Gari Berasaluze.
KALAPORTUTIK

'Aparkelekuak'

2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ikastolan, institutuan eta unibertsitatean. Edo eskolan, lizeoan eta lanbide heziketan. Berdin dio. Bizitza laurdena ematen dugu ikasgela artean, etorkizunerako prestatzen, bihar norbait izateko gaur zerbait ikasten, amaieran emango diguten tituluak noizbait lana, soldata, hipoteka, egonkortasuna eta zoriontasuna ekarriko digulakoan, ilunpeko ordu guztien eta azterketa maratoiaren ordainetan.

Eskolan ikasi dut logaritmoak eta erro karratuak kalkulatzen, morfologia eta sintaxi ariketak egiten, esaldiak zuhaitz konplexuetan zatitzen, Espainiako ibaien edo errege katolikoen izenak buruz esaten, hizkuntza eta literatura gorrotatzen, elementu kimikoen taula periodikoa, latinaren gramatika eta deklinabidea, eta ezertarako balio ez duten beste hamaika kontu. Bizitzaren edertasunari ihes eginda, urteak kirofanoaren iluntasunean edo autopsia gelan auskalo zer aztertzen emango banitu bezala.

Matematika ikasi dugu, baina maitematika gainditu ezinik segitzen dugu. Ikasgela barruan inork ez digu erakutsi benetan aurrera egiteko beharrezkoa dena. Elikadura osasuntsuaren garrantzia, bidegabekeriei aurre egiteko eta mundu hobea eraikitzeko beharra, oinarrizko sorospenak, ingurumenarekiko defentsa, bizitzaren zaintza, errespetua, enpatia, nola erditu, zer esan eta zer ez esan beilatoki batean, eta abar.

Eskolatik kanpo ikasi dut laztantzen, elikadura eta farmazia industrien interesei aurre egiten eta osasuntsu elikatzen, sukaldean aritzen, bizikletan ibiltzen, gidatzen, erortzean berriro jaikitzen, bufandak egiten, tea prestatzen, arropak lisatzen, ispiluan barrena begiratzen, genero ikuspegia lantzen...

Bizitzan bezala, denetik dago irakaskuntzan ere, medikuntzan, administrazioan, kazetaritzan, ostalaritzan eta beste edonon bezala. Benetan merezi duen jendea batetik, pasioa zabaltzen dakiena, ederra. Eta bestelakoa ere bai, aspaldi itzalita dagoenez, inori eta inora eguzkirik zabaltzeko gai ez dena. Antzekoa gertatzen da gurasoekin ere. Hezkuntza eskola soilik delakoan, gehienok aparkelekuak bihurtzen ditugu parkeak, hondartza, haurtzaindegia edo ikastola bezala. Haurrak aparkatzeko lekuak. Egongela ere bai askotan, telebista piztuta edo tablet bat eskura emanda.

Gero marmarrean hasten gara ezarritako hezkuntza sistemaz, oraindik ere benetako eskola etxea denik ikasi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.