere, behin, neure buruaren jabe izateko eskubidea ukatu egiten didatela ikustean? Galdera egokiak egiten asmatzen ez badugu, nekez lortuko ditugu erantzun zuzenak.

Gutxi axola du zer egingo nukeen nik, edo haren gurasoek edo lagunek. 17 urterekin hil da, bere buruaz beste eginda. Ni ez nau lasaitu jakiteak ez dela aplikatu legeak onetsitako eutanasia; alderantziz, legeak bihotzik ez duela ikusteak are gehiago izutu nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.