Aralarko zirkua

BERRIA.
2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Erraza ez bada ere, hitz gutxi hauen bidez, Gipuzkoako EHNEren iritzia eta gogoeta plazaratzea gustatuko litzaidake, egiatik gutxi duen zirku mediatiko bihurtu zaigun gai horren inguruan. Zaldibiakoa izanik, eta Aralarko erabiltzailea, bereziki gertutik bizitzea dagokit gertatzen ari dena. Gure historia beti lotua izan da bi subjektu horiei, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko ibiari eta Aralarri. Eta, bata bestea gabe posible izan ez denez gero, azken boladan zenbait «diskurtso» entzuteak zur eta lur utzi nau.

Pertsonen, familien, abeltzainen testigantzak entzun eta aurpegia jartzeko aukera dut, gehienak ezagutzen ditudalako; neure buruari galdetzen diot zerk bultza ote ditzakeen zenbait pertsona, hain era friboloan, oinarrizkoa den eskubide baten urraketaz hitz egitera? Lan istripuez, umeekin dituzten arazoez, eta abar. Lehenaz nahiko lotua eta gogorra den bizimodu bat arintzeko saiakeran aritzeagatik, irainak eta gezurrezko baieztapen ugari datoz bueltan. Argumenturik gabe geratzearen inpotentzia akaso? Mugimendu ekologista eta abeltzainon erakundeak eskutik izan gara gehienetan, logikoa den bezala lurraren defentsak batu izan gaituelako. Zerk bultzatu du gai horrekin gorrotoz betetako adierazpenak egitera? Oso era interesatuan zabaldu dira zenbait araudiren interpretazioak eta tesiak. Baina, finean, helburu bat izan dute: mendiko abeltzaintza espazio horientzat kaltegarria dela pentsaraztea.

Ematen duenez, ez dira nahikoa kontrako baieztapena egiten duten hamaika ikerketa, ez eta herri jakintza bera, geroz eta kaletarragoak garen gizarte honetan ahazten ari zaigun ondare kulturala, lurraren eta lurraldearen kudeaketan gizakiak izan dezakeen eragin positiboa, alegia. Ezin liteke ulertu, bestela, «natur baliabideen ustiaketa eta kontserbazioaren arteko oreka» bilatu behar dela esatea, ez baita onartu nahi abeltzaintza dela babes eremu izendatutako habitat horien sortzaile eta kontserbatzailea. Eta, abiapuntua hori izanik, bideak egingo omen lukeen kaltea gainerako onura guztia egiten jarraitzeko ordain bezala hartuko litzateke. Hala aitortzen dute Parkeko Araudiak eta ZEC delakoak, baina hori al da kontua? Araudiak herriaren zerbitzura edo herritarrak araudien esanera? Konstituziotik hasi eta Udal ordenantzetara, adibideak ugariak dira. Gizakiek idatzi dituzte, eta, noski, iritziak baldintzatzen ditu.

EHNEko kideek eta zuzendaritzak garbi dugu hartu-eman hau ezinbestekoa dela bi aldeentzat, are gehiago, Gipuzkoan dugun lur artifizializazio eta biztanleria tasa altuak ikusita. Elikadura burujabetzaren bidean jardun behar dugu herri honek aurrera bidea izango badu, eta ezinbesteko dira lan horretan mendi-larreak, bailaretako baserriek ez baitute etorkizunik izango berauek gabe. Garbi dugu, halaber, baserritarren bizi baldintzak hobetzen saiatuko garela, eta lan arriskuak gutxitzen, langile denentzat desio dugun moduan. Bide horretan bat eginarazten saiatuko gara alderdi politiko eta eragile sozial guztiak, Euskal Herriak etorkizunerako bidea izan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.