Javier Clemente euskal selekzioaren hautatzaile izendatu berriak esana da futbol elkargoari proposatuko diola Ameriketara joandako euskal sendien ondorengoak euskal nazio taldean zelairatu ahal izatea. Clementeren hitzetan, euskal herritarrak dira, eta euskal futbolaren parte. Inondik ere, kirol prestatzailearen arrazoibidearen oihartzuna futbolaz gaindikoa da, eta zuzenean eragiten dio euskal izaeraren definizioari. Zehatz esanda euskal komunitatearen gainean ebazteke dauden auziei gaineratzen zaie. Itxi gabeko nazio izendapen ezbaitik hasi, euskal lurraldetasunaren ikuspegi ezberdinetatik igaro eta oro har euskal adiera politikoaren batasunik ezaren erakustoki izan da berriki euskal selekzioa. Horrela, badira Clementeren izendapenari begi txarrez erreparatu diotenak ere, euskal hautatzailea euskal herritarra bai baina euskalduna ez izateagatik.
Futbol selekzio nazionalak sortzetik hartu izan dira ordezkatzen duten herrialdearen haragitzeak bailiran. Eric Hobsbawm historialariaren arrazoibideari jarraikiz, 11 jokalarik osatutako taldea gailu oparoena zatekeen milioika pertsonaren komunitate imajinatua islatzeko, hots, benetakotzeko. Gainera, komunitate eredua sorterrian eta atzerrian islatzeko eragingarriak izan dira futbol selekzio nazionalak. Horren adibide nagusiak dira Frantziako eta Alemaniako taldeek historian barna haragitu izan dituzten nazio izaera eta nazio partaidetza eredu kontrajarriak. Hala, Frantziak ius solis —lur eskubidea— izeneko irizpidea ezarri izan du nazio partaidetza onartzeko. Alegia, Frantziako mugen baitan jaiotako edonor zuzenean izango zen frantziar nazioaren kide. Hartara, futbol taldeak aro goiztiarretik kolonia menderakuntzatik eratorritako etorkinen ondorengoak zelairatu zituen. Bestalde, Alemania ius sanguinis—odol eskubidea— deritzon ereduaren adierazle izan da. Esan nahi baita, nazioaren kidetza familia oinordetzaz erdietsiko zela, odolez, ez jaioterriz. Horrela, Alemaniako futbol selekzioa 1990eko hamarkada erdi arte nazio adiera zurrunaren erakusgarri sinbolikoa izan zen. Globalizazioaren hazkundeak gizartean nahiz futbolean ikuspegi hori arindu zuen azkenerako, eta etorkinen sendien ondorengoak futbol selekzioaren, eta bidenabar, nazioaren kidetzat onesten lagundu.
Bada, futbol selekzioak, batetik, estatuetan oinarritutako nazio identitateen aingura sinbolikoak bihurtu dira globalizazioaren hazkundearen garaian. Bestetik, nazio aniztasunerako ezinbesteko bilakaeraren ispilu dira. Hori hala, nazioarteko lehiaketetan jokatzeak ematen duen ospe eta zilegitasunik gabe ere, euskal selekzioa atzeratu ezinezko nazio gogoetaren eztabaida gune izango da. Horretan txertatzen da euskal diasporaren gaia ere, nahiz eta euskal identitate eta lurraldetasunaren hausnarketan bigarren mailakoa izan.
Ezin aipatzeke utzi Ameriketan jaiotako euskal herritarren ondorengoei zuzentzen zaien Clementeren ekimenak izan dezakeela Mendebaldeko menderakuntzaren zantzurik ere. Futbolaren globalizazioak Europako loriari begira jarri izan ditu mundu osoko kirolariak, eta hori ere azalaraziko da eremu honetan. Zernahi dela ere, argi dagoena da euskal selekzioa euskal identitate eta komunitatearen ikuspegi garaikidearen jokalekua izango dela aurrerantzean.
Amerikako diaspora eta euskal selekzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu