Pere Aragones izendatu dute Kataluniako Generalitateko presidente, 132.a. Harekin, Esquerra Republicana kargu instituzional gorenera itzuli da, Generalitate autonomikoko lehenbiziko lau presidenteen, hau da, Maciaren, Companysen, Irlaren eta Tarradellasen ondotik, eta, batez ere, luzaz alderdia berreraikitzen aritu eta independentismoaren barnean hegemonia lortzeko borrokatu ondotik.
Gogoan izanen duzue, Maria eta Martxelo, Kataluniako politikaren akrobaziak aipatu nizkizuela joan den astean, bai eta gobernu osaketaren auzia ere, zeina orduan hain zaila iruditzen zitzaigun denoi; bada, auzi hori ere akrobaziak eginez konpondu dute. Pere Aragones bera eta Junts-en ordezkari Jordi Sanchez lanean aritu ziren aste hondarrean, fokuen argipetik urrun: larunbatean, Soler de n'Hug izeneko masian bildu ziren; igandean, berriz, Can Magarola etxean, Alellan, eta, hasmentan zaila zirudien arren, akordioa egitea lortu zuten. Ezohiko osagai bat ere bazegoen honetan guzian: Juntseko negoziatzaileak kartzelara itzuli behar izan zuen lo egitera,negoziazioen erdian.
Akordioa politikari pragmatikoen arteko itun bat da: diskurtso ofizialetik aldentzen du aldebakartasuna, eta Puigdemont presidentea zokoratu, nahiz eta Puigdemontek berak erabaki zuen Sanchezekin negoziatzea. Bi urtez, Espainiako Gobernuarekin ituna egiten saiatuko dira, eta kito. Hori da dena, eta ez dago urrunago joateko asmorik. Alde horretatik, Esquerraren tesiak gailendu dira argi eta garbi, independentzia bertze belaunaldi baterako utzi baita. Horren ordainetan, Junts ez da gelditu botere guneetatik kanpo; are gehiago, anitz irabazi du gobernatzeko gaitasunari eta eskumenei dagokienez. Inork ez zuen espero Esquerrak hainbertze amore ematerik...
Behin hori erranda, ikusiko dugu, bertze hainbatetan bezala, kaleak zer dioen. Oraingoz, akordioak lasaitasuna eragin du, inor gutxiri iruditzen baitzitzaion ideia ona botoen %52, hau da, independentismoak eskuraturiko botoak alferrik galtzea. Bertze kontu bat da akordioa gustatzea, eta, bereziki, independentziari uko egin izana ontzat hartzea. Baina kalearen eta politikarien arteko tentsioa ez da gauza berria hemen.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Aragones
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu