Antisemitismoaren aurpegi ezberdinak

2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Tolosako (2013), Bruselako (2014) eta Parisko eta Kopenhageko (2015) izaera antisemitako atentatu jihadistek gizartearen aurrean agerian utzi dute Europan bizirik dagoela oraindik antisemitismo hiltzailea. II. Mundu Gerra eta Holokaustoa amaitu zirenetik, herri hebrearraren aurkako gorroto irrazionala intentsitate batean edo bestean bizirik egon da gure gizarteetan. Baina nolakoa da Europan dagoen antisemitismoa?

Pierre-Andre Taguieff irakasleak Judeofobia berria liburuan azpimarratzen duenez, gaur egungo antisemitismoak lortu du hiru sektore handi batzea bere bultzatzaileen artean; hirurok erabat aurkakoak dira guztian, gauza batean izan ezik: judeofobia. Ultraeskuina, islamismoa eta ezkerreko muturreko talde batzuk dira hiru sektore horiek. Aipatzekoa da ezker muturrean dauden sektore batzuk Palestinako dramaren salaketagatik edo Israelgo Gobernuari egindako erabateko zilegitasuna duten kritikengatik heldu direla posizionamendu horretara. Hala, konspirazioaren mitoekin edo antisemitismoaren libelo klasikoekin bat egitera heldu dira. Horixe bera salatu zuen Ignacio RamonetekEl País egunkarian argitaratutako artikulu batean (2007).

Europako Batasunean dagoen judeofobia mailari buruzko datu beldurgarriak atera ziren 2014. urtean Europako Giza Eskubideen Agentziak egindako inkesta batean. Besteak beste, Europako lau judutik batek jarrera antisemitak pairatu zituela ondorioztatu zuen lan horrek. Dena dela, esan beharra dago sare sozialetan, komunikabideetan edo kaleko pintadetan gorrotoa bultzatzeko mezuak izan zirela gehienbat pairatu behar izan zituzten jarrera erasokor horiek. Baina egia da, era berean, eraso jihadistez gainera bestelako izaera izan duten atentatuak ere izan direla. Horietako bat da 2006. urtean Ilan Halimi gazteak Parisen jasandakoa. Judua zelako bahitu zuten, aberatsa zela uste zutelako eta, horrenbestez, erreskatea ordainduko zutela pentsatu zutelako. Ez zen aberatsa, eta hil egin zuten. Zergatik uste da judu guztiak aberatsak eta boteretsuak direla?

Mito antisemita klasikoetako bat da hori: juduek izate homogeneoa osatzen dute, modu koordinatuan aritzen dena mundu mailan, eta boteretsua eta eragin handikoa da. Errusian progromoak justifikatzeko polizia zaristak egindako Siongo jakintsuen protokoloak liburuan (1902) jaso zen mito konspiratzaile hori. Gerora, nazien Alemaniak bere egin, errepikatu eta hedatu zuen, eta gaur egunera ere iritsi da.

Bestalde, eta izaera jihadistako antisemitismoari eta azken atentatuei dagokionez, azaldu ezin dena azaltzen ahalegindu dira batzuk, atentatuok Ekialde Hurbileko gatazkaren testuinguruan kokatu baitituzte. Baina ez dugu ahaztu behar jihadistek fanatismo erlijiosoan oinarritzen dutela bere gorrotoa, eta ez arrazoizkoa izan daitekeen ezertan. Ekialde Hurbilean,Afrikan edo Europan juduak hiltzen dituzte, baina kurduak, asiriarrak, yezadiak eta koptoak ere bai; eta batez ere, beste musulman batzuk hiltzen dituzte.

Amaitzeko, egia da Europako juduak ez direla seguru sentitzen eta horietako askok ez dutela baztertzen Israelera joatea, Aliyaa. Claude Lanzmannek orain gutxi Le Monde egunkarian argitaratu zuenez, «judu gabeko Frantzia ez litzateke Frantzia izango»; eta judu gabeko Europa ez litzateke Europa izango. Aukera horrek jokaleku iluna marrazten digu, Hitlerren hil ondorengo garaipena eta Juden raus (juduak kanpora) leloa egia bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.