Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Andorra

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da hauteskunde metatuen zikloa, Andorrako parlamentarioekin hasi ere, lehenbiziko estatu katalan independente horretakoekin. Antza, joko estua izango dute hauteskundeetan, nahiz eta badirudien hauteskunde sistemak Democrates alderdiaren alde egingo duela, orain arte gobernuan egon den talde zentro-eskuinekoaren alde.

Andorrak hauteskunde sistema bat du parlamenturako: Kontseilu Nagusia, zeinak honela banatzen baititu aulkiak: erdiak zerrenda nazional baten arabera, eta beste erdiak, zerrenda lokalen arabera. Boto emaileek bi botopaper sartzen dituzte hautetsontzian, botopaper nazionala eta botopaper lokala; hauteskundeetara, berriz, eremu nazionaleko zein lokaleko alderdiak aurkez daitezke, eta, eskuarki, eragin handikoak izan ohi dira, eta erabakitzaileak askotan.

Andorra herrialde oso kontserbadorea da, baina hauteskundeon abagunean, lehenbizikoz, mobilizazioak gertatu dira zenbait gairen inguruan: esaterako, lan egoera, sindikatuen egoera eta abortua. Abortua gai tabua da, printzeetako bat Urgellgo apezpikua izaki. Halaber, beste eztabaida bat ere badago: Europako Batasunari atxikiko zaizkion edo ez; indar nagusiek antzeko jarrera dute, hots, onartzea herrialdearen etorkizuna integrazio moduren batean dagoela ezinbestean, baina aldi berean baztertzea estatu kide gisa atxikiko direlako hipotesia. Andorra hitzarmen berezi bat negoziatzen ari da, baina zeharo galgatua dute brexit-a irentsi ahal izateko eragozpenek.

Kataluniaren independentziaren gaiari buruz, berriz, Andorrako politikariek tentu handiz jokatzen dute, jakitun baitaude Espainiaren jopuntuan daudela. Beste printzea Frantziako Errepublikako presidentea izateak berak ere korapilatu egiten du jarrera argi bat agertzea auziaren inguruan; auzia, nolanahi ere, presente egon da kanpainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.