«Ama izan eta titia emanik, nola izan zaitezke feminista?»; «Amagandiko edoskitzearekin elkarren arteko dependentzia areagotuko duzue, eta, gerora, ezin izango da bertze inorekin gelditu»; «Txupete moduan erabiltzen du zure titia»; «Titi ttiki horietatik nekez izango duzu esnea haurtxoa elikatzeko»; «Negarrez gelditu da, zure esneak ez baitu asetzen»; «Gure garaian hiru hilabete betetzean uzten genuen edoskitzea, noiz arte luzatuko duzu?»...
Amatasunak zerbait erakutsi badit, hori izan da inguruan ama direnen, edo izango direnen, erabakiak epaitu gabe errespetatzea. Sistema patriarkalak historikoki emakumeon artean elikatu duen konfrontazioaren aurka, sororitatea. Heteropatriarkatuari esker, amatasuna eztabaidagai izan da sarri feminismoan eta, horregatik,sekula baino gehiago, funtsezkoa da mugimendu feministak, behingoz, ama izateagatik hainbertze emakumek isiltasunean sufritzen dituzten bidegabekerien kontrako lekukoa hartzea.
Zorionez, gauzak aldatzen ari dira, eta, bukatu berri den Edoskitzearen Mundu Mailako Astearen harira, sare sozialak amatasun askeen aldarriz josi dira azken egun hauetan. Bai, gaur duela astebete baino ahaldunduago gaude eta hori albiste bikaina da. Izan ere, titia ematearen aldeko apustuaz haratago iritsi da milaka emakumeren eskakizuna: amagandiko edoskitzea ahalbidetu eta babesteko politiken beharra bezain garrantzitsua da, informazioarekin eta askatasunez, edoskitze artifiziala aukeratzen duten amak errespetatzea. Edoskitzerik hoberena baita emakume bakoitzak, askatasunez eta inposiziorik gabe, aukeratzen duena.
MELE
Amatasun askeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu