Amatasuna ederra da, zalantzarik gabe! Baina zelan bateratuko ditugu orain arte egiten genituen gauza guztiak? Lehentasunak aldatzen dira ama-aita garen momentutik.
Eta amatasunagatiko baimena amaitu eta lanera bueltatzeko momentua heltzean, erabaki gogorrak hartu behar ditugu: umeak norbaiten zaintzapean etxean utzi edo «eskolaratu», lanordu murrizpenak edo eszedentzia eskatu edo ez, bikoteko nork hartu... Baina, egia esan, inoiz ez zitzaidan burutik pasatu nire seme bikiak nirekin lanera eramatea nirekin.
Erraztasun gehiago egon beharko lirateke gure seme-alabekin denbora gehiago pasatu ahal izateko, adibidez, ordutegiak malguagoak. Baina hori guztia aldarrikatzeko nire semeak lanera eramateko prest nago? Ni neu ez! Kontziliazio neurrien aldeko lan guztia ongi etorria izan bedi, baina inolaz ere ez genuke ahalegin hori guztia zirku bihurtu beharko.
Guztioi datozkigu burura Kongresuan besorik beso ibili zen ume txikiaren irudiak, nahi izanez gero Kongresuak umeen zaintza zerbitzua duela jakinda. Zer irudituko litzaieke talde horretako ordezkariei mediku batek (andre zein gizonezko) ebakuntza bat egiten dien bitartean bere seme edo alaba lanera eraman izana? Edota andereño edo maisu baten umea ikasgelan jolasean aritzea? Zer gertatuko litzateke kalean oinez dabilen polizia batek lanorduetan bere guraso ezindua berarekin paseoan eramango balu?
Kontziliazioak ez du esan nahi gauza biak batera egin behar ditugunik, baizik eta biak ondo eta neurriz egiteko aukera osoa eta erraztasunak izatea eta, horien arabera, norberak erabakitzea zein den egokiena bere egoera pertsonal eta familiarrarentzat, bai ordutegi aldetik (malgutasuna, ordutegi arrazoizkoagoak...), bai zerbitzuen aldetik (haur eskolak, eguneko zentroak...).
Politikarioi arrazoizkoagoak diren ordutegiei buruz hitz egiten entzutea kontraesana dela pentsa dezakegu. Malgutasun osoa dugu, onerako eta txarrerako: agian umeek eskolako inauterietan egiten duten goizeko dantzaldia ikus dezakegu baina, gero, larunbatean edota igandean ekitaldi politikoren bat daukagu, eta ezin gara beraiekin nahi beste egon; era berean, eskolara eraman ditzakegu edo handik bueltan beraiekin egoteko tarte bat izan dezakegu, baina gero berandu amaituko den batzarren bat izango dugu. Eguneroko bizitza.
Amatasuna handia da, bizitzako gauzarik handienetarikoa. Ama izateak ondorio garrantzitsuak eta ezezagunak dakartza gure eguneroko bizitzara, ama izatea erabaki dugunok pozez hartzen ditugun ondorioak. Norberak bere bidea topatu eta egin behar du guraso izateak bere bizitzan esan nahi duena ondo enkajatzeko. Erabaki pertsonala da. Norberaren esparrua, familia eta lana kontziliatu behar dira, baina bakoitzak gune, arlo eta une desberdinak ditu, eta horiek errespetatu beharrekoak dira.
Amatasuna zirko bihurtzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu