Arabako Errioxa izena: gure esku dago

2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Folio beteko idazlana eskatu didate gai garrantzitsu honen inguruan. Eskatu didate hitz egiteko, labur-labur, Arabako 1.500 nekazaritza ustiapenen geroaz, Euskadiko landa eskualde baten zoriaz —zeina, gauzak ongi egin ezean, Ebron urtuko baita—, nekazaritza eta industria sektore baten etorkizunaz —zeinak, gainerako euskaldunek gutxietsia izanagatik, urtero ehunka milioi euroren gainbalioa baitakar; horri etekina ateratzen diote milaka negoziok, herrialdekoek zein herrialdeaz kanpokoek (euskal ogasunek, EBkoek). Hona hemen bost telegrama, gaian zentratzeko:

1.- Araba hegoaldeko jendeak milaka urteko kultura du mahastizaintzan, mendeetan saldu izan baitie bere uzta Euskal Herriko gainerako lurraldeei: lehenik, Nafarroako Sonsierrako ardo gisa, eta, XVIII.az geroztik, Arabako Errioxa ardo gisa; eta duela 90 urte, Ebroz bestaldeko mahastizainekin batean, proiektu komertzial komun bati ekin zioten, Errioxa markapean. Diktadura frankistaren garaian, batere nabarmendu gabe iraun zuen izen komun horrek, eta, 70eko urteen hasiera aldean indartsu suspertu zen; beraz, ez da komeni esajeratzerik beste edozein bezain iragankorra den izen berri samar horren garrantzi historikoa. Hemen, izan ere, mahastiek eta Arabako Errioxako familiek baino ez dute iraun milaka urtean.

2.- Baina 1970-2000ko aldian, Errioxa markak gero eta ospe eta balio ekonomiko handiagoa hartu zuen —batez ere, tempranillo ardo beltz botilatuak—, eta gainbalio oso garrantzitsu bihurtu zen bai mahastizainentzat eta bai ardogileentzat, batez ere Arabako Errioxako eta Errioxa Garaiko eremu mugakidekoentzat, zeintzuek osatzen baitzuten «nukleo gogorra», alegia, jatorri izenaren funtsa.

3.- Errioxa markaren balioa handitu egin zuten Arabako mahastizainek eta ardogileek, eta horrek ekarri du proiektu horretara beste hainbat jende eta herri ere biltzea, mahastizaintzan Arabako Errioxakoen bokaziorik eta historiarik ez dutenak. Hala, urtean, 400 milioitik gora ere badira jatorri izeneko ardoz bete ahal ditugun botilak —90eko urteen hasiera aldean, 100 milioi bete ahal genituen—, eta litekeena da erraldoitasun prozesu horrek hondamendira eramatea denok, onak zein kaskarrak.

4.- Gaitz horrek irtenbide bakarra du: jatorri izena segmentatzea, jatorri izen handi batzuekin egin izan duten bezala; esaterako, Bordeleko ardoarekin, zeinak hirurogei bat jatorri izen prestigiotsu biltzen baititu —bolumenez Errioxakoa halako bi izanagatik ozta-ozta—. Errioxa erraldoi horren mahastizain eta ardogile onek, bada, ezin diote eutsi karta bakarraren aldeko apustuari, oso arriskutsua da eta... Eskueran dauden karta guztien alde jokatu beharra dago; batez ere, terroir edo sorterri kontzeptuaren alde, zeinari esker kalitate hobea eta prezio handiagoan saldu ahalko baitugu. Kontzeptu hori darabilte, funtsean, Arabako Errioxan eta Sonsierrako gainerako lurretan.

5.- Arabako Errioxa marka, hain zuzen, segmentatze ildo horretako proposamen bat baino ez da, baina zilegi dira bestelako izen batzuk ere, logika ekonomikoaz eta lasai aztertuz egindakoak, lehengoan burukide jeltzaleak Guardian proposatu zuen bezala. Aukera horiek proposatuko ditugu, zuhur bezain ausart jokaturik eta erabat jakinaren gainean izanik Autonomia Estatutuak ahalbide handiak ematen dizkiola gai honetan gure lehendakari jaunari. Gure esku dago.

Baina kontuz, arren, ez baikara hitz egiten ari Errioxa izenaz bakarrik, geure-geurea izanagatik ere; aitzitik, Arabako Errioxako mahastizainen iraupenaz ari gara, Euskadiren historiaz eta ekonomiaz ari gara, eta aberria ez zait sartzen folio batean...

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.